prestaldizkaria

Iñaki Belasko: “Musika ikastea bizitzarako oso baliogarria da”

In Uncategorized on Maiatza 31, 2013 at 11:32 am

Argazkiak Javi Garcia_azala

Iñaki Belasko pianista da eta musikari eta abeslariak laguntzen ditu. Kantu lirikoa du espezialitate eta kontzertuak Ibarrekolandako arte eszenikoen batxilergoan ematen dituen eskolekin bateragarri egiten ditu. 

Noiz jo zenuen pianoa lehen aldiz?
Oso txikia nintzela. Orduan Deustuko Ikastola San Felicisimo elizan zegoen, Solfeoa ematen genuen bertan eta piano zahar bat zegoen pasabidearen azken puntan. Noizean behin hara hurbiltzen nintzen jolastera. Beranduago pianoa izan genuen etxean, arreba jotzen hasi zelako.

Hortik dator zure zaletasuna?
Ez dakit. Ama musikazalea izan da beti eta horrek eragina izan du. Ikastolan Solfeoa ikasten hasi nintzen, Ikas-Ume abesbatzan egon nintzen, garai hartako haur gehienak bezala. Txistua ere jotzen nuen Gaintzarekin ikastolan, baina hasieratik argi izan nuen pianoa jo nahi nuela.

Hamar urteko karrera da pianoarena. Erabaki gogorra?
Ingeniaritza ikasketak hasi nituen, Pianoko 9. maila egiten ari nintzela. Gauza gehiegi ziren eta Ingeniaritza uztea erabaki nuen.

Etxean zelan hartu zuten erabakia?
Errespetatu zuten, hasieran Ingeniaritzarekin jarraitzera animatu ninduten, baina dena batera ezinezkoa zen eta musikarekin geratzea erabaki nuen. Ordu asko sartu behar izan ditut eta asteburuak baldin-tzatuta nituen, lagunak baino beranduago ateratzen nintzen, baina ez nintzen etxean geratzen.

Piano ikasketak amaitu eta berehala hasi zinen lanean?
Karrera egiten duzun bitartean, mundu horretako jendea ezagutzen zoaz. Nik beti lagundu izan dut pianoarekin, izatez ni pianista errepertorista naiz, laguntzailea naiz. Ikasketak amaitu baino lehen hasi nintzen jendea laguntzen, biolinistak, saxofonistak, abeslariak… eta konturatu orduko, nire lana bilakatu zen.

Eta zertan datza lan hori?
Nik batez ere abeslariak laguntzen ditut pianoarekin kontzertuetan zein entseguetan. Opera entseguetan ere izaten naiz, nire espezialitatea kantua da, kantu lirikoa.  Hamar bat abeslarirekin egiten dut lan normalean, behar nautenean deitzen didate.

Zein publiko mota doa zure kontzertuetara?
Oso heterogeneoa da gure publikoa. Badago kantuarekiko zaletasun handia. Adin ezberdinetako jendea hurbiltzen da, gazteak ere bai. Bilbon beti egon dira abesbatza asko eta abestu egin duenak baloratzen du eta gustatzen zaio.

Luzarra eta Ramon y Cajalen antolatu zen ZEN jaialdian ere publiko heterogeneoa topatuko zenuen. Done Petri eliza haur, gazte zein adineko jendez bete zenuen.
Oso pozik eman nuen kontzertu hori. Zer egiten dudan erakusteko aukera interesgarria izan zen niretzat. Kantuak aukera-tzerakoan kontu handia izan genuen, kanta ezagunak eta hurbilak aukeratzen saiatu ginen eta jendea pozik atera zela uste dut. Gainera, organoa aspaldi jo gabe nenbilen eta asko gozatu nuen.

Aurreiritzi asko dago mundu hori ezagutzen ez duen jendearen aldetik?
Baliteke, jende asko ez da hurbiltzen ezagutzen ez duelako, baina berez kantuan entzutea gustuko dugula uste dut. Ahotsa gure gorputzaren zati bat da azken finean; inoiz joan ez dena hurbiltzen denean gozatu egiten du, eta hunkitu.

Hezkuntza munduan ere egiten duzu behar.
Bai, musika ematen hasi nintzen Deustuko Ikastolan eta geroztik irakaskuntza munduan segitzen dut. 16 urtez ere aritu naiz kontserbatorioan Errepertorio klaseak ematen, jende askok uste du piano irakaslea naizela baina nik ez dut inoiz piano eskolarik eman. Orain Ibarrekolanda institutuan nabil, Arte Eszenikoen Batxilergoan Lengoaia musikala ematen.

Ez da erraza izango lana eta kontzertuak bateragarri egitea.
Gogorra da bai. Ordu asko dira, batez ere dena batera pilatzen denean. Denboraldi batzuetan nahiko lasai nabil, baina beste batzuetan dena pilatzen da.

Hezkuntza arloan musikari eman beharreko garrantzia ematen zaio?
Garrantzia handiagoa eman beharko li-tzaioke, musika ikastea bizitzarako oso baliogarria baita. Norberaren sentsibilitatea eta sentimenduak bideratzeko modua izan daiteke musika, egunero entzuten dugun zerbait izanda komenigarria litzateke bere oinarriak ezagutzea. Gainera, musika ikasketek barne disziplina izaten laguntzen dute, epe luzeko emaitzak itxaroten jakitea, taldeka lan egiten jakitea…

Planteatu al duzu inoiz irakaskuntza utzi eta pianoaz bizitzea?
Bai, baina zaila da erabakia hartzea.  Arriskutsua da, orain aukeratu ahal dudalako egin nahi dudana.

Zer ez zenuke egingo?
Boloak adibidez, ez ditut batere gustuko. Entseatu gabe toki batean agertu. Jendeak uste du pianista izanda edozer jo dezakezula eta ez da horrela. Nik badut nire musika mota, horretan eroso mugi-tzen naiz kontrolatzen dudalako eta beste arlo batzuetan ez nago hain ziur eta hori egitea ez zait gustatzen. Nire ustez ezin zara jende aurrean agertu ondo egiten ez duzuna egiten.

Zure lana baloratzen dela uste duzu?
Gure lanaren parte bat da, bigarren mailan mantendu behar gara. Ezin diogu abeslariari itzalik eman, bera laguntzeko zaude. Jendeak baloratzen du gure lana bai. Nik abeslariak asko miresten ditut, biluzik ateratzen direlako publiko aurrera, gu babestuago gaude.

Pianisten artean konpetentzia handia dago?
Denentzat dago lana. Alderantziz, nik ezagutzen ditudan pianisten artean askotan lana banatzen dugu. Batek ezin duenean beste kide baten izena ematen du.

Ikastolako 50.urteurreneko jaian zu entzuteko aukera izango dugu.
Bai, Olatz Saitua abeslaria eta biok kon-tzertua emango dugu, bai. 40.urteurrena izan zenean ere atera ginen eta oso gustura ibili ginen.

Apirilean pianoak jarri zituzten Bilboko kaleetan denon eskura eta ezusteko kontzertuak izan ziren. Pianoa jendarteratzen laguntzen dute horrelako ekimenek?
Bai, ni egia esateko berandu enteratu nintzen baina oso ideia ona dela uste dut. Oraindik jendeak errespetua sentitzen du pianoaren aurrean. Gitarrarekin ohituago gaude lau akorde jakinda zerbait jotzeko, pianoarekin ere gauza bera egin daiteke, akorde batzuk ikasi kanta batzuk jotzeko. Askotan pianoa alde klasikoarekin lotzen dugu, kutsu elitista ere izan daiteke baina ez da horrela. Badu bere alde ludikoa ere eta hori bultzatu beharko litzateke.

Instituzioetatik nahiko egiten da zuen lana bultzatu eta zabaltzeko?
Egiten da baina gehiago egin beharko litzateke. Orain krisia dela eta, murriztu behar denean, kultura arlotik kentzen da askotan. Batzuetan musika jendarteratu beharrean elitismo hori elikatu egiten da.

Testua: Nerea Olaziregi

Argazkiak: J. Garcia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: