prestaldizkaria

Zorrotzaurreko lehen fasean babestutako 1.500 etxebizitza eraikiko dira; Bilduk Eraikuntzako hitzarmenaren aplikazioa eskatu du

In Uncategorized on Urria 15, 2013 at 2:44 pm

IntroDestacado4

 2014ko hasieran ekingo diote Zorrotzaurre uharte bihurtzeari, orduan hasiko baitira Deustuko Kanala irekitzeko lanak eta bi ibaiertzak lotuko dituen zubiaren eraikuntza. Proiektua eraiki eta urbanizatzeak zuzeneko eta zeharkako 3.400 eta 2.400 lanpostu inguru sortuko dituela aurreikusi da, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtok eta Ekonomia eta Ogasuneko zinegotzi Marta Ajuriak EU-1Egikaritze Unitatea birzatitzeko hitzarmena eta estatutuak sinatu dituzte gaur Bizkaiko hiriburuan; hain zuzen, Zorrotzaurreko etorkizuneko uhartearen hirigintza-plana osatzen duten hiru eremuetako bati dagokiona.

Hemendik aurrera, gaur ere izendatu duten Kontzertazio Batzordea arduratuko da eremu horren urbanizazioa islatuko duen proiektua idazteaz. Erakundeetako ordezkariez gain, honako hauek ere badira Batzordeko kide: Vicinay Cadenas SA enpresa eta Sociedad Promotora Inmobiliaria Margen Derecha SL.

Gaur abiarazitako unitateak 389.654 metro koadroko azalera du guztira; horietatik 116.904 metro hirugarren sektoreko erabilerara bideratuko dira; 21.104 metro ekipamendu pribatura; 31.557 metro merkataritza-erabilerara, eta 11.804 metro ekoizpen-erabilerara.

2015eko bigarren hiruhilekoan hasiko dituzte urbanizatzeko lehen lanak; 137 milioi euroko kostua izango dute gutxi gorabehera. Lurrotan 3.203 etxebizitza eraiki behar dituzte: 1.464 babes-araubidean egingo dira (659 BOE eta 805 tasatu), eta 1.739 libreak izango dira. Visesak sustatuko ditu babestutako 402 etxebizitza, Eusko Jaurlaritzak 180, Bilboko Udalak 220 eta gainerako jabeek gainerako 662 etxebizitzak. Etxebizitzak eraikitzeko 340 milioi euroko aurrekontua dago.

Zorrotzaurre uharte bihurtzeko lanari, proiektuaren elementu nagusiari alegia, 2014 hasieran ekingo zaio, orduan hasiko baitira Deustuko Kanala irekitzen eta bi ertzak lotuko dituen zubia eraikitzen; 30 milioi euroko gastua izango du.

Zorrotzaurreko hirigintza-garapena bezain garrantzitsua izango da lanpostu-sorreraren bitartez horrek gizartean izango duen eragina. Proiektua eraiki eta urbanizatzeak zuzeneko eta zeharkako 3.400 eta 2.400 lanpostu inguru sortuko dituela aurreikusi da, hurrenez hurren. EU-1 Egikaritze Unitateak 1.800 lanpostu berri sortuko ditu.

Zorrotzaurre proiektua

Zorrotzaurreko eremua izen bereko penintsulan dago kokaturik, San Inazio eta Deustu auzoen aurrean; ekialdean Deustuko Kanalak eta mendebaldean Nerbioi ibaiak mugatuta dago, bestalde. Bilboko hirigintza-garapenerako aukera handi bat da, 838.781,25 m2-ko azalera baitu, eta ezaugarri bereziak dituen esparru berritzaile bat emango dio udalerri osoari, zeinak nazioartean Bilbo protagonismo berri baterantz bultzatuko duen.

Zaha Hadid itzal handiko arkitekto angloirakiarrak (Pritzer saria 2004) diseinatu zuen Master Planean dago oinarriturik Zorrotzaurreko Plan Berezia; plan horri hainbat ekarpen egin dizkiote auzokoek, elkarteek, alderdi politikoek… Lehen Master Plana 2004an  egin zenetik, Zorrotzaurren proiektu jasangarri bat diseinatzea izan da helburu nagusietako bat, hau da, garatu beharreko jarduerek ingurumena errespetatzea eta etorkizuneko belaunaldiek horiei eutsi ahal izatea. Halaber, Bilboko eremu degradatu bat zaharberrituko da Zorrotzaurren, lehendik dagoen hiria berrerabiltzean oinarritutako Bilbo eraldatzeko filosofiaren ildotik; hala, kalitateko hiri-eremu berri bat bihurtuko da, eta, gainera, aldameneko Deustu eta San Inazio auzoak osatzeko balioko du, bai eta hiri-erdialdeko ibaiertzeko pasealekuei segida emateko ere.

Hiri-garapen trinko bat lortzeko eta mugikortasun jasangarria lortzeko behar diren erabilerak eta dentsitatea nahasiz diseinatu da Zorrotzaurre. Uhartean bi auzo autosufiziente egongo dira, bi muturretan bana. Bietan hainbat jarduera egongo dira nahasita: etxebizitza, saltokiak, bulegoak, herri-ekipamenduak, aisiarako tokiak… Zorrotzaurre berriaren bi herenek erabilera publikoa izango dute (eremu mistoa); horren barruan 155.893 m2 espazio libreak izango dira, eta 84.936 m2 zuzkidura publikoetarako lurzatiak (horietan, hezkuntza, osasun, kirol eta kultura-ekipamenduak ipiniko dituzte). Planak 5.474 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, erdiak babestuak; halaber, jarduera ekonomikorako 201.360 m2 ere eraikiko dira.

Hitzarmena betetzeko, Bilduren eskaera

Deustuko Kanala zabaltzeko eta Zorrotzaurrerako zubia egiteko obren esleipena lortuko duten enpresak, kontratak eta azpikontratak “Bizkaiko Herri Lanen zein Eraikuntzaren gaineko Hitzarmen Kolektiboa betetzea derrigortzeko” proposamena aurkeztuko du Bildu koalizioak datorren Udalbatzan. Aipatutako hitzarmena betetzen dela egiaztatzeko, “Egiaztatze eta Balioztatze Batzorde Tekniko bat eratzeko” eskatuko du Bilduk, non “sindikatu guztiek parte hartzeko aukera” izango duten.

Instituzio publikoek “ordaintzen dituzten azpiegituretan Bizkaiko Herri Lanetako zein Eraikuntzaren gaineko Hitzarmena betetzen ez dela” nabaria da Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriaga eta Ana Etxartek gaurko agerraldian adierazi dutenez. “Azken aldi honetan biderkatu dira komunikabideetan San Mames Barriaren eraikuntzan langileek pairatzen ari diren lan baldintza txarren inguruko salaketak: 12 orduko lan-orduak, zazpi egunetako aste laboralak, 5-6 euro orduko lansariak; ordaintzen ez diren aparteko lan orduak…”. Gertaera hauek “ez dira bidezkoak”, Bilduren iritziz. “Ezin da onartu diru publikoarekin egindako herri lanetan diharduten langileek lan baldintza kaskarrak pairatzea, amaiezineko lan-ordutegiarekin eta soldata ziztrinekin”. Datozen asteetan Deustuko Kanala zabaltzeko eta Zorrotzaurreko zubia egiteko obrak esleituko direla eta, Bilboko Udalak herri lan horietan arituko diren langileentzat “lan baldintza duinak bermatu” beharko lituzke Ibaibarriaga eta Etxarteren esanetan.

Argazkia: www.zorrotzaurre.com

  1. Hona hemen Kanalaren irekiaren aurka eta hiritarren partehartze prozesua hastearen alde sinatzeko aukera :

    http://www.change.org/es/peticiones/ayuntamiento-de-bilbao-bilboko-udala-la-paralización-del-proyecto-de-apertura-del-canal-de-deusto?

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: