prestaldizkaria

Aurtengo Zinebi jaialdiko kartela eta filmak prest

In Uncategorized on Iraila 18, 2013 at 9:05 am

cartel A4

Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiak (ZINEBI) azaroaren 15etik 22ra ospatuko du bere hurrengo edizioa –55 zenbakia egingo duena–.

Lanak aurkezteko epea itxi ondoren, ZINEBIk 3.367 film jaso ditu, eta horien artean aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko direnak, Sari Nagusia eta lehiaketan parte hartuko duten hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez. Genero horiek, fikzioa, dokumentala eta animazioa izango dira.

ZINEBIk, mundu osoko zinemazale gazteentzako (eta ez hain gazteentzako) zinemaldi erakargarria izan nahi du aurten ere, eta horren froga gisa, aurkeztutako filmen jatorrizko herrialdeen aniztasuna aipa daiteke. Horrela, Frantzia da, berriro ere, film gehien aurkeztu duen herrialdea, 452 lanekin, 607 lan aurkeztu dituen Espainiaren atzetik soilik. Horrez gain, garrantzitsua da beste herrialde batzuen presentzia nabarmena azpimarratzea, Alemania (266 film), Estatu Batuak (190), Brasil (160), Erresuma Batua (125), Kanada (94), Iran (88), Italia (83) edo Errusia (74). Hegoamerikako herrialdeen artean, jada aipatu dugun Brasilez gain, 71 lan aurkeztu dituen Argentina eta 32 film aurkeztu dituen Mexiko azpimarratu behar dira. Gure pantailetan oso ohikoak ez diren lekuetatik etorritako filmen partaidetza ere bereziki aipagarria da. Horra hor Kamerun (3 lan), Moldavia (2) edo Qatar, Etiopia, Irak, Angola, Burkina Faso, Nepal eta Pakistan, bakoitza film labur batekin.

Horrez gain, ZINEBI 55ek Euskadin ekoiztutako 115 lan jaso ditu, iazko edizioan baino %47 gehiago, iaz 78 lan aurkeztu baitziren.

Aurkeztu diren lanen jeneroei dagokienez, nagusia, aurten ere, fikzioa da, fikziozko 1.844 film aurkeztu baitira. Horrez gain, 940 dokumental, animaziozko 380 film eta jenero nahasketa bitxiak egiten dituzten edo jeneroen arteko muga diren lurretan mugitzen diren 203 pieza esperimental ditugu, edozein katalogazio ahaleginetik kanpo geratzen diren lanak, hain zuzen ere.

ZINEBI 55 IRUDIA

ZINEBI 55 jaialdiaren irudiari dagokionez, kartelaren egilea, Oscar Mariné ilustratzailea, 2010eko Diseinu Sari Nazionala, da, berriro ere. Nazioartean duen ospea dela eta, diskoen azalak sortu ditu Bruce Springsteen, The Psychedelic Furs, Brian Eno, Michel Camilo, Andrés Calamaro, Tomatito, Inmaculate Fools, Siniestro Total eta Kevin Ayers bezalako artista handientzat, beste batzuen artean. Zine munduan izan duen parte hartzea ere azpimarragarria da, Pedro Almodóvar, Álex de la Iglesia edo Julio Médem zinegileek egindako filmen kartel ezagunenetako batzuen egilea baita.

2000. urtean hasi zen ZINEBIrekin lanean, lehen planoan, uretatik irteten ari zen ume baten irudia erakusten zuen kartelarekin. Kartel hark arrakasta handia lortu zuen. Ordutik aurrera, Raquel Welch, Lloyd Bridges, Charlotte Rampling, Oliver Hardy eta hain ezagunak ez diren –edo erabat ezezagunak diren– beste pertsonaia batzuk izan dira jaialdiaren irudiaren protagonistak. Oraingo honetan, Marinéren proposamenak umorez betetako keinua egiten die urtez-urte ZINEBI jaialdiari leial izan zaizkion ikus-entzuleei, jada beteranoa den zinemaldi honen aintzatespena merezi duten belaunaldiei, orain arte ezagutu izan dugun zinea unibertso digitalean desagertzen ari dela dirudien une honetan, bere krisialdi ekonomikoan eta artistikoan murgilduta, jasaten ari garen nazioarteko abagune zailari ihes egin ezinik.

Jaialdiak izan dituen ikus-entzuleei egindako omenaldia da, asmo autoparodiko eta dibertigarriarekin. Izan ere, aukeratutako diseinuak, trazatu xumea eta antiziklikoa daramanak, aurpegi gazte wimwendersiar eta gafapasta antzekoa erakusten baitu, sarri askotan ZINEBIra hurbiltzen den zinemazaleari ematen zaion klixearen aipamen argia eginez.

PRE-ZINEBI

Beste alde batetik, aurten ere, Pre-ZINEBI Campos Antzokiko Cupula Aretoan egingo da. Azaroaren 9tik 16ra ospatuko da, eta berriro ere, Euskadiko elkarteen, erakunde profesionalen, taldeen eta zine eskolen laguntza izango du. Talde horiek, ikus-entzunezko ekoizpena kultur jardueraren eta ekonomiaren motore bilakatzeko xedez burutzen duten lana erakutsiko dute. Pre-Zinebik hitzaldiak, proiekzioak, zuzeneko emanaldiak, eta jada klasikoa eta ezinbestekoa bilakatu den Zinebi Express lehiaketaren bosgarren edizioa eskainiko ditu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: