prestaldizkaria

Dan Simpson: “Ezin dut ulertu Espainiak independentzia-erreferendumak debekatzea”

In Uncategorized on Urria 30, 2013 at 7:40 am

Gurera etorria urria DAN

Jatorria: Port Glasgow (Eskozia). Bizitokia: Deustu. Lanbidea: ingeles-irakaslea. Noiztik: 2013ko irailetik.

Zertara etorri zara Deustura?
Aberdeenen Zinemako eta Hispaniar Filologiako ikasketak amaituta, British Council-en bidez aukera izan nuen Barakaldoko eskola batean ingeles-klaseak emateko. Printzipioz, zazpi hilabeterako; lanik topatuz gero, baina, luzeago geratu nahi dut.

Zer deritzozu Deusturi?
Berez Gasteizera joan nahi nuen arren, 2010-2011 ikasturtean Erasmus bekaren bidez izana nintzelako, pozik nabil Deustun: itsasadarraren ondoan, nire herrian bezala; Bilbotik hurre; supermerkatuak, liburutegia… dena gertu eta oinez egiteko moduan; tabernak eta pintxo onak; gauez irteteko leku ugari… oso kosmopolita da Deustu, leku guztietako jendea dago. Gauez Arangoitira igotzean hiriko argiak ikusten ditut, ederra da oso. Gasteizen baino jende gehiago badabil kalean, eta agurtu ere egiten naute! Naturagatik ere etorri naiz Euskal Herrira: zelaiak eta mendiak gogoko ditut, Eskozian bezala sentiarazten didate.

Zelakoa duzu egunerokotasuna eskolan?
Hasiberria naiz, beraz, oraingoz klase osoaren aurrean jarri eta neure burua aurkeztu egiten dut: familia, lagunak, Eskoziako kultura… den-dena ingelesez. Ez dut nahi ikasleek jakin dezaten badakidala gaztelaniaz, horrela ingelesez bakarrik egingo didate. Eskozian baino adiago izaten dira ikasleak hemen, eta hobeto portatzen. Eskolak ematen ditudan lehen aldia den arren, ez nago urduri: tuba jotzen dudanez, ohituta nago jende aurrean izaten. Bigarren aldia dut Euskal Herrian, beraz ohituta nago gauzak elebitan ikusten; baina euskara hutsean ikusi ditudan lehen aldia da. Orain ohituta nago aupa esaten, hola barik.

Euskaraz ikasteko asmorik?
Bai, lehen baino handiagoa, gainera. Gaelikoarekin alderatzerik ez dago: nik neuk ere ez dakit gaelikoz, eta egin, mendebaldeko irletan soilik egiten dute; euskara, aldiz, ezberdina da, hirietan ere entzuten baita. Horrek harritu nau. Bestalde, bertoko kultura izugarri gogoko dut, beraz, osoki ulertuko badut, ezinbestekoa dut euskaraz jakitea, ezinezkoa baita gaztelaniara itzultzea.

Eskoziarra izanda, noski, politikaz galdetu behar.
Kar, kar, kar… denek esaten didate gauza bera! Eskoziako politika eta bertokoa oso ezberdinak dira. Guk duela 15 bat urtetik soilik dugu parlamentu propioa, eta horrek ikusarazi digu horrela errazagoa dela geure burua antolatzea. Bestalde, heldu den irailean izango dugu independentzia-erreferenduma, eta 16 urtetik gorakoek bozkatu ahalko duten lehen aldia. Pertsona ospetsu ugari dago independentziaren alde eta jendea, oro har, oso gogotsu dabil. Lagun eskuindarrak ez ditut alde, ezkertiarrak bai. Dena den, nik neuk oraindik ez dut argi alde edo aurka nagoen, ekonomikoki bideragarria dela pentsatzen dudan arren, batez ere petrolio-industriari esker; ez dut uste, baina, armada bezalakoak oraingoz posible direnik. Azkenaldian aldekoen zein aurkakoen manifestazioak izan dira: indarkeriarik ez dago; bai, ordea, eztabaida eta antolakuntza handia.

Badakizu Espainiako gobernuak horrelako erreferendumak debekatu egiten dituela?
Ez nekien, eta ezin dut ulertu zergatia. Izan ere, Eskozian erreferenduma debekatzea ez litzateke bidezkoa, erabakitzeko aukera ezin digutelako ukatu. Aurka daudenek ezetz bozka dezatela, eta kitto: ez dute, bada, aldekoek zein aurkakoek erabakitzeko aukera berdin-berdin izango?

Testua: Adriano de Mata

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: