prestaldizkaria

Jon Telletxea eta Urtzi Martinez: “Absoluzioa nahi dugu gure kontrako frogarik ez dagoelako”

In Uncategorized on Iraila 25, 2013 at 8:06 am

JON-URTZI 1

Gehiengo sindikal eta sozialak, Eleak mugimenduak eta milaka herritarrek eskatu dute, besteak beste, hiru grebalari gazteen absoluzioa. Gazte horietako birekin hitz egin dugu epaiketa bukatu berritan, Deustualdeko Jon Telletxea eta Urtzi Martinezekin. Astebete barru epaia ezagut dezakete.

Irailaren 12an epaiketa bukatu ostean, zelan zaudete?
Jon: Urduri, epaiaren esperoan.
Urtzi: Lasaiago gaude epaiketa ostean, baina tentsiodun lasaitasuna bizi dugu.

Hamalauna urteko kartzela zigorra eskatzen dizue fiskaltzak M29ko greba orokorreko istiluengatik. Animotsu zaudete?
Jon: Muntaia bat denez argi dugu ez dagoela gure esku.
Urtzi: Absoluzioa nahi dugu. Gure kontra ez dagoela frogarik argi geratu da epaiketan. Baina errealistak izan behar dugu; gure aurkako akusazioak oso larriak dira eta epaileak presioak jasoko ditu. Nahiz epaiketan beraien teoriak desmuntatu diren ezin gara fidatu. Agintearen aurkako atentatu eta lesioen zigor eskaerak kenduko dizkiguten esperantza dugu. Aitor Fernandez Piol-en kasua desberdina da. Berari absoluzioak edota falta arinak baino ez dio balio kartzela ekiditeko. Presioa bikoitza da horregatik.

Epaiketan irregulartasun ugari salatu dituzte zuen abokatuek. Besteak beste, Ertzaintzak “gertaerak manipulatzea” zuek errudun jotzeko.
Jon: Batetik, epaitegiko segurtasun kamerek grabatutako bideo bat dago, horrek grabazio ordua adierazten du eta, bestetik, polizia agenteek ezkutuko kamerekin grabatutako bideoak, horiek ez dute ordua adierazten. Grabazioak denbora tarte berean gertatu zirela dio akusazioak, eta Ertzainen aurkako kolpeetan parte hartu genuela. Baina grabazioen artean bospasei minutu pasatzen direla argi geratu da. Gu epaitegiko grabazioetan agertzen gara kalean gora goazela eta ordurako erasoa pasata zegoen.

Beste irregulartasun bat. Ertzaintzako kideek grabazioak epaitegiko diligentziak hasi aurretik ikusita zeuzkaten.
Jon: Legez ezin dira aurretiaz ikusi.
Urtzi: Izan da gehiago ere. Inguruko dendetako grabazioak aipatu zituzten, baina epaiketan ez zituzten aurkeztu akusazioarentzat eztabaidaezinak ez zirelako. Gure abokatuak esan zuen bezala guretzat lagungarriak izan zitezkeen eta, gainera, hori epaileak erabaki beharrekoa zen, ez akusazioak.

Kaputxadun pertsona baten identifikazioa indar gabe geratu zen epaiketan. Zelan, zehazki?
Urtzi: Akusazioaren lekukoak argazkietan ez ziren Aitor Fernandez identifikatzeko gai izan kamiseta gorriarekin beste pertsona batzuk ere bazeudelako. Orduan Ertzainek zelan identifikatu zuten aurretiaz Aitor Fernandez bezala?

Auziperatuen abokatuek “txartzat” jo dute kasuko instrukzioa. Zuek?
Jon: Serioagoa izango zela uste nuen, nahiko zirkoa izan zen. Akusazioak frogekin oso txarto egin zuen, Ertzain lekukoen artean kontraesan asko zeuden… Zelan izan daiteke hain erraza horrelako marroia sartzea lau gazteri? Ez daukate gure kontra ezer ere.
Urtzi: 10 edo 12. Ertzaina deklaratzen entzuterako, kontraesanak argiak ziren eta horrelakoetan aretoko jendearen marmarra eta barrea entzuten zen. Aretoko jendea eta gu geu konturatu baginen, espero dugu epailea ere konturatzea.

DENAK
Zergatik diozue borroka soziala kriminalizatzeko eta desaktibatzeko estrategia dela zuen aurkako epaiketa?
Urtzi: Zergatik auziperatu gaituzte gu lauok eta ez beste norbait? Aitor Fernandezek beste zigor bat beteta du jada eta gu hiruok subjektu aktibo gara Deustun bai gazte mugimenduan, bai greba asanbladan, bai jai batzordean… esparru askotan. Ez da kasualitatea. Eta gure epaia ziurrenik, zigor eskaera bezala, prentsaren bidez ezagutuko dugu.

Epaiketa egunetan jendetza batu zen Buenos Aires kalean, epaitegiko ate aurrean. Espero zenuten?
Jon: Hain urduri nengoenez ia ez nintzen konturatu. Eskertzeko da jasotako babesa.
Urtzi: Ez nuen hainbeste jende espero. Ikaragarria izan zen. Sartzean jendea txaloka hasi zen eta kameren flashak ikusi nituen. Urduritasuna eta lotsa sentitu nituen, baina jendea gurekin ere sentitu nuen.

Epaiketaren oihartzun mediatikoak harritu zaituzte?
Urtzi: Oihartzun indartsua izan du. Cuatron agertu da, Teleberrin eguerdian eta gauean; baikorra izan da zentzu horretan.
Jon: Duela urtebete atxilotu gintuztenean El Correok garrantzia eman zion albisteari. Ukitu mormosoa eman zion. Epaiketari ordea ez dio lekurik eman. Ia ezkutuan pasa du gaia.

Zein izan da bidegabekeria handiena zuen kasuan?
Jon: Zigor eskaera prentsara filtratuta ezagutzea ez genuen espero eta gutxiago 14 urteko kartzela zigor eskaera. Hain erraza da lau gazteri bizitza hondatzea? Epaiketan ere gauza bera. Epaikea hotz aztertuta, ez dute ezer gure aurka, baina 14 urteko zigorra eskatzen jarraitzen dute. Inpunitatea dute edozer leporatzeko frogarik gabe. Horrek markatuta utziko gaitu, nahiz eta gu errugabe izendatu, jendeak gu nortzuk garen jakingo du.

Nola eragin dizue guzti honek?
Jon: Ez digu bizitza aldatu, baina gure hurbilekoak txarto pasatzen ikusi ditugu.
Urtzi: Gu urduri gaude, baina gure senitartekoak askoz gehiago. Baldintzatzen gaitu, adibidez, bidaia bat prestatzeko hurrengo hilean. Agian ondo aterako da edo agian ez eta errekurritu egin beharko dugu. Egoera larria da, ziurgabetasun handia dugu.

Beste grebalari auziperatu batzuekin harreman handia izan duzue. Zein egoera errepikatzen dira han-hemenka?
Urtzi: Gernika, Gasteiz, Iruñerria, Lizarra eta Katalunian, esaterako, azken greba orokorretan atxilotu eta auziperatuak izan dira. Esperientzia eta elkartasun ugari konpartitu dugu. Gure sistema ekonomiko eta soziala krisian dago, inoiz baino greba gehiago daude egun, eta kalera gure eskubideak aldarrikatzera irteten garen jendearen kriminalizazioa nahi dute.

Grebalariak aske! kamiseta gorria ere han-hemenka dabil.
Urtzi: Sei euro balio dituen kamiseta da, laster pijama bezala erabiliko dugu, baina egia da, asko saldu dira eta leku askotara heldu dira.
Jon: Eskertzekoa da jendearen prestutasuna kamiseta erosi, jantzi eta saltzeko. Ikur bilakatu da kamiseta.

Zelan ikusten duzue etorkizuna?
Jon: Datorrena datorrela gu hemen gaude esperoan.
Urtzi: Errrugabeak gara eta edozein epairen aurrean erantzungo dugu, aldekoa zein kontrakoa izan. Lasai gaude gure buruarekin, egin dugunarekin eta egin ez dugunarekin. Dena ongi irtetea espero dugu.

DENAK GOITIK

“EZ GAUDELA BAKARRIK”

Martxoaren 29ko greba orokorreko istiluak leporatuta ekainean atxilotu zintuzteten. Hilebetera jaio zen Grebalariak aske! plataforma Deustun. Zein lan egin du?
Jon: Oso ona, beso oso indartsua izan dugu; auzotarrak, kideak, elkarteak… hurbildu zaizkigu. Ni Erriberakoa naiz eta poz asko sentitu dut, batzuetan hunkitzeraino. Eskertzekoa da.
Urtzi: Gure absoluzioa eskatzeko eta dena muntaia poliziala dela salatzeko sortu zen plataforma. Ikaragarria izan da izan duen oihartzuna. Kristoren lana egin du: leloa, ikonoa, eman dioten zabalpena eta lortu duen jendearen erantzuna. Gure atxiloketaren gauean egon zen manifestazioan, esaterako. Arangoitin, nire kasuan, auzoko jaietan, auzotarrak ezin sinetsita zeuden, ezagunek eta ez hain ezagunek “ez da posible”, “ez dugu sinesten”, “muntaia izan da”, esaten zidaten.

Informazio mahaiak, atxikimendu eskaerak, elkarretaratzeak… Bilboko auzoko jaietan eta Aste Nagusian lan asko egin du plataformak zuen kasua zabalduz. Izan da ekitaldi berezirik?
Urtzi: Elkartasun keinu asko jaso ditugu; Venezuelako horma-irudia, Marinaledako eta Errumaniako argazkiak… izugarri eskertzen ditugu. Aste Nagusian, txosnagunean, ia txosna guztietan Grebalariak aske!-ko bandera edota panpinak ikustean ez gaudela bakarrik konturatu ginen. Arangoititik abiatu zen manifestazioan, epaiketaren aurreko larunbatean, puxiken sinbologia ere oso berezia izan zen.

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: J. Garcia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: