prestaldizkaria

Iker Garro: “Txileko estatu kolpea oso gertu dago oraindik”

In Uncategorized on Iraila 26, 2013 at 11:06 am

Gureak kanpoan Iker Garro Basamortua

GUREAK KANPOAN: Iker Garro – Txile, Caldera

 Jatorria: Deustu

Bizitokia: Caldera, Txile

Denbora: 13 hile

Lanbidea: ingeniaria

Dunak

Noiztik zaude Txilen?

Badira 13 hilabete Caldera herrira heldu nintzela. Herri txikia da eta bertan denek ezagutzen dute elkar, baina ondo hartu gaituzte kanpotik heldu garenok eta lekura moldatzea erraza da: eguraldi paregabea, turismoa egiteko nahibeste aukera, gastronomia ona eta zabala…

Zerk harritu zaitu gehien bertako bizimodutik?

Hona heltzean harritzen duen zerbait estatuaren antolaketa da. Guztiz zentralizatuta dago Txile. Hedabideak, merkatuak, azpiegiturak, osasun zentroak… Guzti-guztia Santiago inguruan. Eskualdeek ez dute batere autonomiarik eta edozein erabaki (politikoa, elkonomikoa edo eguneko bizitzakoa) Santiagok baimendu behar du. Eta hori ipar zein hegoaldeko eskualdeetan bizi direnek pairatzen dute.

Zelakoak dira txiletarrak?

Oso jatorrak dira. Eta jaia botatzeko prest dira beti. Edozein aitzakia da ona parriladak antolatzeko. Baina gehien harritu nauen ezaugarria, euren abertzaletasuna da. Oso harro daude Txiletar izateaz. Batzuetan arrazakeriaraino heldu daitekeen ezaugarria.

Zelakoa da Txileko iparraldea? Eta Caldera herria?

Esan bezala, Txile Iparraldeko Caldera herrian bizi naiz, Atakama basamortuan. Munduko lekurik lehorrena da Atakama: batzuetan, kotxea hartuta, inguruko lekuak bisitatzera joaten gara, eta kilometroak eta kilometroak egiten ditugu inolako izaki bizidunik ikusi gabe. Koloretsua da basamortua, baina landarerik ez. Caldera herria kostaldean dago ordea, inguruko leku turistikoa da. Udan (abendua, urtarrila eta otsaila) jendez betetzen da eta giro bikaina dago. Oso gustura bizi gara.

Zer lan egiten duzu?

Gatzgabetzeko zentro bat ari gara eraikitzen. Itsasoko ura hartzen duen fabrika, ur edangarri bihurtzeko. Munduko lekurik lehorrena da Atakama, baina munduko lekurik aberatsena mineraletan ere bai: urrea, kobrea, zilarra, burdina, litioa… Meategiek euren prozesuetarako behar duten ura hornituko dugu guk. Lortutako uraren laurdena herritarrentzat izango da.

Zelan bizi dute Txilen Pinocheten estatu kolpearen 40. urteurrena?

Gure aiton-amonek bizi zuten gerra ez bezala, Txileko estatu kolpea oso gertu dago oraindik, eta gazteenek kenduta, beste guztiek sufritu zituzten estatu kolpea edota bere ondorioak. Baina estatu kolpea bera baino, bertako jendeak eta hedabideek nabarmentzen dutena, 17 urtez iraun zuen diktaduran gertatu ziren giza eskubideen urraketak dira: torturak, hilketak, bortxaketak, mehatxuak, bahiketak… hau izan da egun hauetan hizpide kalean zein irrati eta telebistan.

Hala ere, estatu kolpearen aldeko jende asko egon zen, egungo Txileko presidente den Piñera edo aurtengo hauteskundeetarako eskuineko partiduen presidentegai den Mathei, adibidez. Lotsagarria eta tristea da 17 urteko diktadura horri “erregimen militar” eufemismoaz deitzen dioten pertsonak eta politikoak egotea.

Bospasei urtetan bospasei herrialdetan bizi izan zara (Menorca, Alicante, Aljeria…), zergatik? Gustuko duzu kanpoan bizitzea?

Lehenengo eta behin, argi gera dadila: Deusturen parekorik ez dut oraindik aurkitu. Galderari erantzuten, bai. Pilo bat gustatzen zait kanpora joatea. Turismoan joanda ez dira lekuak ezagutzen. Eraikuntzak, museoak eta jatetxeak bisitatzen dira, eta bueltan etxera. Herri bat benetan ezagutzeko, denbora eman behar da lekuan bertan. Eta bizimodu honek hori egiteko aukera ematen dit. Bizi osorako esperientziak eta harremanak egiten dira. Zortea da horrela ibiltzea ahalbidetzen duen lana izatea. Baina, badakit nire lekua Deustun dagoela eta bertan bukatu nahi dudala nire ibilbidea.

Krisi ekonomikoa igarri duzu?

Nik neuk ez dut oraindik holakorik pairatu, zorionez. Baina igarri, igartzen da. Txilen ez dago horrelako arazorik. Datu ekonomiko gehienak positiboak dira, euren ekonomia espero baino gutxiago hasi bada ere. Langabezia gutxi dago, pobreziak behera egiten du…

Ingeniari asko jaoten dira kanpora lan bila. Zure kasua da?

Kasu berezia da gurea. Nik Madrileko enpresa baten egiten dut lan. Nire lantokia Erandion dago, etxetik gertu. Baina atzerriko proiektuetara bidaltzen naute, eta epe luzeak pasatzen ditut kanpoan. Dena den Europatik heldutako langile dezente ezagutu ditut hemen, lan bila Txilera heldutakoak. Gehienak espainolak, baina euskaldunen bat ere ezagutu dut.

Zer duzu Deustutik faltan?

Gauza tipiko eta topikoez gain (familia, lagunak…), faltan dudan gauzetako bat, benetako jaia botatzea da, lagunekin Luzarratik poteatzen. Bestaldetik amak prestatutako bakailaoa, legatza, indabak… gustura jango nituzke orain!

Noiz bueltatuko zara etxera?

Gurasoek ez dezatela irakurri, baina beste urte edo urte eta erdirako daukat hemen. Bukatzean beste lekuren batera joateko asmoz!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: