prestaldizkaria

La Hora del Primate, rockaren aztarna

In Uncategorized on Urria 31, 2013 at 9:43 am

p LA HORA DEL PRIMATE Gasteiz 28 junio 5

Kontuz! Primatearen ordua heldu da! Baso sakonetik hirira heldu dira. Rock, soul eta garage koktel pozoindua inoiz izan ginena berpizteko. Atzera eginez aurrera! Hau dantzatzeko gai izango zara?

James Brownek “Beltza naiz eta harro nago” abesten zuen, Negu Gorriak “Euskalduna naiz eta harro nago” eta zuek “Primatea naiz eta harro nago”. Nola hasi da istorio iletsu hau?
Orain dela urte bat deiadar mendietatik deitu gintuzten, lau tipo rockero eta afeitatu gaberen bila zeuden eta Batzar Nagusiek gu izatea adostu zuten. Hitzarmena onartu genuen baldintza batekin, beltzak edo euskaldunak baino lehen primateak ginela onar-tzea… Eta hemen gaude.

Hainbat  taldeetan ibili zarete, batezbeste 85-99 urte izango dituzue eta musika kontuetan 20 urte baino gehiagoko bizipenak. Zeintzuk dira motibazioak?
Bai, talde askotan ibili gara (Paniks, Münsterland, Elfo Negro, Inserta, Bugatti, Cápsula…). Musika asko maite dugu, gure bizitzako zati handi bat da, azkenean, bizimodu bat bihurtu da eta horren protagonista izateak pilak jartzen dizkigu: abestiak egitea, jotzea, bidaiatzea, jendea ezagutzea. Berez, musika barik akabo, depresio handi batean eroriko ginateke… egun guztia edaten, dibortzioak… desastre hutsa!

p LA HORA DEL PRIMATE Gasteiz 28 junio 4

The Stooges eta Zen Guerrillaren influentzia nabaria da abestietan. Nondik edaten duzue zehazki?
Bete-betean asmatu duzu, Iggy Pop and The Stooges edo Zen Guerrilla maite ditugu baina omniboroak gara: MC5, The Dirtbombs, Kuraia, Queens of the Stone Age, The Sonics, Dead Kennedys, The Mummies, Damned, Stranglers, Lobo Electrico, Black Sabbath, Eskorbuto, DEVO, Hawkwind, GBH, Little Richard… eta dokumentalak nahasten ditugu gure menuan. Azkenean punketik datorren talde garagero-souleroa gara.

Back to mono, inboluzioa, atzera egitea… Zein testuingurutan kokatzen da kontzeptu hau, zein da asmoa?
Inboluzioa guretzat aurrera egitea da, bai musikari eta pertsonak bezala. Askotan ahazten dugu animaliak garela eta hori kristoren hanka-sartzea da, ezin da dena arrazoiaren bidez ulertu, ez pertsonak ez musika, absurdoa da. Musika erraietatik sortu eta disfrutatu behar da eta ez aztertu edo epaitu. Lehen, 60. urteetan, soul musikaren urrezko garai horretan, jendeak bere aurreiritzi guztiak alde batera utzita, bizpahiru orduetako kontzertuetan dantza amaitezinak eta izerdia ziren protagonista, eta hori gustatzen zaigu. Azkenean, gure helburu nagusia gizakiaren alde basati eta animaliaren alde hori biluzik uztea eta gure musikan islatzea da. Bestetik, primateen kontzeptu handikeria eta boterea (harreman pertsonaletan, politikan, lanean, erlijioan…) suntsitzeko edo behintzat berrikusteko arma ezin hobea da. Zergatik ematen diogu hainbeste boterea gu bezalako beste primateei? Akaso Aita Santu berri hori, Francisco, ez da beste primate bat? Bada bai, ahazten dugu bai Urkullu, Merkel, Obama edo gure laneko buruzagia primateak direla eta kristoren boterea ematen diegu haien handikeria sustatzen… eta horrela doa mundua! Hau ere aldarrikatzen dugu Back to mono bezalako abestietan jendea dantzan jartzen dugun bitartean.

Urtebete eskas eta jada diskoa grabatu duzue. Nola joan da grabaketa?
Bigorringo Estudioetan  eta Arangoitiko gure lokalean grabatzen ari gara eta uste dugu hamar abesti txukun geratuko direla. Oso laster musu-truk deskargatzeko prest egongo dira.

p OTOÑO PRIMATE - Tour 2013 (grupos a)
Udazkenean zein zuhaitzetan ibiliko zarete?
“Udazken Primatea” biratxoa antolatu dugu diskoa aurkezteko: azaroak 16 (Gasteizen), azaroak 29 (Deustuko Gazte Lokala, kristoren festa antolatzen ari gara) eta abenduak 27 (Portugalete).

Testua: Garikoitz Barquin Esnaola

Ilustrazioa: Itziar Barrio

INFO + LA HORA DEL PRIMATE

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: