prestaldizkaria

Puchtarrak, Deustuko katalanak munduan barrena

In Prest! on Urtarrila 30, 2014 at 9:23 am

p dionisiopuch

Jeronimo Puig kapitain katalana Deustura ezkondu zen, Maria Iruletarekin. Gutxienez bederatzi seme-alabaz erditu zen Maria. Aita gurera ailega zen bezala, haiek ere munduan barrena barreiatu ziren. Globalizazioa, XVIII. mendeko eran.

Jeronimo Puig itsasgizon katalana 1743an ezkondu zen Maria Iruleta Bidea deustuarrarekin. Kapitaina zen eta hurrengo urteetan Deustutik Londres edo Le Havre bezalako portuetara joaten ziren ontzietako buru ibili zen. Haiek merkantzia-ontziak ziren, baina bazekien gerra egiten ere. 1762an, Ingalaterra eta Espainiaren arteko gerran, Gran Carlos fragata kortsarioan kapitain aritu zen. Zorrotzako ontziolan egindako barku bikain hark 32 kanoi eta 252 gizoneko eskifaia zeukan. Hilabetean “hizo siete presas y acreditó su capacidad e inteligencia en las vellas maniobras que hizo para libertarse de ser apresado por la fragata nombrada la Venus del Rey Britanico que le dió caza en muchas horas”.

Puig abizena Puch bihurtu zen Bizkaian: “en lengua catalana el apellido de dicho don Gerónimo se escribe Pug, pero en castellano quiere decir Puch y así se le ha tenido y tiene en este noble Señorío”. Eta Puch izan ziren haren ondorengoak ere.

p CarmenPuch

Hurrengo belaunaldia

Maria Iruleta eta gizon Jeronimoren etxea Olabeagan zegoen, gaur Deustuko Erribera esaten diogun auzoan alegia. Normala, hura baitzen portua. Bertatik heldu zen Jeronimo eta, beharbada, bertatik abiatu ziren haien seme-alabetako batzuk. Dinamikoena, antza denez, Juan Jose izan zen. Lehenengo kapitain izan zen, aita bezala, baina Amerikarako joan-etorrietan. Gero, langintza hartan hartu zuen eskarmentua aprobetxatuta, merkatari aritu zen, hasieran Buenos Airesen (1778-80) eta gero Cadizen. 1786an Andaluziako hiri horretan bizi zen eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea zen. Ilustrazioaren semea, beraz. Bertatik harreman estuak garatu zituen Buenos Aires, Montevideo, Habana, Veracruz eta Bartzelonarekin, besteak beste.

Merkataritzan, askotan, senideak izan zituen lagun eta bazkide. Koinatuak Bartzelonan  (arreba Manuela Jose Carbó merkatari katalanarekin ezkondu zen) eta Veracruzen zeuden, eta anaia Manuel Buenos Airesen. Cadizen bertan, Francisco Lemonauria koinatua bizi zen, 1782n arreba Antoniarekin Deustuan ezkondu zena. 1796tik aurrera Lemonauriak ondasunak erosi zituen andrearen herrian eta harrez gero Deustuan bizi izan zen familia hori. Bertan jaio ziren seme-alabak, tartean Pedro Lemonauria Puch, 1846an Deustuaren gaineko artikulu ederra argitaratu zuena.

Seme-alaben aberria

Atzera egingo dugu, berriz ere, Juan Jose Puch Iruletarengana. Esan dugu anaia Manuel Buenos Airesen zegoela, baina bazeukan beste anaia bat Río de la Platako erregeorderrian: Domingo Puch Saltan jarri zen bizitzen eta inguru hartan lurjabe handia bilakatu zen. Gaur egun alderdi hori Argentinako iparraldea da, Bolivia eta Txileko mugetatik hur.

Domingo Puchen testamentuan irakurtzen denez, lursail askoren jabe zen, besteak beste Los Sauces, Arenal eta El Tala etxaldeak eta ‘chacarita’ –baserri- pare bat. Eta sei pertsonen jabe ere bazen. Aurreko zenbakiko atalean gogoratu genuenez, esklabotza oso zabalduta egon da munduan eta deustuarrak txanponaren alde biak probatuta daude. Domingo Puchek askatasuna aitortu zien bere esklaboetako biri eta beste lauak oinordekoen esku laga zituen hogei urterako.

Ameriketako koloniak Espainiaren uztarriaren aurka altxatu zirenean, Domingo Puch matxinatuen alde lerrokatu zen. Esaldi zoragarria bota ei zuen: Nire aberria gure seme-alaben aberria da. Baliteke horrela sentitzea, baina ez da dudarik Saltako lurjabe –hacendado– gehienek matxinatuen alde jokatu zutela. Klase interesak tartean ziren, jakina.

Domingo Puchen ondorengoak ezpal batekoak ziren. Independentziaren alde borrokatu ziren Dionisio eta Manuel semeak. Alaba Carmen, hamazortzi urteko neskatila zela, Martin Miguel Guemesekin ezkondu zen, Saltako indar independentisten buruarekin alegia. Hura heroia da gaur egun Argentinan, Guerra Gaucha kanpaina zuzendu zuelako. Carmen Puchek ihesaldi arriskutsua egin behar izan zuen, haurdun zegoela, espainolek Salta hartu zutenean (1820). Gizona 1821ean hil zioten, tirokaturik. Zortzi hilabete geroago Carmen bera zendu zen, gaixotasunez eta maiteminez.

Testua: Hektor Ortega

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: