prestaldizkaria

Janari banaketa Deustualdean

In Berria on Urtarrila 27, 2014 at 8:51 am

KARROAK

Egoera makurra bizi dugu. Zer esanik ez lana galdu dutenek eta familia zamak dauzkatenek. Etxeko gastuei ezin eutsirik, laguntza eskatzen dute askok, besteak beste, jateko laguntza. Deustualdean hiru gunetan banatzen dute janaria.

Pedrori 70 zenbakia egokitu zaio zozketan. “14:00ak arte itxaroten egon beharko dut”, dio bere burua kontsolatu nahian. San Felicisimo elizako aurrealdeko plazan dago beste 100 pertsona ingururekin, eta 10:30 dira. Denak egoten dira lehenik zenbakiaren zain eta gero nor bere txandaren zain, batzutan 15:30ak arte. Bost urte daramatza Pedrok asteazken eta ostiraletan parrokiara joaten. “Makarroiak, indabak, lekaleak ematen dizkigute, eta fruta dagoenean”. 70 urte ditu eta andrearekin bizi da Deustun. Bere soldata txikiak, eta etxeko bakarrak, nekez egiten dio aurre hileroko gastuei: “Alokairua, argia, dena igo digute. Justu ibiltzen gara hilabetea pasatzeko, eta jasotzen dugun janariak lagundu egiten digu”.

Hitz gutxiko dago Lahcen gaztea. 20 urteko marokiarra lehen aldiz dago San Felicisimoko ilaran zain. “Jan ahal izateko”, bertaratu dela diosku.

San Frantzisko auzoan bizi den Dolores berriz berbati dago. Hirugarren aldia duelako agian. Ostiraletan hurbiltzen da Ekuatore Gineako emakumea. Bere alaba eta sei ilobarekin bizi da eta “gauza asko falta” dituztela esan digu, besteak beste, “janaria, denetiko janaria”. Zorteko badago, etxera karroa beteta itzultzea espero du.

Ematen diotenarekin bere hiru umeen eguneroko esnea bermatzen du Maria Angelesek. Subsidioa bukatu zaio eta Deustun jasotzen duenarekin aurreztu egiten du beste gastu batzuk ordaintzeko: “Ematen duten guztia ongietorria da, ez gara kexatuko. Jasotakoarekin gutxiago gastatzen dut erosketetan”. Errekaldekoa da Maria Angeles eta bertan ere janaria banatzen duten arren, nahiago du Deustura etorri. “Nire auzoan larritu egiten naiz, auzoa auzoa da. Eskatuta ez dugu ezer txarrik egiten, baina deserosoa da niretzat”. Antzeko egoeran dago Iñigo. Langabe eta familia bere kargu duela. “Janari eta lan bila gatoz. Lana lortuko banu ez nintzateke hona etorriko”, bota digu.

Begori ez zaio ardura jendaurrean laguntza eskatzea. Ez auzoan ez auzotik kanpo. “Burua tente, behar dudana eskatuko dut. Horrela handik eta hemendik aurrez dezaket”. Egoera txarra du etxean eta ez berean soilik, baita sendian ere: “Familiak jada ezin zaitzake lagundu. Bik jaten duten lekuan lauk jan dezaketela esatea gezur hutsa da”.

JANARIA1¡2

San Felicisimo barruan
Aita Romanek zuzentzen ditu San Felicisimoko laguntza taldeak. Guztira, 26 boluntario dira elikagaien bila joan, ekarri, antolatu eta banatzeko. Aita Romanen arabera pertsona ezberdinak dira, eta ez kristauak soilik. Taldean “musulmana ere” badute. Informazio eta aholku teknikoa emateko Inmigrazio gaietako koordinatzaile ohi bat, abokatu bat, INEMeko langile ohi bat eta Lagun Artean elkarteko zuzendari ohia dituzte boluntarioen artean, eta lagutza espirituala emateko “erlijiosoak gaude”. Asteazken eta ostiral goizetan elkartzen dira. Hortik kanpo ere harrera egiten diete bertaratzen direnei. “Egunero dira arazoekin etortzen direnak, lan bila edota arropa bila”.

AITA ROMAN

Maila txikian beti banatu izan da San Felicisimon jatekoa. Esaterako, Mercabilbaotik 12 urte daramate generoa ekartzen. “Aspaldiko harreman hori, baina, gehitu egin da azkenaldian Elikagaien Bankuaren ekarpenei esker. Jende behartsua ere gehitu da azkenaldian. “Lehen batik bat hegoamerikarrak eta afrikarrak etortzen ziren. Orain berriz gero eta gehiago dira hemen jaioak. Eta denetik dago: kalean bizi dien bakartiak zein familiak. Astero 300 familia ingururi ematen diegu elikagaia, izan Deustukoak edo ez”. Harreran, errolda agiria eskatzen zaie, baina “ez da beharrezko baldintza” janari apur bat eskuratzeko: “Jende asko dago kalean bizi dena eta horiek dira behartsuenak. Paperik ez dute eta laguntzen ahalegintzen gara”.

JANARIA1

Jatekoa eta gehiago
Ez da jatekoa San Felicisimon ematen duten laguntza bakarra. Altzairuak eta arropa ere jaso eta banatzen dute. Horretarako furgoneta batekin aritzen dira boluntarioak batera eta bestera, etxez etxe jendeak sobera duena, behar ez duena jaso, gorde eta behar duenari emateko: oheak, koltxoiak, hozkailuak… Edozein auzotarrek badu bertara zuzenean eramateko aukera ere: “Gure atea beti zabalik dago. Egunero hartzen ditugu gauzak”. Zailtasunak dauzkanari, geroz eta gehiago, hipotekak eta alokairuak ordaintzen ere laguntzen diote. “Guzti hori jendeari esker egiten dugu”, dio Aita Romanek, auzotarrek parrokiari eginiko ekarpenekin, “kanpotik beste laguntzarik ez dago eta”.

Hamalau urtetan, Deustun, behartsuenen artean asko ikusi eta ikasi du Aita Romanek. Bere esperientziatik diosku “premia handiena lanarena dela”. “Lana izanez gero, jende asko ez litzateke hona etorriko. Baina lan gutxi dagoenez janari eta bestelakoen bila etorri behar dute”.

FURGONETA
Laguntzaileak
Mertxe da atea pasa eta mahai txiki baten beste aldean harrera egiten duen pertsona. Deustuko boluntarioa. Eskatzaile batzuei jatekoa ematen ari da. Presa dutelako edota justifikantea aurkeztu dutelako. “Lan-elkarrizketa dute batzuk, beste batzuk senarra gaixorik dute edota umeen bila joan behar dute eskolara. Horiei arinago ematen diegu”, azaldu digu. Dokumentuak eskatzen dizkie, denei. Lehen nahikoa zen errolda agiria eta nortasun txartelarekin. Orain paper kontua korapilotu da eta agiri gehiago aurkeztu behar dira. “Etxeko kide guztien dokumentazioa ekarri behar dute”.

Belen eta Jose Luis ere deustuarrak dira, senar-emazte jubilatuak. Parrokia ondo-ondoan bizi dira. Bost urte daramate boluntario lanetan. Semeagatik hasi ziren. “Gizarte laguntzailea da eta praktikak egitera etorri zen hona”. Semearen ostean, beraiek hasi ziren laguntzen. Lau ordu “gelditu gabe” ematen dituzte asteazken eta ostiraletan.  “Gogobetetzen gaituen zerbait da”, diote: “Behar dutenei lagundu beharra daukaga. Jendeak bere arazoak kontatzen dizkigu, eta arazoak maitasunez hobeto konpontzen dira”.

Janari banaketa Arangoiti
Arangoitin
Deustualdean zegoen “koordinazio falta”, hiru elikagai banaketa guneen artean -San Felicisimo eliza, San Inazioko eliza eta Arangoitiko Luisa de Marillac elkartearen artean- kontu zaharra da. Hori dio Iñakik, Luisa de Marillac elkarteko presidenteak. “Orain zonaldeka banatzen gara, nor bere gunean. Horrela jendeari begira errazagoa da, eta bidezkoagoa ematen den laguntza”. Antolaketa eta gardentasuna funtsezko jotzen ditu laguntza gaietan. “Ematen dugun zerbitzua zuzena eta argia izan behar da mesfidantzarik egon ez dadin inoren partetik”.

Araneko kaleko 22. zenbakian kokatuta dagoen elkarteak arangoitiar batzuren mesfidantzak gainditu ditu. Ama Begoñaren esanetan, lehen elkarte erlijiosoa zirela eta, “batzuk ez ziren gugana hurbiltzen”. Orain, berriz, bai. Auzotarrekin harremana estutzeak eragin du hurbiltasun hori. Egun, Luisa de Marillac elkarteak Arangoitiko Lanera langabeen elkartearekin batera dihardu. “Guk ez genuen ibilgailurik elikagaiak jasotzeko eta egoitzara ekartzeko. Orain langabeek egiten dute lan hori hilero-hilero”.

Suhiltzaile lana
Joan diren gabonetan 30 familiaren artean banatu dute jan-edana Arangotin. Bertan ere, auzotar behartsuen arteko elementu komuna langabezia da. “Seme-alabak gurasoen etxeetara itzuli dira iloba eta guzti beraien etxeetako gastuei aurre egin ezinik. Horrelakoetan, erakundeei laguntzak eskatzen dizkiete, baina diru-laguntza horiek iritsi arte guk suhiltzaile lana egiten dugu, administrazioak behar horiek asetu bitartean; zuloak estaltzen ditugu”.

Behartsuen profila aldatu egin da Arangotin ere. Lehen etorkina zen nagusi. Denborarekin, baina, etorkinek “egongokortu eta aurrera egitea lortu dute”. Azken boladan “txiro berriak” agertu dira eta horietako askok “ez dakite laguntza eske nora jo”. Batzuen kasuan “euren gizarte eta kultura mailagatik” eta beste batzuen kasuan “lotsagatik” edota “ez dagokiela uste dutelako”. Azken horiek, diru sarrerak izan dituzte orain gutxira arte eta horregatik pentsatzen dute eurak baino okerrago daudenentzat direla laguntzak. Iñakiren aburuz, “laguntza badagokizula uste baduzu, eskatu egin behar duzu; guk esango diegu horrela den edo ez”.

Luisa de Marillac elkarteak jatekoa banatzeaz gain, Hotz Kanpainan arropa, mantak eta izarak banatzen ditu; lehen mailako beharrizanetako eta beharrizan larrietako zerbitzuak eskaintzen ditu; alokairu, argindar eta ur-fakturak ordaintzen laguntzen du; eta eskola-laguntza, asialdi taldea eta adimen urritasuna daukaten pertsonentzako tailer okupazionala kudeatzen ditu.

Auzoan beharrizana handitu den arren, boluntariotza ez da neurri berean handitu. “Konpromisoarekin beldurra du jendeak”, Iñakiren esanetan. “Baina laguntza apur bat ematea, puntualki bada ere, asko da. Beraz, etor dadila nahi duena ematera edo jasotzera. Etor dadila gure lana ezagutzera”.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: