prestaldizkaria

Harrera familien ezagutza eta beharra

In Uncategorized on Abendua 30, 2013 at 10:44 am

Errepor Harrera familiak

Ume asko daude Bizkaian beren familiekin bizi ezin direnak. “Arrazoi batzuengatik edo besteengatik”. Eta horientzat harrera familiak behar dira, “ingurune egoki bat” emateko “beren hazkuntza eta garapenerako”.

Familia “arruntak” dira, “era guztietakoak” babesa behar duten adingabekoak etxean hartzen dituztenak. Urtetan seme-alabadun sendiak izan dira hartzaile nagusi. Bilboaldekoak batik bat. Deustualdekoak ere badira tartean, nahiz Deustuko datu zehatzik ezin digun ahalbideratu hamar urte luzez Ramon y Cajal kalean ezarrita dagoen Agintzari kooperatiba elkarteak.

Baina haurrak izatea ez da beharrezko baldintza inolaz ere. Izan ere, umearekiko adin tarte handiegia ez izatea da baldintza bakarra eta, noski, denek pasa behar duten balorazio eta formakuntza fasea gainditzea. Umearen profila aztertuta, ondoen egokitzen den familia aurkitzen ahalegintzen dira Agintzariko teknikariak. Batzutan bakarrik bizi den emakumea izan daiteke egoki, beste batzutan bi gizonek osatzen duten bikotea edota helduek eta umeek osatzen duten taldea. Esan bezala, “familia mota guztiak ongietorriak dira”.

Une honetan, beharrizan “handia” dago anaia-arrrebak hartzeko. “Bereiztuz gero kalte handia jasango lukete” eta horregatik ume bat baino gehiago etxean hartzeko prest dauden pertsonei deia egin die Bizkaiko Foru Aldundiak. “Zoragarria litzateke `guk lekua eta maitasuna badugu, guk ahal dugu´dioten pertsonak prest agertuko balira. Anaia-arreba batzuk elkar zaindu dute utzikeria egoeratik gertu bizi izan direnean eta sakabanatuz gero min handia sufri dezakete”, Agintzariko arduradun Alberto Rodriguezen esanetan.

Baina beharrizana handia da eta haratago doa. Esaterako, Urgentziazko Harrerarako familiak behar dira. Sei hilabete irauten duen harrera mota honetarako hautagaiak badaude, “zoragarriak”, baina horiek atseden har dezaten, beste batzuren premia dago. “Ordezkoen premia”. Eta batik bat Harrera Iraunkorrerako partaideak behar dira. “Asko”, diosku Albertok. Ez da erraza zeren adingabekoak hiruzpalau urtekoak zein sei urtetik gorakoak izan daitezke eta, zoritzarrez, sei urte baino gehiago dauzkatenak “oso nagusitzat” hartzen ditu bai sistemak bai gizarteak.

Sistema eraginkorra

Hazi egin dira azken urteotan “txarto kudeatutako” bikoteen banaketa eta dibortzioak, “seme-alabak manipulatzeraino”. Legearen arabera, tartean dauden haurrak babesgabetasun egoeran daude. Hori horrela bada ere, Alberto Rodriguezen arabera krisi ekonomikoak ez ditu adingabekoen utzikeria kasuak ugaritu gure artean: “Babes sitema oso eraginkorra daukagu Bizkaian, bai sozialki bai teknikoki, ondo ordenatua, eta arazoak atzematen direnean martxan jartzen da”.

Azkenaldian familiak “tantaka” hurbiltzen dira informazio eske Agintzarik Deustun duen egoitzara. Bizkaiko Foru Aldundiaren edota Agintzariren webgunean sartu ostean, interesa agertzen dute. Horietako batzuk baina, adopziotik gertuago dagoen profila dute. Eta adopzioa beste gauza bat da. “Familia orok argi izan behar du harrera familia izateak ez duela adopziorekin zerikusirik”.

Ez da erraza

Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean dauden adin txikiko haurrak nork bere etxean jasotzea eta zaintzea “ez da beti lan erraza”, haurrek beren “esperientzia eta zailtasunak dakartzatelako beren motxilan”. Garrantzitsua da jakitea haur hauek egoera oso zailak bizi izan dituztela eta horregatik banatu dituztela bere gurasoengandik. Denek dituzte bi premia hauek: zainduko dituen familia baten premia eta beren jatorrizko familiarekin harremanetan jarraitzeko premia.

Lehen urtea ona izaten da oro har ume eta harerra familiaren artean. Gero, harrera “zenbat eta okerragoa izan, orduan eta hobeto doa”, umea bere deabruak ateratzen ari dela esan nahi baitu. “Hori urte beteko estei bidairen ostean gertatzen da” eta orduan Agintzariko terknikariei eta harrera familiei dagokie adingabekoei euren sentimendu nahastuak ordenatzen eta ulertzen laguntzea.

Alberto Rodriguez, Agintzariko arduraduna

Kooperatiba handia da Agintzari. Ramon y Cajal kaleko egoitzan sexu erasoak, adopzioak eta harrera familiak kudeatzen dituzte Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, nahiz lan handiena harrera familietara bideratzen duten.

Zenbat pertsonak egiten duzue lan Deustuko Agintzariko egoitzan?

Hamalau pertsona gara Harrera Familia egitasmoan. Hamar hezitzaile eta lau gizarte langile eta psikologo. 180 kasu inguru kudeatzen ditugu. Une honetan, guztira, Bizkaiko Foru aldundiak 300 bat Harrera Familia ditu. Kasu gehienetan adingabeen amama-aititeek edota osaba-izekoek hartzen dute harreraren ardura (kasuen %75) eta gainontzekoetan (%25) loturarik gabeko familiek hartzen dute ardura hori. Osaba-izekoekin egotea batzutan ez da egonkorrena izaten umeentzat, baina beraiekin hobeto egoten dira harrera zentroetan baino. Babes sisteman ez da existitzen irtenbide onena, okerrena ez den irtenbidea da hartu beharrekoa.

Zein lan zehatz egiten duzue?

Familien balorazioa, umeen kontrol psikologikoa, bisitak, jarraipena… dena egiten dugu bertan.

Zer moduz konpontzen zarate Deustun lanean?

Hamairu urte daramagu auzoan, eta oso pozik gaude. Ez dugu arazorik izan, batzutan arrisku handiko bisitak izan diren arren, bere onetik ateratzen diren gurasoekin. Baina uste orokorraren kontra, guraso biologikoek lagundu egiten dute, ez bitartekari lana egiten dugun teknikariengatik, beraien seme-alabengatik baizik. Ez dugu zaindaririk behar izan Auzoan lasai gaude, oso gustura.

Zelakoak dira Deustuko Harrera familiak?

Lan zoragarria egiten dute. Motako guztietakoak duade dago. Urgentziazko familia batzuk, esaterako, batzutan une zaila pastasen dute, sei hileren ostean ume horientzat alternatiba topatzea konplexua delako.

Zelako lana da Harrera Familiako teknikarien lana?

Lana da, lan berezia, giza miseria, mina eta samina ukitzen ditugulako. Erreferentziazko pertsonak gara adingabekoentzat; ondoan izan gaituzte. Ume batzuei hemezortzi urtez laguntzen diegu, ez gara haien familiakoak, teknikoak baikara, batzutan gaiztoak, beste batzutan onak. Askorekin kontaktua mantentzen dugu adin nagusitasunaren ondoren ere.

Nolatan hasi zinen Harrera Familiekin lanean?

Psikologoa naiz ikasketaz eta helduekin lan egiteko trebatuta nengoen, ez nuen umeekin lan egiterik nahi. Baina Harrera Familiatik pasa ostean aitortzen dut ume eta familiekin elkarlanean aritzeak profesionalki asko aberasten duela.

Eskatu ere asko eskatuko du?

Erronka gehien aurkezten dizun programa da hau. Familia bat ez duzu urte betez zurekin, hamalau urtez daukazu, ezin duzu gauza bera errepikatu hamalau urtez. Horrela ez dago laguntzerik. Tresna berriak behar dituzu, prest egon behar duzu ezustekoei aurre egiteko… entrenamendu profesional onenetarikoa eskatzen du; programa gogorra da. Asko eskatzen du ordutegia ia inoiz ez baita betetzen eta ondorioz zaila da lana etxeko bizitzarekin bateragarri egitea.

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: BFA/Agintzari

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: