prestaldizkaria

Patxi Baztarrika: “Elkarlana areagotu egin beharko dugu baliabideei etekin handiagoak ateratzeko”

In Uncategorized on Maiatza 21, 2013 at 3:49 pm

Patxi Baztarrika

2005etik 2009ra bezalako gogotsu eta grinatsu heldu dio aro berriari Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuorde lanetan. Euskararen egoera, Jaurlaritzaren lehentasunak, dirulaguntzak eta Tokikom bezalako elkarguneak ditu berbeta gai elkarrizketa honetan.

Jaurlaritzara itzuli zara berriro ere. Aurreko aldian egindako lanaren jarraipen moduan ikusten duzu bigarren hau ala aro berri eta ezberdina hasi duzu?
Jarraipena ere bada, jakina. 2005-2009 legealdian ezarri genituen Euskararen Aholku Batzordearen oinarri nagusiak, Euskara 21 izenburukoak. Oinarriak hor daude eta horiek garatzea da egitekoa. Baina, ezer ez da berdin eta gauzak aldatu egin dira. Beste testuinguru politiko batean gaude…

Eta zure aurrekoak, Lourdes Auzmendik, egindakoari jarraipena ematera zatoz?
Kolore aldaketa dagoenean, erabateko aldaketak espero dituzte askok. Ni ez naiz etendura handien aldekoa, baina gauza batzuk beste modu batera edo beste indar batekin egingo ditugu. Euskara Sustatzeko Ekintza Plana aurreko legealdian onartu zen eta gobernu honek bere egiten du. Baina egongo dira aldaketak.

Oraingoak baino urte oparoagoak bizi izan zenituen aurreko agintaldian, diruari dagokionez. Zailagoa da egoera berri honetan lan egitea?
Gutxiagorekin gehiago egiten ahaleginduko gara eta lehen egiten ziren gauzak beste era batera egin beharko ditugu orain, eraginkorragoak izan… Elkarlana areagotu egin beharko dugu baliabideei etekin handiagoak ateratzeko. Baina dena ez da dirua. Esaterako, berrikuntza bat: euskarari zehar-lerroa aitortu eta onartuz gobernuaren jardun guztian, Jaurlaritzako sail bakoitzean euskara unitate bat sortuko dugu, sail bakoitza hizkuntza politikaren ispiluaren aurrean jarrita.

Administrazioa euskalduntzeko modu bat?
Jakina. Modu eraginkorrez bermatze aldera herritarrei aitortuak zaizkien hizkuntza eskubideak. Euskara ez da gauza sektoriala, jendarte eta herri aginte osoaren kontua da. Gobernu osoak euskararen alorrean egiten duenaren arabera neurtuko da gobernu horren eraginkortasuna. Lortu nahi dugu sail guztien inplikazio handiagoa hizkuntza politikan.

Egongo da zerbait egin nahi bai, baina albo batera utzi beharko duzunik?
Ahalegin handia egin dugu azkenean aurrera atera ez den aurrekontua egituratzean. Baina, aurrera atera ez bada ere, balio izan digu gure lehentasunak definitzeko. Dirulaguntza deialdi edo politiketan indar handia jarri dugu. Jendartean euskara bultzatzeko oinarrizkoak diren horiei ez diegu murrizketarik ezarri. Ezin ahal izango dira egin lehen egiten ziren guztiak eta egiten ziren moduan, baina, euskararen erabileran atzerapausorik gabe aurrera jarraitzeko oinarrizkoak diren horietan, Jaurlaritzak ez du atzera egingo.

Zeri emango diozue lehentasuna?
Bi gauza nabarmendu ditugu: batetik, helduen euskalduntzea jendarte elebidun orekatua lortzeko. Horretarako, pertsona elebidunak behar ditugu. Eta, hortaz, euskaltegiek 2013an izango dute 2012an izan zuten finantzazio bera, nahiz eta Jaurlaritzak %10 gutxiago izan gastatzeko. Gainera, ikasleentzako dirulaguntzak berreskuratu ditugu 700.000 eurorekin, iaz Gobernuak ezabatu ondoren. Beste lehentasuna? Euskarazko hedabideak. Iazko kopuru berbera izango dute. Aurreko hiruzpalau urteetan, dirulaguntzak etengabe behera joan dira. Aurten, nahiz eta diru sarrerak txikitu, geratu egin dugu beherakada hori. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua batez beste %10 jaitsi bada, Hizkuntza Politikarena %9 jaitsi da.

Marra gorria aipatzen du Urkulluk, baina hizkuntza politika ez du aipatzen…
Hizkuntza politikaren ardura izanda ere, neure egiten ditut lehendakariak markatu dituen marra gorriak: hezkuntzako oinarrizko zerbitzuak, osasunekoak, pobreziaren kontrako dirulaguntzak…; enplegua sortzeko edo hari eusteko neurriak… Uste dut eguneroko bizitzan egiten duguna dela. Ikusi, bestela, Debagoieneko kooperatibek ze neurri hartu dituzten langileek euren soldatak jaitsiz enpleguari eusteko.

Zela baloratzen duzu Hekimen edo Tokikom bezalako elkarguneak sortu izana euskarazko hedabide ez publikoek?
Oso garrantzitsuak dira euskarazko hedabide ez publikoak. Hedabideen munduan, nagusia, publikoa, EITB daukagu, baina besteen ekarria ezinbestekoa da. Batetik, euskararen erabilera bultzatzeko, baina baita aniztasunari eusteko edo bultzatzeko. Horrek eskatzen du hedabideak ahalik eta eraginkorrenak izatea. Sinergiak batzeko ahaleginak egitea, elkarguneak sortzeko ahaleginak egitea. Tokikomen kasuan, toki hedabideak bideragarriago egiteko… Jaurlaritzako aurrekontuan aurreikusita geneukan Tokikomekin hitzarmena egitea bi urterako eta aurrekontua onartu ez denez, luzatutako aurrekontuan ez dagoen arren horretarako diru partidarik, aurkituko ditugu bideak aurreikusi genuen dirulaguntza izan dezan Tokikomek 2013 eta 2014an. Garrantzi handia ematen diegu toki hedabideei eta hauen bideragarritasun eta eraginkortasuna ahalbidetzeari.

Administrazioaren eta Tokikom edo Hekimen bezalako elkarguneen arteko elkarlanean sinesten duzu?
Bai, jakina, ezinbestekoa da. Ez herri aginteek, ezta herri ekimeneko erakunde edo taldeek, inork ezin du bakarrik jardun. Ez da komeni. Eta, ostera, elkarrekin gauza asko egin ditzakegu. Eta, elkarlana hedabideen artean ere bai. Hedabideen kontsumitzaileak diren horien beharrak asetzeko moduko produktuak egin behar dira. Eta beti kontuan izanda kontsumitzaileok askotarikoak garela. Kolore bakarreko produktuak, askotan, mutu geratzen dira. Euskarazko hedabideak eraginkorrak izango badira, sortu beharko dituzte produktu propioak, gaztelaniazkoen mimetismoan erori gabekoak. Eta, kontsumitzaileentzako erakargarriak izango diren produktuak egiteaz gain, aniztasuna bermatzeko gauza izatea ere beharrezkoa da. Hortaz, hedabideen arteko elkarlanak bateragarri izan beharko du aniztasunarekin, elkarrekiko errespetuarekin, ikuspuntu ugaritasuna mantentzearekin. Askotarikoen errespetuan oinarritzen ez diren elkarlanek bide motza dute. Ziur nago euskarazko hedabideek aurkituko dutela bide egokia.

Elkarlan horrek, esaterako, EITBren eta tokiko telebisten artekoa ere izan behar du?
Bai. Elkar hartuta asko egin daiteke. Komenigarria izango litzateke EITB bezalako talde handi eta publikoek beste hedabide ez publiko eta txikoagoekin elkarlanean jardutea.

Zertan gauza daiteke elkarlan hori?
Esaterako, bataren eta bestearen produkzioa trukatuta. Norberaren jarduera eremuan landutakoak EITBri erabilgarri jarrita. Edota, trukean, EITBren hainbat fondo tokikoen esku utzita, programak trukatuta…

Arrasate Press euskarazko hedabide lokalen artean aitzindari eta erreferentzia nagusia izan zena sortu zela 25 urte beteko dira aurten, abenduaren 2an, hain justu ere. Zenbaterainoko garrantzia izan zuen Arrasate Press-en sorrerak euskararen eta euskarazko hedabideen normalizazioan?
Gogoan dut atera zen eguna. Andoainen nengoen Udaleko Euskara Zerbitzuan. Bide berri bat ireki zuen Arrasate Press-ek. Doako prentsa, hurbileko informazioa herritar guztien eskura jartzea. Informazio lokala euskaraz. Bide erakusle izan zen besteentzako. Irakurleak irabazi zituen sorreratik… Esan dezaket hura izan zela gaur egun Goiena denaren hazia. Une hau aprobetxatu nahi dut zorionak emateko Joxe Arantzabali.

“Vamos a españolizar Cataluña” eta mota horretako esaldiek zer sorrarazten dizute?
Zirrara eta haserre puntua. Batzuetan, axolagabetasun puntu bat ere bai, zelan harrapatzen zaituen… Horren atzetik dago Espainiari, praktikan, bere eleaniztasuna onartzea asko kostatzen zaiola. Aitortu bai, baina, gero, elebakar bezala funtzionatzen dute Espainiako erakundeek. Eta hori dator, nagusiki, 2008an sinatu zen Manifiesto por la lengua común hartatik, non eskatzen baitzen espresuki zenbait autonomia estatututan aldaketak egin beharko liratekeela, hain zuzen ere, estatutu horietan hizkuntzari ematen zitzaion tratamenduarengatik. Zenbaiti gehiegi iruditzen zaio gurea edo katalanena bezalako hizkuntza errealitatea, Espainia ele eta kolore bakarrekoa nahiko luketelako. Hizkuntzek ez dute egiten borrokarik, hiztunek erabiltzen dituzte hizkuntzak borrokarako. Wert ministroaren berba hauek testuinguru horretan sartzen ditut.

Euskara aurrera ala atzera doa?
Zalantzarik gabe, aurrera doa. Etengabe hazten ari den hizkuntza da euskara. Bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatearengatik. Eta bertan bizi garelako Euskal Herriko biztanleen %80 eta euskal hiztun gehienak. Nahiz eta Nafarroan euskarak izan duen bilakaera oso motela eta Iparraldean atzeraka doan. Euskararena hazkunde baten historia da. Horrek ez du esan nahi, ordea, euskarak etorkizun oparoa bermatuta daukanik. Euskara hazi bada, ahalegin berezia egin dugulako izan da. Gauzak ondo egiten badira, hazi egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoan bezala; motel, apal, makal doa, Nafarroan bezala; edota galerak izan ditzake, Iparraldean gertatu den moduan. Honek erakusten du aurrera egitea posible dela gauzak ondo egiten badira. Eta etorkizuna bermatuko dugu gaur egiten dugunaren arabera. Erronka berriei modu txukun eta eraginkorrean erantzuten badiegu, aurrera egingo dugu. Munduan, hizkuntzak biziberritzeko ekimenei dagokienez, esku bateko hatzekin konta daitezke euskararen moduko kasu aurreratuak. Askok aitortzen dutena baino egoera hobea da euskararena, baina beste askok nahiko genukeena baino apalagoa.

Gazteen artean, ordea, ezagutza hazi egin bada ere, erabilera ez da moteldu?
Ezagutza handiagoa da erabilera baino, baina aurrera doa erabilera ere gazteen artean. Erabilera hori esparru formaletan hazi da bereziki eta moteldu egin da esparru ez formaletan. Baina gazteen artean hazi da, gehienbat, erabilera. 15 urteko epean bikoiztu egin da. Nagusiki, hezkuntza sistemarengatik. Egia da, hala ere, gaurko gazte euskaldunek ez dutela lehengoek baino gehiago erabiltzen. Arduratzeko datua da, baina ez larritzekoa. Gazte horien gehienen lehen hizkuntza, etxekoa, ez da euskara, gaztelania baizik. Eta hori oso faktore garrantzitsua da erabilerarako.

Administrazioek, euskara elkarteek, hedabideek… lan egiten baldin badute ere euskararen alde, jendarteak begirune txikiagoa ez dio euskarari?
Jendartea aldatu egin da. Eta euskal hiztunak ere aldatu egin dira. Lehen, gazte euskaldun gehienen etxeko hizkuntza euskara zen; gaur egun, ez. Gaur, gehienen hizkuntza afektiboa gaztelania da. Lehen, gazteok modernitatearekin lotzen genuen euskara, eta baita demokraziaren aldeko borrokarekin. Gaur egun, absurdoa da esatea 15 urteko gazte bati euskara zapalduta dagoela, ikasketa guztiak euskaraz egin baditu. Esan nahi dut behar dela kontzientzia bat indartzea euskararen alde, elebidunok hautatu egiten dugulako zein hizkuntza erabili. Baina jendarte zabal honetan, kontzientzia ez da izango politikoa nahitaez. Beste era batekoa izan beharko du.

Iparraldeko eta Nafarroako ikastolei diruz lagunduko die Jaurlaritzak?
Seaskaren ikastolek 30 urte bete dituzte aurten eta horra ailegatu badira izan da herritarren babesarengatik, egin duten lanarengatik eta baita, neurri batean, elkartasunagatik. Eta horretan, Jaurlaritzarena izan da nagusia. 2005-2008 legealdian, Seaskako ikastolek milioi euro ugari jaso zituzten Eusko Jaurlaritzarengandik. Eta aurrerantzean ere lagunduko diegu, gure lehentasuna Euskal Autonomia Erkidegoa izan arren. Oraintsu, 400.000 euro jarri ditugu Iparraldean euskararen sustapenean lanean diharduten eragileen artean eta horien artean dago Seaska.

 

Elkarrizketa: Goiena

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: