prestaldizkaria

Ainhoa Güemes: “Zergatik ez da posible beste mundu bat sortzea”

In Uncategorized on Urria 29, 2013 at 8:46 am

a Bera expuesta 2

Aktibista feministatzat du bere burua eta horregatik mundua eraldatzea du helburu, artetik abiatuta. Makinak eta kontzeptuak asmatzen ditu Ainhoa Güemesek eta guzti horiek egokitu behar izan ditu doktorego tesirako.

Zein unetan dago zure Doktorego tesia? Zein erronka duzu zure tesiarekin?
Diote doktorego tesia ez dela inoiz amai-tzen, lan zaila eta korapilatsua da, baina nonbaitetik moztu beharra dagoen uneari ekin behar diogu, tope bat jarri pentsamenduaren zurrunbiloari, artaziak hemendik edo handik sartu… une hori iritsi da, ‘obra arteknobiziaren’ kontzeptua lantzen ari garen ikerketa hau amaitutzat jo behar dugu aurten, hilabete bat barru, hain zuzen.

Tesiak orain arte esperimentatutako guztiari orden pixka bat emango dio, hala espero behintzat. Egia esan, tesia aitzakia bat izan da, besterik ez, beka bat eman zidaten (alokairua ordaindu behar nuen, supermerkatuko erosketak ordaindu…) baina nik nahi nuena orduan eta nahi dudana oraindik ere zera da: Ezagutzaren labirintoan sartu, buru-belarri, adorez, Ariadna, Penthesilea, Dioniso, Artemisa eta Minotauroa lagun; murgildu egiten naiz inoiz jakin gabe nola aterako naizen, ezta bizirik aterako naizen… desira, beharra, malaletxea, amodioa, oxigenoa, amildegia, itsaso zabala… adrenalina hutsa da guzti hau, pentsamenduaren erreinua. Hau bidaia!

Feminismoak elkartu zintuen Enkarni Gomez ingeniariarekin. Harrezkero “arteknozientzia” eta “obra arteknobizia” bezalako kontzeptuak landu dituzue elkarlanean. Zein helbururekin?
Bai, feminismoak elkartu gintuen eta Nafarroako lur maiteak: Berako harategian egin genuen topo behin, eta gaur arte! Enkarni eta biok arnasa ematen diogu elkarri, zer inportantea den aliatuak izatea, ezta? Benetako lagunak alboan. Begira, zelako parea, Woolf eta Oteiza, biak hain libre, hain pentsalari handiak! Omenaldi bat egin nahi genien. Biek sortu dutelako korrontearen kontra, eta oso urrun iritsi ziren, oso energikoa da bien lana, oso iraultzailea. Gainera, paradoxikoki, EHUko Paraninfoko Txillida Gelan sartu genituen batera. Gu biok pittin bat masokistak gara horrelako ur sakonetan murgiltzeko. Baina ez gaude bakarrik, beste pentsatzaile eta subjektu sortzaile batzuek lurrean aitzurtutako exijentzia, desira, ahotsak, afektuak eta pertzeptuak haziz eta ugalduz jarraitzen dute gure obra arteknobizian.

Zapaltzailea denaren aurrean sendatzearen bilaketa bat da produkzio arteknobizia, ustez ezin gauzatuzkoa, irreala, ezin pentsatuzkoa denaren aurrez aurre. Gure praktikaren bitartez leihoak irekitzen dira, gorputz teknobizientzako ahalbide sortzaileak.

a_Expo Paraninfo I 082

Zentsuraren gaia landu duzue. Zein zentsura topatu duzue?
Ikerketa eta sorkuntza lanean erabiltzen dugun hizkuntzaren bidez errepresentazio klasikoarekin (mendeetan onartua, gaur egun oraindik ere inposatua eta onargarria den narratiba hori) apurtu egiten dugu, eta saiakera hori garesti ordaintzen da, sistema kolokan jartzen ari garelako. Orain dela gutxi, idatzi nuen produktu akademiko disidente eta feminista bat sortzea plazer desbideratu bat ohartzea bezalako zerbait dela: Gehiegizkoa. Desio dugun hori, astintzen gaituena barrura gorde beharrean, kanpora zabaldu. Gure nahiari iraultzeko aukera eman ondoren barealdi tenkatu bat datorrela konturatzen gara. Kritikoki pentsatzea, norberaren gorputzari erreparatzea arau zapaltzailearekiko disidentea izanez, zailtasunez minaturiko egoera batera eroaten gaitu. Jakin badakigu, askatasunaren eta beharraren arteko lehia planteatzen dela korrontearen kontra bizi eta sortzen dugunean. Eta askatasunari zein beharrari gogor loturik, hain zuzen, indartuko dugu gure burua. Gure buruaren jabe izan behar gara inoren menpe bizi nahi ez badugu.

Zentsura existitzen da gure akademian, Euskal Herriko unibertsitatean, noski, zerikusirik dauka botere harremanekin, elkartasun faltarekin, hipokresiarekin, beti lehian, beti besteen gainetik egoteko nahi hori… gure jendartearen beste instituzio guztietan detektatzen dugun zentsura madarikatua: familian, lan munduan, komunikabideetan, koadrilan…

Behin diskurtso bat legitimatu den zientzian, filosofian, artearen eremuan, eta diskurtso boteretsu horrek eguneroko bizimodua eta pentsatzeko era erabat determinatzea lortu duenean, benetan oso indartsua, abenturazalea, ameslaria, errebeldea, zutik mantentzen den zoro horietako bat izan behar zara ikasitako guztia hankaz gora jarri eta koordenatu berriak segituz beste mundu posible batzuk eraikitzeko…

Zentsura ez da zerbait abstraktua, pertsona batzuk beste pertsona batzuk erditik kentzeko, hau da, deslegitimatzeko asmoz erabiltzen duten mekanismoa baino, eta norberaren gorputzean gertatzen den ukazio bat da, isolamendura edo deserrira eramaten zaituen giza mekanismoa. Guk horrela jasan dugu, zoritxarrez, baina aurre egin diogu, kostata, baina errenditu gabe.

a Bera IMG_3651
Zergatik da jolasa hain garrantzitsua zuentzat?
Jolasa, zer hitz handia! Ez moralitatearen jolasa, ez garaileen jolasa baizik eta galtzen dakitenen araurik gabeko jolas amaigabea, plazerra ematen duena, bihotza alaitzen duen jolasa, bizitza errazten duen jolasa. Barrea, intriga, harridura, noski, ezinbestekoa da gure sormen lanean, ez gara eta Momok gorrotatzen zituen gizon grisak!

Zuen obraren interpretazio errazionala ez ei da egin behar. Zer orduan?
Gure sormen prozesuak badu logika zientifiko zehatz bat, metodologia bat, ez da irrazionala baina bai intuitiboa oso. Ez bakarrik burmuinean, sabelean ere topa dezakegu galderak erantzuteko behar dugun materiala. Ez gaude kokatuta ideien paradisuan, ez gara platonikoak, inmanentzia planotan jokatzen dugu, gure tripen zaratak entzunez.

a_Jendea exp-2
Zertarako eraldatu nahi duzu mundua?
Gustuko ez dudalako. Emakume artista eta pentsalaria izanda, jai daukat; lesbiana izanda, jai daukat; euskaldun hibridoa naizelako, jai daukat. Pobrea ez naiz, baina ekonomia oso prekarioa dut. Ezin dut jasan gizonezko batzuk asmatu duten mundu krudel eta absurdo hau. Kapitalismoa eta patriarkatua, bata bestearen konplizitatearekin, mundu itsusi hau posible egin badute, zergatik ez da posible beste mundu bat sortzea, ederrago, bizigarriago, non diferentziak, aniztasuna eta plazer desbideratuak elkartuko diren karentzia hiltzailea behin betiko akatzeko? Posible dela sinestu nahi dut.

Zelakoak dira mundua eraldatzeko asmatzen dituzuen makinak?
Ez gaitez izan inozoak gu bezalako artista batek eta ingeniari batek asmatzen dituen makinak imajinatzerakoan, estetikoki esan dezakegu ederrak direla, politak, baina egia esango dizut, gure obra arteknobizia ez da kontenplaziorako objektu soila, ezta sedante bat ere. Gure obrari erreparatzen badiozue ez duzue soilik lasaitasuna sentituko (neurri baten bere funtzioa terapeutikoa izan arren), sentituko duzuena da ezagutzaren ziztada bortitza: Jakin-mina. Artea ez da ihes egiteko toki exotikoa, nahiz eta egia izan bizirauteko klabeak ematen dituen. Jakin-minaren bila goaz eta gure istorioak ulertzen lortzen ditugunerako konturatu gara hiltzeko zorian egon garela. Zer inozo garen batzuk gure eskubideen, gure nahien alde borrokan hasten garenean…

Zenbat bider sentitu izan dugu panikoa, parez-pare ikusi baitugu piztiaren begirada hotza. Lagun bat polizien eskuetan torturatua izan denean, zer demontre sortu behar du artista batek? Natura eta izaki biziak biolentziaz kutsatu eta desagerrerazi duten bitartean, publizitatearen estrategia bera erabiliz, asetu beharko luke sortzaileak ikuslearen gosea? Ez dut uste. Artelanak, bizitzaren indar afirmatiboekin aliatu denetik, elkartasuna eta maitasuna defendatzen duten gerra makinak jartzen ditu martxan, horiek baitira askatuko gaituenak. Troyaren zaldia bezalaxe, horrelakoak dira gure gerra makinak, beti ere, bizitzaren alde. Troyaren zaldia amazonen gidapean.

a Bera urbasa-3

SAKONEAN: “Disidentea disidenteen artean izatea oso nekagarria da”

Sormen lanak zer ematen dizu?
Anormala izanda zaila da benetan gizarte honetan bizitzea, asko sufritzen da, beraz, arteari esker badut aukera beste mundu baten figurazioak, esperantzak, oinarriak pixkanaka altxatzeko, ez da gutxi, ezta? Artea bada instantzia bat estatu guztien gainetik dagoena, bizitza ez da burokratikoa sortzailea baizik. Helduko da eguna artistentzat, anormalentzat, beltzentzat, emakumeentzat, bizizale ororentzat, bizitza bera, bere indar guztiekin, magmatik kosmosera, burokrata guztien kontra altxatuko da!

Zelan definituko zenuke zure burua? Zer duzu kazetaritik? Artistatik? Aktibistatik?
Orain langabezian nago. Lehen, astelehenetan, iritzi artikuloak idazten nituen NAIZen (lan horretan azala utzi arte, ezertarako dirudi, zeren inork ez zuen ulertzen esan nahi nuena, ezta feminista eta abertzale finak direnak ere: disidentea disidenteen artean izatea oso nekagarria da); ostegunetan artista plantak egiten nituen, egoa elikatu arte; astearteetan marxista euskaldun on baten zereginekin konplitzen saiatzen… Txantxetan nago, egia esan, kategoria guztiak pil-pilean eta intentsitate maximoarekin bizi ezkero, akabo, gureak egin du! Jende gehienak ez du omen nahi lur zoroa bere oinen azpitik mugitzen ikustea, eta ni, ezin geldirik egon, arriskuen bila. Askotan izan dut bihotza eta burua lehertzeko zorian, eta ez naiz damutzen, baina apur bat nekatuta nago konturatzeaz errealitate gordinaren pisuaz.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: