prestaldizkaria

Kanalaren irekierari aurka egiteko ideia bilketara dei egin dute

In Uncategorized on Abendua 18, 2013 at 4:01 pm

loXkZxGApvFaDQa-556x313-noPad

Deustuko kanala irekitzearen aurka agertu dira hainbat herritar. Horien artean “Central Park Deustuko Erriberan” iritzi artikulua sinatzen duten Pedro Zuberogoitia eta beste sei herritar.

Ideia bat baino gehiago bildu dituzte kalean kanalaren irekieraren aurkakotasuna ikustarazteko: “klinika inguruko aparkalekuan bildu pankarta batekin eta jan-edanarekin, kanaleko urtean pankarta bat jarri kanoak erabiliz, etab”.

Ekintza hori, “edo beste batzuk” zehazteko bilera batera deitu dituzte Deustuko herritarrak; abenduaren 30ean 19:30ean Bidarte udaltegian. Bilerara dei egin duen herritar taldeak sinadura bilketa abiarazi du Interneten “Deustuko kanala ez ireki” goiburupean.

 

Central Park Deustuko Erriberan

Pedro Zuberogoitia, Deustuko herritarra

Pasa den abuztuan Euskal Herriko kantauriar isurian triskantza izugarriak eragin zituzten uholdeen 30. urtemuga bete zen. Horren harira, erakunde ezberdinen balorazioak irakurri ahal izan ditugu, hondamendi erraldoi hura izan zena oroitzeaz gain, azken hiru hamarkadetan egindako prebentzio lana xehatu dutelarik. Batetik, ibai tarteak kanalizatu egin dira eta beraien ubideak garbitu; bestetik, eguraldi aurreikuspenaren eremuan asko aurreratu da, eta baita larrialdi eta babes zibileko protokoloetan ere. Halere, akatsak ere izan dira. Esaterako, jarraitu egin da eraikitzen urak har ditzakeen lur-eremuetan, ibaiak behar dituen arnas-eremuak estaliz. Honek duen eragina aztertu baino lehen, ekar dezagun argitara 80ko hamarkadako pasadizo mamitsu bat.

Ignacio Villotak dioenez (hainbat libururen egilea eta Deustuko Done Petri elizako abade izandakoa) behinola Portu Agintaritzako ingeniaria zen Fernando Revueltari bisita egin zion. Revueltak 83ko uholde erraldoiaren ondorengo urteak honakoa aztertzeari eman zizkion: kanala irekita egon balitz, uriolaren ondorioak zeintzuk izango ziren ikertzeari hain zuzen. Ingeniariak Villotari erakutsi zion lanak sei-zazpi liburukote betetzen zituen eta ondorioa argia zen: ur-maila baxuagoa izango zen, zehazki… egun ilun hartakoa baino bi edo hiru zentimetro baxuagoa.

Dirudienez orain Bilboko Udalak txosten berriak ditu. Bertan jasotzen ei da kanala irekiz gero Revueltak aurreikusitakoa baino gehiago jaitsiko zela ur maila uholde larriak gertatzerakoan. Zehatzago esanda, uraren kota 50 eta 70 zentimetro artean gutxituko litzateke. Informazio hauek ontzat emanda ere (eskertzekoa litzateke kontrastea egingo duen beste azterketaren bat egitea), iruditzen zaigu lortu ahal den helburuak ez duela obraren neurria eta atzeraezintasuna justifikatzen. Bide batez, inork ez du aipatzen urte luzeak direla ibaiaren ubidean dragarik ez dela egiten, horrek dakarren sakonera galerarekin. Argi dago dragarena sedimentu kutsatuen presentziak baldintzatutako gai konplexua dela, baina egunen batean aurre egin beharko zaio afera honi.

Gure tokiko agintariek urteak daramatzate egitate kontsumatuen politikan sakonduz. Era guztietako ekinbideen bitartez, Idom ingeniaritzaren eta IMQ klinika pribatuaren eraikinak ezarri zituzten kanalaren ertzetako lur-eremuetan, era horretan Ortuondo alkateak hitz-emandako ur-ertzeko parkea ezinezko bihurtuz. Hala ere, oraindik garaiz gaude Bilboko Areatza eta Erandio (eta baita Areeta ere) lotuko dituen ibaiertz berde bat lortzeko, baina, onenean, urak beretzat hartu ahal dituen lurretan ezarritako bi eraikintzar hauek saihestuz izan beharko da.

Deustu eta Bilboko auzokide askok beti pentsatu izan dugu gure ibaiaren ertzek gozamenerako esparruak izan behar dutela, askatasunez jolasteko, eguzkitan etzateko edota urarekin harremanetan sartzeko eremu libreak bertan aurkitu ahal izateko. Ibaiaren azken urteotako berpizteak eta Europako hirietan aurkitzen ditugun antzeko adibideek (Bordele, Sevilla, Frankfurt, eta abar) sendotu egin digute uste hori. Horregatik, jakin badakigun arren bi hilabete baino ez direla gelditzen obren hasierarako, kanala irekitzeko lanak gelditzea eskatzen dugu. Horrekin batera, orain arte egon ez den parte-hartze prozesu baten irekiera ere eskatzen dugu.

Hainbat arrazoik garamatzate horretara: hirigintza arlokoak, goian aipatutakoa lez; ekonomikoak, herri-lanak eta inbertsio publikoak beharrezkoak direlako ekonomia eta lan-merkatua pizteko, baina zerbait frogatua geratu bada azken urteotan beharrezkoak ez diren obren hondamendi ekonomikoa delako; lehentasunezkoak, uste dugulako auzoetako eta hiriko oinarrizko azpiegituren hobekuntzak askoz beharrezkoagoak direla (horra hor kiroldegietako saturazio eta azpiegitura falta, bidegorrien hiri-sarea osatzetik zein urruti dagoen, Erribera eta Zorrotzaurreren eraldaketa bera edo itsasoraino helduko den ibaiertzeko ibilbide falta); ingurugiro arlokoak, istmoak dituen 24.000 m2-ak galtzeari proposamen negargarria deritzogulako; izan ere, 1907an Casildako parkea sortu zenetik lortu ez den hiri-birika berri bat irabazteko erabili ahal dira; auzo-mailakoak eta historikoak, Deustuko Erriberak antzinako Errepublikako auzo enblematikoa izateari utziko liokeelako.

Badakigu kanalaren irekiera Deustuko Erriberan hurrengo hamarkadetan aurreikusitako hirigintza ekimenetatik lehenengoa baino ez dela. Hori dela eta, berebiziko garrantzia du erabakiak erakunde itxietan ez hartzea, eta horien lekuan, herritarron parte-hartzea ahalbidetuko duen prozesu irekiei ekitea. Izan ere, hiriko biztanleon ahotsak, beharrak eta proposamenak jasoko dituen foroa behar dugu, era horretan ibaiari, ibaiertzei, hiritarrei eta hiriari berari arnasa hartzen utziko dion XXI. mendeko Bilbo berria denon artean eraikitzeko.

(*) Galder Unzalu, Maite Lizarralde, Izaskun Rekalde, Aitziber Olabarrieta, Aritz Santos eta Andoni Irigoienek ere sinatzen dute.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: