prestaldizkaria

Joana Etxano Gandariasbeitia: “Genero berdintasun faltsu batean bizi gara”

In Uncategorized on Uztaila 24, 2013 at 10:37 am

JOANA

Mugarik Gabe GKEn egiten du lan, genero eta hezkuntza arloetan. Emakumeok egunero pairatzen ditugun zapalkuntzak azalarazi eta errealitate hori aldatzen saiatzen da bere lanean eta bizitza pribatuan.

Ekainean Bilbon andreen eskubideen urraketak epaitu dituen auzitegi sinbolikoa antolatzen ibili da buru-belarri, beste hogei elkarterekin batera.

Emakumeen Eskubideen Auzitegia antolatu berri duzue Bilboko Bizkaiko Abokatuen egoitza nagusian. Zertan datza ekimen hori?

Amerika Latinan emakumeen eskubideak defendatzeko asko erabiltzen den tresna da hori eta guk gurera ekarri nahi izan dugu. Herrialde ezberdinetako emakumeen testigantzak entzun ditugu eta adituez osatutako epaimahai batek zigorrak eta gomendioak biltzen dituen ebazpenak eman ditu. Gure eskubideen aldeko aldarrikapena egiteko oso tresna indartsua da.

Espainia, Kolonbia, Guatemala eta El Salvadorreko Estatuak, bi enpresa eta euskal familia bat zigortu ditu auzitegiak. Badute beraiek ebazpenaren berri? 

Momentuz jendartera zabaldu dugu ebazpena. Eragin politikoa izan nahi dugu horrela eta irailean zein bide hartuko dugun erabakiko dugu. Badira proposamen batzuk dagoeneko, ebazpena administrazio publikoei helarazteaz gain, hedabide eta hezkuntza arloan lantzeko ere, baina antolaketan parte hartu dugun elkarteok zehaztuko dugu nola jarraitu. Argi duguna zera da: elkarrekin lanean jarraitu behar dugula, sarea gero eta gehiago zabalduz.

Hogei elkarte inguru aritu zarete lan honetan. Ez zen lan erraza izango?

Oso prozesu interesgarria eta polita izan da. Talde dinamizatzailean bost elkarte egon gara: Hegoa eskubideen institutua, Mugarik Gabe, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Feministalde eta Bilgune Feminista. Emakumeen giza eskubideen gaia oso zabala da eta hiru lan ildo definitu genituen. Abortatzeko eskubidea, indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea eta bizimodu duina edukitzeko eskubidea. Hilean behin elkartu eta hartu beharreko erabakiak hartzen genituen, gai batzuk posta elektroniko bidez erabaki ditugu eta Skype bitartez aritzeak ere beste herrialdeetako jendearen parte-hartzea erraztu du.

Amerika Latinako elkarteek beraien pisua izan dute.

Amerika Latinako elkarteekin egin izana lan hori oso aberasgarria da, hemengo eta hango elkarteak egotea batzuetan zaildu egin du lana baina ikustea bi herrien arteko konexioa eta eragina oso interesgarria izan da, Mugarik Gabe elkartean dugun nazioarteko ikuspegitik, oso garrantzitsua izan da. Azken finean, eurengandik ikasi dugu auzitegien kontu hau.

Gaietan adostasuna lortzeko arazorik izan duzue?

Gai batzuk definitzea kostatu zaigu, eskubide ekonomikoena adibidez, oso gai zabala da baina ez da enplegua eta lanera mugatzen, lurra eta ura izateko eskubidea ere bada. Indarkeria sexista edo sexualaren kasuan eztabaida non jorratu erabaki behar izan genuen baina, puntuak adosteko ez dugu inolako arazorik izan. Talde guztiak oso irekiak izan gara, baditugu gure ezberdintasunak baina komuneko puntuak bilatzen saiatu gara, konbentzitzen ez gintuen zerbaitekin topo egiten bagenuen, baztertu eta batzen gintuen horretara jotzen genuen. Klabe hori denok eduki dugu eta hori igarri egin da, batzarrak oso erosoak izan dira.

Testigantzak lortzea erraza izan da?

Gai batzuen inguruan ez dugu ia testigantzarik aurkitu, hemen, Euskal Herrian adibidez, abortuaren inguruko testigantza bat lortzea oso zaila izan da. Bai, harrigarria bada ere, kostatu zaigu abortatu duen euskal emakume baten testigantza topatzea.

Zein irizpide jarri dituzue testigantzak lortzeko?

Testigantzek ezaugarri batzuk izan behar zituzten. Elkarte bat egon behar zen kasuen atzean, emakumea ados egon behar zen bere kasua zabaltzeko, azkenengo urteetako kasua izan behar zen… Emakume guztiek aukeratu ahal izan dute nola eman nahi zuten testigantza hori: bideoz, beste pertsona baten bitartez edo zuzenean, izen erreala edo ezizen batekin… azken finean, ez da kontu erosoa zure kasua jendearen aurrean azaltzea eta horregatik ahalik eta erraztasun gehien eman nahi izan dugu.

Auzitegiak izan beharreko oihartzuna izan duela uste duzu?

Guk uste dugu oihartzun handiagoa izan beharko zuela baina, bai, izan du guk egiten ditugun bestelako ekimenek baino oihartzun gehiago. Inoiz baino hedabide gehiago egon da.

Hobetzeko konturik?

Bai, alde batetik ez dugu jakin izan nahi beste komunikatzen ez zirela jarduera arrunt batzuk, beste era bateko ekitaldia zela –publikoan 170 pertsona inguru bi egunetan eta streaming bitartez 500 pertsona baino gehiagok jarraitu zituzten, Amerika Latinatik jarraipen handia izan genuen, han badago auzitegiak antolatzeko ohitura gehiago–, eta bestetik, parte hartzen genuen elkarte askok agian ez dugu jakin gure elkarteetan behar bezala zabaltzen.

“Emakumeen eskubideak ere giza eskubideak dira” leloa erabili duzue. Oraindik ere aldarrikatu behar al dugu hori?

Vienan 1993an egindako beste auzitegi batzuk hartu ditugu erreferentziatzat, bertan mundu konferentzia egin zelako eta hor lehenengo aldiz, baieztatu zen dokumentu batean emakumeen eskubideak giza eskubideak ere badirela, 1993an –azpimarratzen du– eta ondorioz, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitu behar zela. Hogei urte beranduago, bai, oraindik gogoratu beharra dago lelo hori.

Badirudi ordutik gutxi aurreratu dugula.

Orokorrean aurrerapausoak eman dira, baina ez nahi bestekoak eta ez dira esaten den beste eman. Egun berdintasun faltsu batean bizi gara. Berdintasun batean bizi garela sinestarazten digute  eta mezu hori ematea oso arriskutsua da. Txarto zaudela baldin badakizu, egoera hori aldatzen saiatuko zara baina uste baduzu ez dela behar ez duzu ezer egingo. Gazte askok uste dute ez dela behar aldaketarik, berdintasun batean bizi garelako eta eguneroko bizitzan oso gauza larriak ikusten dira eta normaltzat hartzen ditugu, esaterako, sanferminetan gertatu diren erasoak, kasu. Emakumeok egunero pairatzen dugun zapalkuntzaz kontzienteak ez bagara, ez dugu ezer aldatuko.

Eta horren aurrean, zer egin daiteke?

Zapalkuntza eta ezberdintasun horiek ikustaraztea era pedagogiko batean eta exijitzea hori aldatzea. Ez soilik politikariei eta administrazioari, baita hedabideei eta hezkuntza arloan dihardutenei ere.

Ez zara nekatzen beti emakumeon eskubide urraketak ikusarazi behar izateaz?

Ni feminismora apur bat berandu heldu nintzen, internazionalismoan interesatzen hasi nintzela bide horretan feminismoarekin aurkitu nintzen eta ordutik ezin dut beste era batean ikusi mundua. Bakoitzak bere prozesua du. Bai, neketsua da etengabe gauzak azaltzen egon behar izatea eta gainera, era pedagogiko batean. Nik uste dut denekin ez dugula berdinak izan behar. Batzuekin pazientzia izan behar dugu baina beste batzuekin ez.

SAKONEAN:  “Lankidetzako elkarteak desagertu egingo dira”

JOANA4

Nola hasi zinen Mugarik Gabe elkartean?

Hemen lan egiten hasi baino lehen militante moduan egon nintzen bospasei urtez. Kasualitatez hurbildu nintzen hona, baina hemen zegoen pentsaera eta pertsonek konbentzitu ninduten. Lankidetzaren barnean duen ikuspuntua gustuko dut, gobernuz kanpoko erakundea izan arren, gizarte mugimenduetatik hurbil dago. 2010ean lanpostu bat atera zen eta nik ezaugarri horiek betetzen nituenez, bertan hasi nintzen lanean.

Gazte Alai aisialdi taldean ibili izanak eragina izan du hartutako bidea hartzeko?

Nik uste dut gaztetik elkarte batean egoteak eragina izan duela ziurrenik. Gazte Alai edo beste bat izan zitekeen baina horrelako talde batean egoteak bestelako hausnarketak egiteko aukera ematen dizu.

Murrizketak zuen lana mugatzen ari da?

Lankidetzako elkarte guztiak oso egoera latzean gaude murrizketen ondorioz eta ziurrenik desagertu egingo gara. Mugarik Gaben asanbladaren bitartez erabakitzen dugu dena, baita murrizketei nola aurre egin eta kanpora begira ditugun estrategia guzti horiek gure eguneroko lanean ere aplikatzen saiatzen gara. Barne hausnarketa asko egiten dugu, eguneroko funtzionamenduan zelan egiten dugun guk lan aztertzen dugu, gero esan ahal izateko zelan egin behar den lan. Horretan koherenteak izaten saiatzen gara.

Testua: Nerea Olaziregi

Argazkiak: J. Garcia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: