prestaldizkaria

Gurera etorria – Ivan Silva: “Zaila da niretzat aterkina erabiltzea”

In Uncategorized on Uztaila 29, 2013 at 3:32 pm

Gurera etorria Ivan Silva

Jatorria: San Vicente, Cabo Verde. Bizitokia: Deustu. Noiztik: urtebete dela.

Noiztik bizi zara gure artean?

2008an heldu nintzen Bilbora eta duela urte bete bizi naiz Deustun.

Gustuko duzu Deustu?

Bai, leku laua da, hemen ez dago gorabeherarik. Izan ere, Cabo Verden ez dago inora igo beharrik. Ez dut ohiturarik. Deustu leku lasaia da eta oso ondo kokatuta dago. Oso gustuko dut.

Zelan hartu zaitugu deustuarrok?

Ondo, oso ondo. Jende gaztea oso irekia da, beste herrialde batzuetako pertsonak ezagu-tzeko gogotsu dago. Bertoko jende asko lagun egin dut.

Zer dakigu deustuarrok Cabo Verderi buruz?

Gehienek ez dakite Cabo Verde non dagoen ere. Nik ere ez nekien Bilbo non zegoen. Donostia entzunda nuen, baina Bilbo ez. Bi bilbotar ezagutu nituenean, mapan begiratu, eta orduan jakin nuen non zegoen.

Eta zer dakite Cabo Verden Bilbori buruz?

Athleticek UEFAn jokatu zuenetik geroz eta ezagunagoa da Bilbo Cabo Verden futbol zaletasun handia baitago. Pentsa, nire lagunek Llorenteren kamiseta bidaltzeko eskatu zidaten Munduko Futbol Txapelketaren ondoren.

Futbolzalea zara? Zer deritzozu San Mames Barriari?

Izugarri gustatzen zait. Zelai handiagoa izango den arren, giroa aurreko berbera izango da.

Herriminik baduzu?

Bai, hasieran familia eta lagunak faltan nituen, baina denborarekin ohitu naiz eta bertan lagunak egin ditut. Une honetan, gehien-gehien beroa, eguzkia falta dut. Cabo Verden urte osoan klima tropikala daukagu, ez gaude bi aste euripean ematera ohituta. Zaila da niretzat aterkina erabiltzea.

Cabo Verdeko etorkina zara zu. Herri inmigratzailea al da?

Bai, oso. Bizitza hobearen bila irteten gara caboverdetarrak gure herritik. Familia gehienek dute inmigranteren bat edo beste sendian. AEBetan Cabo Verden baino caboverdetar gehiago bizi dira. Kanpoan gaudenok bidalitakoak eusten dio batik bat gure herriari.

Zenbat zarete Bilbo aldean?

Nik bospasei herrikide ezagutzen ditut. Ziurrenik gehiago ere izango gara. Estatuan Bartzelonan eta Castilla Leonen daude caboverdetar komunitate handienak.

Lanik baduzu?

Zerbait irteten zait. Mudantzetan zama lanak egiteko edota publizitatea egiteko deitzen didate. Krisia nabari da. Administrazio kudeaketa ikasketak egin nituen baina baliozkotze prozesua geldoa da. Curriculumak banatzen ditut, lan elkarrizketak egiten ditut, baina gero oso zaila da telefonoz deitzea.

Zein asmo duzu aurrera begira?

Lana lortzea eta nire bizitza hemen egitea. Gustura nago hemen. Hondartza, mendia, bizitza kalitate ona eta osasun zerbitzu onak daude. Bertako beste bat izan nahiko nuke. Baina egoera hobera ez badoa  joan egin beharko dut hemendik beste nonbaitera.

Euskara ikasi duzu?

Umeekin ikasi dut euskara gehien. Hitz batzuk badakizkit, agur egiten eta eskerrak ematen; esaldi osorik oraindik ez.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: