prestaldizkaria

Olatz Muruaga, Mexikotik: “Herrialdea bera izugarri gustatzen zait, oso handia denez asko dago ikusteko”

In Prest! on Urtarrila 30, 2014 at 9:13 am

gureak kanpoan la foto

Gureak Kanpoan: Deustuko Olatz Muruagak Mexikotik eman digu bertako bizimoduaren berri.

Jatorria: Deustu

Bizitokia: Mexiko hiria, Mexiko

Noiztik: 2013ko urritik

Lanbidea: Nazioarteko trukeetan bitartekaria

Zer dela eta joan zinen Mexikora?

Eusko Jaurlaritzatik beka bat eskaini zidaten Mexikon 6 hilabeteetan lan egiteko, munduko alde honetara etortzeko irrikitan nengoen eta aukera paregabea iruditu zitzaidan.

Zenbat denbora daramazu bertan?

Hiru hilabete daramatzat hemen.

Non bizi zara?

Barruti Federalean bizi naiz, hiriburuan. Barruti Federala izugarri handia da, hirian soilik, ia bederatzi milioi biztanle bizi dira. Lehenengo momentuan, hegazkinetik ikusi nuenean ezin nuen sinistu hain handia izatea.

Zein lan egiten duzu? 

Logistika enpresa batean lan egiten dut, munduko edozein lekutatik Mexikora produktuak inportatzen ditugu. Hemen, logistika sareak askoz konplexuagoak dira, dena eroskeria eta laguntasunek mugitzen dutelako. Ez dago formaltasun handirik eta edozein negozio egitea iruditu daitekeena baino zailagoa da. Pazientzia handia behar da eta horregatik hasieran estresatu egiten nintzen, edozer gauza egiteak denbora bikoitza daramalako. Lasaitu egiten ez bazara eta haien bizi estiloa jarraitzen ez baduzu oso urduri bukatzen duzu.

Zelan egokitu zara?

Oso ondo egokitu naiz, hasieran beldur askorekin etorri nintzen, gauza asko kontatzen direlako Mexikoko arriskuei buruz, eta noski, badaude zonalde oso arriskutsuak, baina ez da ohikoena. Hirian, plan asko egiteko aukera dago, eguraldia oso ona da eta hemen bizitza merkeagoa da.

Zelan hartu zaituzte mexikarrek?

Oso irekiak dira eta ia ezagutu gabe, berehala haien taldeetan sartzen zaituzte edota senideen ezkontzetara gonbidatzen zaituzte. Hasieran hurbiltasun horrek atzera botatzen ninduen, gu nahiko hotzagoak garelako, baina eskertzekoa da.

Zelakoa da Mexikoko egoera/bizimodua?

Mexikarrak haien artean oso arrazistak dira, soilik atzerritarra izateagatik hobeto tratatzen zaituzte edo lanpostu hobeak eskaintzen dizkizute. Gizarte mexikarrean oso maila ezberdinak daude eta haiek dira ezberdintze hori egiten duten lehengoak. Gutxieneko soldata 60 peso dira eguneko (hiru euro baino apur bat gehiago). Prezioak, ordea, ez daude gutxieneko soldatara egokituta eta 60 pesorekin ez da iristen garraioa eta janaria ordaintzeko. Beraz, jende asko miseria gorrian bizi da. Ondoan badaude luxu guztiekin bizi direnak eta klase ertaina ia ez da existitzen.

Zerk harritu zaitu?

Etengabe daude jaten, edozein ordutan gainera, kalean janari postuak edonon aurkitu ahal dituzu eta horietan saltzen den guztia gozo dago.

Zer da gehien gustuko duzuna?

Gehien gustatzen zaidana haien bizi filosofia da. Uste dut pentsatzeko era honen inguruan asko daukagula ikasteko. Benetako garrantzia gauza gutxiri ematen diote eta haientzako ezer ez da larriegia. Herrialdea bera izugarri gustatzen zait, oso handia denez asko dago ikusteko, kontraste handiak daude herri batetik bestera eta dena kolorez beteta dago. Ondare kultural handia daukate eta harrituta uzten zaituzten paisaiak.

Mexikoko bahiketak, bahiketa expressak, ezagun egin dira. Leku ziurra al da?

Mexikon badaude oso estatu arriskutsuak narkoen kartelen arteko gudak daudelako edota askotan narkoek agintzen dutelako bertan. Adibidez, Jalisco estatuko herri txiro askotan herritarrek boterea narkoei eman diete, trukean, narkoek eskolak, ospitalak, errepideak, etab. eraikitzen dituztelako. Momentu honetan, herri horietako biztanle guztiak narkoen alde daudenez, Gobernua ez da ausartzen bertan esku hartzen.

Barruti Federalean, joan ezin zaren zonalde batzuk ere badaude, baina hiri barruan aberatsek osatutako ghettoak daude. Zona askoz ziurragoak dira eta ia Europako edozein hiritan bezala bizi daiteke bertan. Horrelako kolonia baten bizi naiz eta nire kalean kamerak eta guzti daude. Hala ere, segurtasun neurri batzuk kontuan eduki behar dira beti. Adibidez, kaleko taxiak ez hartzea, horietan bahiketa asko gertatzen direlako edo gauean bakarrik ez ibiltzea, baina ez da guk uste dugun bezain arriskutsua.

Euskal Herria ezagutzen dute mexikarrek? Zer dakite euskaldunei buruz?

Mexikora etorritako euskaldunen biloba nahiko dago eta erraza da abizen euskaldunak aurkitzea. Baina orokorrean ez dute Euskal Herria kokatzen.

Zer duzu etxetik/Deustutik faltan?

Hemen, kaleko bizitza gutxi egiten da, faltan botatzen dira poteoak edo terrazak. Eta batez ere gure giroa.

Testua: Itziar Fernandez

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: