prestaldizkaria

Emiliano Arriaga eta Deustua

In Uncategorized on Iraila 27, 2013 at 6:50 am

Mioma arriaga

Bilboko idazle kostunbrista klasikoena dugu Emiliano Arriaga. Oso ezagunak dira berak bilbotarren ezpainetatik batutako berbak eta XIX. mendearen akabuko kontuak. Gutxitan aipatzen da bere lanetan euskarak zeukan garrantzia. Are gutxiagotan, Deustuarekin eduki zuen harreman estua.

XIX. mendearen bigarren aldean sekula ikusi bakoa sortu zen Bilbon: lehenengo belaunaldi erdaldun hutsak. Sabino Arana, Migel Unamuno eta haien kintoak (1860ko hamarkadakoak) izan ziren euskararik jakin ez zuten lehenengo bilbotar umeak. Haiek eliteak ziren, herriarengandik bereizteko ahaleginean ezjakintasuna bultzatu zutenak: nabarmentzeko, gorengo klaseei ez zitzaien nahikoa jada erdaraz jakitea; beharrezkoa zen euskararik ez jakitea. Ezjakintasuna, ohore.

Unamuno eta Arana baino hogei urte lehenago jaio zen Bilbon Emiliano Arriaga Ribero (1844-1919). Juan Crisostomo Arriaga musikari ospetsuaren loba zen. Bilbotarren seme-alaba izanik, euskalduna zen, jakina. Emiliano merkatari eta industria-gizon aritu zen, baina tarteka-marteka musikari ekin zion.

Hala ere, gaur egungo ospea Bilboren gaineko artikulu kostunbristei zor die. Guztien artean gehien nabarmentzen dena ‘Lexicón etimológico, naturalista y popular del bilbaino neto’ (1898) dugu. Bertan bilbotarrek erdaraz egitean erabiltzen zituzten hamaika berba eta esamolde batu zituen. Asko eta asko, euskarazkoak. Izan ere, gaur egungo bilbotar –eta deustuar- gazteek eta euskaldun berriek eguneroko bizimoduan euskaraz moldatzeko erraztasuna falta zaiela igartzen duten bezala, orduan bilbotarrak erdaraz egiterakoan sentitzen ziren baldar eta kamuts. Oraingo erdarakadek betetzen duten eginkizun berbera zeukaten orduan erdal erretolikan tartekatutako euskarakadek.

Goizabarra Deustun

Arriagatarrek lotura estua eduki zuten Deustuarekin. Emilianoren aitak, Eustakiok, etxaldeak erosi zituen herrian gutxienez 1856etik aurrera: Okeña, Estratakoetxea, Urdanzulueta, … Gehienak gaur egungo Botikazar aldean zeuden. Arriaga merkataria eta industria-gizona zen. Orube horietako batzuk Agapito Zarraoarekin batera burdin, latoi eta forja lantegia egiteko baliatu zituen.

Emiliano  Arriaga Deustun bizi izan zen, tarte batean. Bilbon Matilde Josefa Igartuagaz ezkondu eta gero, lehenengo semea, Jose Emilio, Deustun bataiatu zuten, 1872an. Hala aitak nola seme horrek geroago gutun-harremana eduki zuten Unamunorekin. Semearen  gutunetako batzuk, besteak beste Unamunori Emilianoren heriotzaren berri ematen diona (1919), Deustutik idatzi zizkion, hain zuzen Ibarrekolanda aldean zeukan Bidondo etxaldetik.

Baina Emiliano Arriagak Deustuarekin eduki zuen lotura ezin argiago azalduko digu herriari eskaini zion olerki musikala: Goizabarra Deusto’n. Itxura baten, lehenengoz erdaraz egin zuen –Amanecer en Deusto- baina gero euskaratu eta 1930an argitaratu zuten Tolosan.

Bilbotarren euskara (1898)

Hona hemen Arriagaren Lexicón horretan batutako berba batzuk. Esate baterako, irain eta izenlagun deskalifikatzaileetan oso oparoa zen bilbotarren euskara. Zikinari ugerdo, zorrizto, koipezto edo saskel esaten zioten. Berbalapikoari, betiberba edo, neskatila izatekotan, txatxala –kaskarin esanahi erantsiarekin-. Astunari, kantsagarri.

Harroari, handiputz; itxura eskasa zuenari, itxurabako edo trauskil. Zapata eta arropa zaharrak janzten zituenari, zapatazar. Pazientzarik gabeari, kakapirri. Hamaika kontutan lanean edo eragile zebilenari, zeregintxu (hori ez da iraina). Dirua erruz xahutzen denean, bonbon. Eta hortik, idatzi zuen Arriagak, “Dagonien bonbon, eztagonien, egon!”. Eta frakanasai nori esaten zioten? Arriagak honela itzuli zuen: ‘calzonazos, bragazas’.

Emakumeentzat beren-beregi sortutakoak ere baziren: marilumo –fantasia handiko andrea-, marisorki –sorkia buruan lan egiten zuten emakume guztiei deitzeko, gutxietsiz-, marimoltzo –itxura gutxi zaintzen duen emakume lodikotea-, marisaskel –marimoltzoa baino zikinagoa-, marizoro, marikoipe –hori ere zikina-, marimuturre (muturturik, haserre egoten denari).

Gorputz atalak ere euskaraz izendatzen zituzten Bilboko erdaldunberri haiek: begitxindorra, kolkoa, musturra, orpoa, okotza eta kontrakozuloa (kontrako eztarria). Gaur egun ‘atragantatu naiz’ entzungo dugu; orduan erdaraz esango zuten ‘se me ha ido por el kontrakozulo’. Eta ‘taloian hartu dut min” esaldiaren ordaina orain dela ehun urte ‘me duele el orpo’ izango litzateke.

Testua: Hektor Ortega

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: