prestaldizkaria

Pili Alvarez Moles: “Gaztetxeak espazio libreak dira, baina oso markatuta daude, ez dago aniztasunik”

In Uncategorized on otsaila 28, 2013 at 9:00 am

pili1

Soziologoak bukatu berri du ‘Gaztetxeak eta Generoa’ ikerketa. Emakunderen beka bati esker burutu du lana. Gaztetxeetako kultura eta harreman motak aztertu ditu Euskal Herrian zehar.

‘Generoa eta Gaztetxeak’ deituriko ikerketa egin duzu, zein izan da ikerketa egiteko abiapuntua?

Duela urte batzuk hasi nintzen Deustuko Gazte Asanbladan parte hartzen. Bertan nengoenean oztopo eta arazoak ikusten nituen. Orduan ez nintzen ausartu hausnarketa horiek planteatzera. Feminismoa eta Generoa masterra egin nuen, masterreko bukaera-proiektua Genero harremanak Bilboko gaztetxeetan izan zen. Gazte Asanblada batean nengoenez eta Feminismo ikasketak eginez, pentsatu nuen zergatik ez ikertu niri gertatzen zitzaidana gaztetxe barruan. Beste leku batzutan berdin gerta zitekeelako. Masterra bukatuta, lanarekin jarraitzeko gogoz geratu nintzen.Ikerketak egiteko bekak bilatzen, azkenean Emakunden aurkeztu nuen proiektua eta eman zidaten. Ikerketa zabaldu eta  gaztetxeetan ematen diren kultura motak  aztertu ditut, eremua Euskal Herrira zabalduz. Beka aitzakia izan da ikerketa egiteko eta ondoren praktikan jartzeko.

Ideia Deustuko Gazte Asanbladan ikusitako eta sentitutako oztopoen ondorioz etorri zen. Zeintzuk dira horiek?

Askotan ikusten duzu zure hitzak ez duela bestearen hitzaren beste balio. Asanblea ez da guztiz horizontala. Pertsona zehatz batzuen gain delegatzen da. Eszenatoki gainean beti mutilak daude eta ez da eztabaidatzen zergatik ez dauden neskak. Nola planteatzen den jai bat. Detaile txiki asko dira. Denbora pasatu ahala konturatu naiz. 

Ikerketa nola egin duzu?

Behin beka jasota, nire lana zehaztu behar izan nuen, eta lehenik gaztetxeen zerrenda egin nuen; kontaktuak bilatu, batzuk desalojatuta zeuden, guztien errealitatea ez nuen ezagutzen, beraz denbora asko eskatu dit lan honek. Behin zerrenda osatuta, gutuna helarazi nien, nire asmoekin. Parte hartzea norbanakoa eta kolektiboa izan da. Lehenengo kontatuak luze iraun zuen, izan ere aurreiritzi asko egon zitezkeen, ez ninduten ezagutzen eta Emakunderen beka batekin joan nitzaien. Azkenean prozesu osoan 16 gaztetxek, 26 neska eta 11 mutilek parte hartu dute. Behin kontaktua eginda, erraz joan da lana. Jendearen erantzuna oso positiboa izan da.

Nola dinamizatu duzu dena?

Teknika ezberdinak erabili ditugu, behaketak, eztabaida taldeak eta elkarrizketak. Lehenik eztabaida taldeak, bat mutilekin eta bestea neskekin leku ezberdinetakoak nahastuz. Galdetegi irekia zen; esaterako, nola antolatzen duzue gaztetxea? Nola hartzen dira erabakiak? Zein aktibitate mota antolatzen dituzue? Zein ekintzei ematen diezue garrantzia? Genero harremanen inguruan lan egin duzue? Nola? Eraso sexistak egon direnean nola kudeatu dituzue? Eztabaida taldeetan kexka berdinekin zegoen jendea topatu dut. Eztabaida taldeez gain, elkarrizketa mordoa ere egin genituen. Plentzia eta Ordiziako urteurrenetan behaketak egin genituen. Sistema patrialkal batean bizi garenez leku guztietan gertatzen da berdina. Horrek indarra eman zion ikerketari.

Ikerketan gaztetxeen ekintzak ere behatu dituzue. Zeintzuk dira ateratako ondorioak?

Hilebate batez sei gaztetxeren ekintzak aztertu ditugu. Kontzertuak eta asanbladak dira gehien egiten diren ekintzak. Datu deigarria izan da, eztabaida taldeetan garrantzia urteurrenei eta kontzertui ematen zaie, eta azkenean hilabete batean gehien egiten dena asanbladak dira. Gaztetxeetan jende mordoa biltzen da, kolektibo ezberdinetakoak, espazio libre bat delako inongo burokraziarik gabe, herrikoia da, eta herriko talde askok erabiltzen duen ezpazioa da. Baina horri ez zaio garrantzia ematen. Agian barra, eszenatokia eta soinu ekipo on bat izateari lehentasuna ematen zaio, eta bilera egiteko lekua ez da aproposa. Kanpoko ekintzek balio handia dute eta barruko ekintzei buruz hitz egin eta eztabaidatzeari ez zaio horrenbeste garrantzia ematen.

Zailtasun asko izan dituzu?

Lehenengotan beldurra izan nuen, ikerketa handia zen, horregatik ez dut bakarrik egin, laguntza izateko. Hamar hilabeteko lana izan da. Konfiantza lortzea kostatu zait. Ondoren dena ondo joan da.

Zein izan da ikerketaren azken helburua?

Gaztetxeen bizitzaren inguruko errepasoa egitea. Esaterako, ekintza kulturaletan ez zaio garrantzia ematen etortzen denari. Ohikoena kontzertuetan mutilez osatutako taldeak etortzea izaten da. Heziketagatik mutilak izaten dira instrumentu publiko bat jotzen dutenak. Gaztetxe batean ematen den musika mutilek egina izaten da, hori eztabaidatzeko puntu bat izan daiteke. Gizarte honek inposatutako rolekin jarraitu nahi dugu. Hau adibide txikia da, arazoa zalantzan ez jartzea da; aipagarriak  dira jaso ditugun erantzunak: ‘Guri berdin zaigu neskak edo mutilak izatea, musikari onak izatea nahi dugu’. Erantzunean argi ikusten da ez dela ezta hausnarketa ematen. Zenbat musika talde ikusi ditugu gaztetxean super txarrak. Zergatik jartzen da zalantzan pertsonaren balioa neskak ez daudela esatean?

Espazio libreak dira gaztetxeak, musikaz gain, badute sormenerako lekua?

Gaztetxeen arabera, leku batzutan beste ekintza batzuei garrantzia gehiago ematen zaie. Nire ustez aniztasun gehigo egon beharko litzateke. Zuk egin nahi duzuna egin daiteke gaztetxean espazio libreak direlako, bai kolektiboki edo pertsonalki, baina oso markatuta daude, ez dago aniztasunik.

Beraz, gaztetxeak aldi berean espazio askeak eta itxiak dira?

Teoria eta praktika ez datoz bat. Beraz  gaztetxeek antolamendu horizontala dute, antitaurinoak, antisexistak… dira baina gero eguneroko funtzionamenduan heziketak inposatutako hainbat rol errepikatzen dira. Teorian aldatu beharko liratekeenak.

Gauzak aldatuz joango direla uste duzu?

Ikerketa planteatzeagatik bakarrik pozik nago. Parte hartu duten neskek komentatu didate ikerketaren ondoren gai hauen inguruan hitz egiteko aukera zabaldu dela. Gaztetxeetan edo asanbladetan gai hauek ateratzea oso zaila da. Gehienetan arazoa ez delako identifikatzen, beraz  horren inguruan berba egitea ez da lehentasuna. Badakit leku batzuetan debatea piztu dela.

Gaztetxeetan kultura feninista ez dago normalizatuta?

Oztopo piloa dago gaztetxe batean parte hartzeko, nahiz eta horrela ez duen izan behar. Gizarte honetan gaudelako, baina oztopoak daude. Guztiok daukagu heziketa bat, eta ez baduzu lantzen zure heziketa, ez baduzu horrekin apurtzen, rol sexistak eta diskriminazioa errepikatuko dituzu. Gaztetxe batean talde feministak parte hartzen badu egoera desberdinean biziko dira edota, behintzat, gauzak zalantzan jarriko dituzte.

Indarkeria matxista mota askotakoa izan daiteke, gaztetxeetan identifikatzen dituzte indarkeria motak?

Denetiko kasuak topatu ditugu ikerketan. Esaterako, neska batek kontatu zuen asanbalda batean kuestionatu zuela bere iritzia ez zela onartzen mutilena bezain beste sexismo arazoa zegoela esan eta asanbalada bere gainera joan zen, neskak barne. Joera matxistak denok ditugu. Baina ni neu ere askotan ez naiz ausartzen gai hauek azalaratzen eta kasu horietan emakumea indartsu egon behar da. Kontzientzia falta ikaragarria dago. Ez dugu gure burua kuestionatzen, eta kustionatzen dituzunean horrelako jarrerak ez zaude eroso mugimendu horietan. Askok uste dute berdintasuna dagoela eta espazio libre horretan guztiok berdinak garela, hori ez da horrela.

Ikerketaren ostean badakizu Deustuko Gazte Asanbladan gai hauek landu diren?

Ni orain ez nago Gazte Asanbladan, baina badakit ikerketa hartu dutela, zatika irakurri eta eztabaidatuko dutela. Behintzat hitz egingo da. Aldaketak luzera etorriko dira, nahiz eta oso zaila den.

Ikerketa irakurtzeko aukerarik badago?

Bai, Internetan dago http://topatu.info/genero-eta-kultura-harremanak-gaztetxeetan-ikerketa helbidean.

Zein izango da hurrengo lan ildoa?

Bigarren fasearekin hasi gara orain. Bigarren fasean, ikerketa abiapuntu hartuta, praktikara eraman nahi dugu. Fase hau ez dut bakarrik egin nahi, aberatsagoa da jende gehiagorekin batera eramatea. Talde motor bat osatu dugu, printzipioz informazioa biltzen dihardugu genero harremanen inguruko materiala jasotzeko. Eta aurrera begira zerbait proposatuko dugu. Unitate didaktiko bat, tailer ezberdinekin. Jakin-mina piztu, formakuntza eman, gaika landu… eta dena egin ostean, nola ez, jaialdi batekin bukatuko dugu. Apirilaren 13an Oñatiko  gaztetxean hitzordua egin dugu eta nahi duena etor daiteke. Ikerketa lan akademikoa izan da eta orain, bigarren fasean, interesgarria litzateke gure harremanetan praktikan jartzea eta eragitea.

Testua: Ane Zabala

Argazkiak: Iñigo Azkona

  1. Ikerketa oso interesgarria eta beharrezkoa. Milesker, Pili. Topatu.info-ra joan naiz irakurtzera eta gaztelania hutsean dagoela ikusi eta bihotzak krak egin dit 😦 Honek ere zer hausnatu eragiten du.

Utzi iruzkina