prestaldizkaria

Jakingarri gehiago Deustuko marea erroten gainean

In Prest! on Otsaila 25, 2014 at 10:01 am

Argazki nagusia_ Argazkioina- Ibaizabal ibaia Barakaldo eta Elorrieta artean. Ezkerreko etxea Barakaldoko Errotabarri marea-errota da

Deustuan errota bi izan ziren Lege Zaharrean eta biak marea errotak izan ziren. Gaurkoan jakingarri gutxi batzuk emango ditugu garapen sustagarriaren eredu ziren makina haien gainean.

Bihoaz lerro hauek orain dela gutxi hil den Antxon Aguirre Sorondoren omenez. Donostiar etnografo horrek hamaika lan bikain argitaratu zituen euskal kultura eta industria tradizionalaren gainean. Berebiziko jakin-mina erakutsi zuen errotekiko eta haiek ikertzeko eta jagoteko elkarte baten presidente ere izan zen hil zen arte. Errota zaharren mundua arakatzerakoan, zelan ez, marea-errotak aztertu zituen. Nora aldizkariko 41. zenbakian (nora-aldizkaria.info) argitaratu zuen artikuluan Euskal Herriko marea-errotak eduki zituen hizpide. Baionatik Muskizera, idatzi zuen, “nire ikerketek 34 marea-errotaren arrastoak azaleratu dituzte. Zazpi Lapurdin, hamabost Gipuzkoan eta hamabi Bizkaian. Horietatik bakarra dago gaur egun osorik, Arteagako Portu-errota, Urdaibaiko bihotzean.

Antxon Aguirreren zenbaketan Ibaizabaleko itsasadarrean marea-errota bi ageri dira: Udondoko Txakurzulo (Leioan, Dow Unquinesa lantegian) eta Kareagako San Juan (Barakaldon, Retuerto eta Ugarte artean). Gure asmoa da zerrenda hori apur bat gehiago osatzea. Izan ere, bi hori eta gehiago izan ziren.

Deustukoak

Deustuak eduki zituen errota biak marea-errotak izan ziren. Haien berri eman genuen PREST!en 32. zenbakian. Gaur apur bat gehiago zehaztuko dugu. Orain gutxi arte Bilbao Goioaga toldo lantegia egondako orubeen inguruan egon zen lehenengoa, Olabeagako marea-errota alegia. Aurkitu dugun aipamen zaharrena 1553 urtekoa da. Orduan Andres Lopez Arbietokoa zen ugazaba. Arbietotar haiek Deustuko elizaren aurrean zegoen Doneperiaga dorretxeko askazia ziren. Errotari, ostera, emakume bat zegoen, Mariotsoa Saimentes.

Aldian-aldian errotak matxura larriak eduki zituen, tarte luzerako geldirik lagatzeko modukoak. Horrela egon zen, geldirik, 1585 eta 1588 bitartean, gutxienez. XVII. mendean, ostera, jardun jarraituagoa eduki bide zuen, harik eta 1690ko hamarkadaren amaieran bere lana moteldu edo desagertu zen arte. Izan ere, 1694an errotariak ugazabari ordaintzen zion errenta 1669koa baina ia lau bider txikiagoa zen.

Argazki oina- Kareagako marea-errota (Barakaldo). Argazkia- ezagutubarakaldo.net

Ondorioa garbia da. Hura ez zen errota edo, izatekotan, oso jarduera apala zeukan. XVIII. mendearen lehenengo herenean errota zaharra eraitsi zuen Doneperiagako dorretxeko jaunak. 1735ean Bilboko alkateak Deustura bisita egin zuenean galdetu zuen “por quién se havía demolido dicho molino de marea”, eta erantzun zioten Jose Francisco Landak agindu zuela eta haren lekuan etxe berria eraikitzen ari zela.

Bigarren marea-errota Larraurin zegoen, alegia, gaur egun Deustuko kanala eta Luis Astigarraga kalearen hasieraren arteko eremuan. 1563an bazen, eta hiru errotarri ei zeuzkan, Olabeagakoak baino bat gehiago. Hala ere, matxura franko eduki zituen eta sarritan egon zen geldirik. Besteak beste, 1619, 1622, 1624 eta 1640 urteetan. Ordurako galdurik zetzan eta ez ei zuten atzera konpondu.

Barakaldon eta Asuan

Deustukoez gain, Barakaldon ere izan ziren. Kareagako San Juan aipatu zuen Antxon Aguirrek, baina Zubileta auzoan, Kadaguako ertzean bi gehiago izan ziren XVII. mendearen amaieran. Eta aurrerago, Elorrieta parean, Lutxanako dorreen ondoan, laugarrena, Errotabarri. Uraz bestaldean, Deustuko mugatik hur-hurrean, Asuako ihitzetan, beste bat egon ei zen. Horrela, Antxon Aguirreren zerrendari sei ale gehiago batu behar zaizkio eta Euskal Herrian dokumentatutakoak gutxienez 40 direla esan genezake. Eta gehiago izan zen, duda barik.

 

Testua: Hektor Ortega

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: