prestaldizkaria

Erreportajea: La Cava etxeak

In Uncategorized on Uztaila 29, 2013 at 9:02 am

CAVA_ARGAZKI ZAHARRAK

Deustualdeko eraikin ederrenetakoak bisitatzeko aukera izan da ekainean Bilbao Izan ekimenari esker: Rafaela Ibarraren La Cava etxeak. Unibertsitateen etorbideko bi jauregiek jakin-minez beteriko herritarrei ateak zabaldu dizkiete.

Egun Deustuko unibertsitatea dagoen lekutik udaletxera arteko espazio guzti horri esaten zaio La Cava. Artxandako maldatik behera isuri eta bertan pilatzen den urak eman zion deitura hori. Baina badira inguru horretan -Unibertsitateen etorbideko 10. zenbakian- 1869. urtean eraiki ziren etxe bi izen berarekin, Rafela Ibarraren senarrak, Jose Villalongak eraikitzeko agindu zituenak, hain zuzen. Biak ala biak, Angeles Custodios kongregazioarenak dira; bata moja etxea da egun, ikasleen erresidentzia bestea. Biek ala biek ateak zabalik izan dituzte ekainean, egunero, ehunka herritarren bisita jasotzeko.

cava7

Oso eder eta ikusgarri diren bi etxeak Volantin zelaian altxarazi zituzten, Deustuko elizateko lurretan. XIX. mendean Bilboko burgesen pasealeku gunea zen. Han, dena zen zelaia edo basoa. Inguru natural batean bizi nahian Rafaela Ibarra eta bere senar Jose Villalonga Areatzan zuten etxetik ihesi lekuz aldatu ziren bertara. Lehen alaba gaixotasunak hil zuela eta, Areatzako etxeak oroitzapen tristeak baino ez zekarzkien.

Rafaela Ibarra familia onekoa zen, ezagun eta aberatsekoa. Ibarra sendiak, besteak beste, burdin negozioak zuzentzen zituen eta, Rafaelaren aitarekin harreman estua zuenez, etxekotzat zuten Jose Villalonga, industria gizon kataluniarra. Hogei urteko adin tartea ez zen oztopo izan bien arteko ezkontzan. La Cava etxeek antzeko egitura dute. Ezkerrekoa -larrosa kolorekoa- Rafaela, Jose eta izan zituzten zazpi umeren bizitoki izan zen. Eskuinekoa -hori kolorekoa- Rafaelaren gurasoen bizitoki. Bi eraikinak pasabide batek lotzen ditu lurrazpitik eta lorategi batek lurrazaletik. Karlisten gudan nahiko suntsituta geratu ziren arren, zaharberritze lanei esker kalte arrasto guztiak konpondu zituzten.

Aldapan gora Artxanda goraino luzatzen zen Ibarra-Villalongatarren lursaila. Zig-zag egiten duen pasealekutik gertu hilerri txiki bat eta askari gune bat ere bazituzten.

cava11

Lorategiak aparteko garrantzia izan zuen Rafaelaren bizitzan. Magnolio eta Indietako gaztain handien azpian denbora asko ematen zuen otoitzean. Aurrerago, erosoagoa zen oratorio bitxia eraiki zuen etxe barruan, bere logela ondoan. Sinismen handiko emakumea zen Rafaela eta San Nikolaseko Leonardo Zabala erretorearen aholkuei jarraituz behartsuei laguntzeari ekin zion. Umezurztegia eta haurtzaindegia zabaldu zituen eta 1890ean Zabalbide ikastetxea, bere proiektu nagusia. Ume eta neskatila behartsu asko zeuden orduan, kalean, La Galerako kartzelan eta beste leku askotan baldintza txarretan bizitzen. Horietako ba-tzuk, sexu bidezko gaixotasunak zituzten. Bilbora lan bila etorritakoak ziren, zorterik gabe, prostituzioan eroritakoak. La Cavan hartu zituen Rafaelak, baina denentzat lekurik ez, eta etxe oso bat eraiki zuten espresuki Santutxun. Handik 10 urtera hil zen Rafaela, 1900. urtean, minbiziak jota. Berak sortutako Religiosas de los Santos Ángeles Custodios kongregazioa 1909an Santander, Salamanca eta Malagara zabaldu zen eta 1920an Latinoamerikara.

CAVA IMG_20130628_182456

1984. urtean Juan Pablo II. aitasantuak beata izendatu zuen Rafaela Ibarra eta baliteke gorago ere iristea, Angeles Custodios kongregazioko kideek diotenez, santu egiteko fedea ez dute galdu.

Ibarra sendiak kongregazioaren esku utzi zituen La Cava etxeak 1927an. XX. mendeko 70eko hamarkadara arte erabili zituzten umezurztegi eta haurtzaindegi gisa. Egun, moja eta ikasleen bizileku dira eta Bilbo hiriak izan duen aldaketen lekuko pribilegiatu. Lehen lerrotik so egiten diete, besteak beste, Deustuko unibertsitateari, Guggenheim museoari edota Iberdola dorreari.

“Ez dakigu etxe hauek berriro ikusteko aukera izango dugun”

Ariane Totorika izan da Ibarra familiaren La Cava etxeak erakutsi dituen gidetako bat. “Gustura” bezain “nekatuta” iritsi da azken bisitara. Izan ere, aurreikuspenak hautsi dituzte Rafaela Ibarraren etxeek, Udaleko teknikariak harritzeraino. Ia hedabideetan iragarri gabe bete dira Rafaela Ibarraren jauregiak barrutik ezagutzeko bisita gidatu guztiak. “Gaztelerazko bisitak hiruzpalau egunetan” eta ondorioz, bisita ordu gehiago erantsi dituzte herritarren eskariari erantzun ahal izateko.

cava6

Bitxikeriak izan ditu gustukoen publikoak. “Historia”, Arianeren esanetan. Historia datuak anekdoten bidez eman dituzte ordu eta erdiko bisita astunegia ez izateko. “Sekulakoa izan da jendearen ikusmina. Ez dakigu etxe hauek berriro ikusteko aukera izango dugun”. Hortik bilbotarren interesa.

Arianek azaldutako Rafaela Ibarraren bizitzako pasarteak eta bere etxeen berriak adi-adi jarraitu dituzte bisitariek. Rosari argazkien gela, beirateak, eskailera… dena gustatu zaio eta, batik bat, Rafaelak etxe barruan erabiltzen zuen espazioa; bere logela, kapera eta bulegoa: “Etxeko txokorik onenak, hegoaldera begira daudenak.

cava10

Josek Deustuko Mr Jamen eskuratu zuen La Cava etxeetako bisiten liburuxka. “Interesgarria” iruditu eta bisita egiteko hitzordua eskatu zuen. Mojek La Cava etxeak eta ingurua “oso ondo zainduta” dauzkatela diosku. Pena txikia geratu zaio bisita ostean. Lorategitik eta mendian gora duten bidexkatik paseatu nahiko luke Josek: “Guzti hau publikoarentzat zabalik izan beharko lukete”.

Izan ere, atea itxita izan ohi dute La Cava etxeek bertan bizi diren moja eta ikasleentzat eta beraien hurbilekoentzat salbu. Meza ematen denean soilik zabaltzen dute publikora. Neguan, moja etxeko kaperan ematen dute meza eta udan, ikasleen erresidentziako kaperan.

Hurrengo bisita

Bilbao Izan ekimenak Bilboko eraikin bereziak: komentuak, atzo eta gaur programa abiarazi du aurten. Hasteko, maiatzean Atxuriko Gizakunde eliza eta komentua ezagutzeko aukera izan zen. Ekainean, Ibarra familiaren La Cava etxeak eta azkenik, irailean, Basurtuko klaratarren komentua bisitatu ahalko da. Interesa duenak bisita gidaturako hitzordua eskatzea beharrezkoa du.

Argazkiak: Iñigo Azkona

 www.bilbaoizan.net

94 401 00 10 / 010

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: