prestaldizkaria

Ceci Bosumatari: “Assam probintziako biztanleok kultura propioa dugu”

In Uncategorized on Ekaina 4, 2013 at 11:41 am

Ceci bai P1060453

GURERA ETORRIA: Ceci Bosumatari

Jatorria: Assam, Indiako ipar-mendebaldea
Lanbidea: ileapaintzailea eta estetizista Deustun

Noiz etorri zinen Bilbora?
Orain dela zortzi urte. Kuala Lumpurrera joaten saiatu nin-tzen lehenengoz, baina hegaldia erosita nuela bisa ukatu zidaten. Europar Batasunerako lan egiten zuen  Bilboko neska baten etxean beharrean hasi nintzen New Delhin. Hiru urte eman nituen haren etxean eta lagun egin ginen. Haren gurasoak eta aitona-amonak bisitan joan zitzaizkion eta haiei esker, Bilbora etorri nintzen. Haien etxean hartu ninduten ia bi urtez, eta ileapaintzaile ikasketak ordaindu ere egin zizkidaten. Beti nahi izan dut Indiatik irten, beste herriren batean lan egin eta bildutako diruarekin etxera bueltatzea. Horregatik, 14 urterekin herria utzi eta New Delhira joan nintzen mojekin Salesianosen komentu batera. Asko ikasi nuen haiekin, besteak beste, bordatzen, sukaldatzen eta ingelesez eta hindiz egiten. Izan ere, gure herrian assamia hitz egiten da. Assam probintziako biztanleok kultura propioa dugu eta bodo izeneko tribukoak gara.

Indian jaioa zara, baina ez duzu indiarrekin antzekotasun handirik?
Ez. Assamen jantzi tradizionala daramagu eta janaria ere ezberdina da. Gure herria nekazaria da eta te eta arroza uztak dira nagusi. Izugarri kostatu zitzaidan New Delhiko janari ohituretara moldatzea; herrian arroza hartzen da gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko eta hirian ez. Etxean edo ortuan laguntzen duten langileak ere ezberdin tratatzen ditugu: indiarrek zerbitzari legez eta guk familiakoak bezala. Adibidez, guztiak elkarrekin  jaten dugu eta zerbitzarien seme-alabak etxeko umeekin lo egiten dute. Indiarren etxeetakoak, aldiz, janari txarragoa eta plater ezberdinetan jaten dute. Bestalde, Assam herri katolikoa da eta erlijio ezberdinekoak elkarrekin ezkontzea txartzat ikusten da. Nire ahizpa, adibidez, New Delhiko indiar batekin ezkondu zen eta gizona musulmana denez, herrira etorri ahal izateko aitak dirua eman behar izan zion gure herriari, isun gisa. Indian ez bezala, gurean ez dago kastarik, aberatsak eta txiroak elkarrekin ezkon daitezke eta ezkonsaria ematea hautazkoa da.

Zelakoak izan ziren lehen urteak hemen?
Lehenengo hiru hilabeteetan negar egiten nuen egunero. Giro eguzkitsura ohituta, zerua beti ilun zegoen eta jendea ere beltzez jantzita ikusten nuen. Gaztelaniaz ikasi arte ere zaila egin zitzaidan lagunak egitea. Hiru urte eman nituen Hizkuntza Eskolan, eta arratsaldez ileapantzaileen eskolara joaten nintzen. Ikasketak bukatu nituenean, lanean hasi eta Ekuadorreko eskola kide batekin Ramon y Cajaleko pisu batera bizitzera joan nintzen.

Ileapaindegia ireki berri duzu Deustun?
Otsailean. Argi izan dut beti nire ileapaindegia nahi nuela, txikia baina nirea. Bospasei ileapaindegitan gogor lan egin ostean, askotan kontratu barik, azkenengoa utzi eta langabezia-saria kapitalizatu nuen.

Zer moduz lehen hilabeteak?
Apurka-apurka. Prezio merkeak ditut, kalean bistan. Badut dagoeneko errepikatu duen bezeroren bat eta jaunartzeetarako orrazketa bereziak ere egin ditut.

Zertan ematen duzu aisialdia?
Pagasarri eta Serantes mendietara askotan joaten naiz eta lagunekin pasieran.

Testua: Amaia Ruesgas

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: