prestaldizkaria

Mikel Urdangarin: “Bizitza honetan zugan sinestea da garrantzitsuena”

In Uncategorized on Apirila 11, 2013 at 7:53 am

Mikel Urdangarin_Azula

Hamabost urte luze daramatza Mikel Urdangarinek musikaren munduan murgilduta eta bederatzi diskoren ostean, kantautore zornotzarrak indartsu aurkeztu du Azula deituriko album berria. Euskal Herri osoko bazter guztietara bere musika helduz, oraingoan Unai Iturriaga bertsolariaren hitzen laguntzaz gain sorginduriko soinu berritzailea aurkituko dugu disko berrian. Bihar Arrigorriagan kontzertua eskainiko duen kantariarekin PREST! aldizkariko Amaia Mintegik hitz egin du Deustuko Bordatxo tabernan.

Testua: Amaia Mintegi

Oso gazte hasi zinen poesia idazten, bertsotan… baina zure bizitzaren zein momentutan erabaki zenuen musikaria izatea?

23 edo 24 urtekin hasi nintzen, sasoi horretan bertsotan nenbilen eta betidanik izan dut gustoko bertso zaharren mundua eta hurak sorginduta, bertsotan hasi nintzen. 24 urterekin konturatu nintzen nahiz eta bertsoen kontua asko gustatu ez ninduela guztiz asetzen eta musika behar nuela. Nire barneko sua baretzeko musika beharrezkoa zen eta behin ezagututa, era ezberdin eta intentso batean ikusi nituen gauzak.

Zein zailtasun aurkitu zenituen zure karreraren hasieran?

Gogoratzen naiz hasi nintzenean lagunak eta familiak ez zekitela ezer. Nik isilpean egin nuen dena, bakarrik ikasi nuen gitarra jotzen, poemak idazten… eta behin nire lehenengo diskoa grabatzean, ezkutuan diskoa erakutsi nien lagunei, aho-zabalik gelditu ziren.

Prozesu arina iruditu arren, ez da batere erraza musikari lanetan aritzea. Behar duzuna  zugan sinismena izatea eta lagunen zein familiaren laguntza da. Hau oso mundu gogorra da eta zerotik hastea askotan zaila egiten da, besteen arreta jasotzea bezala. Zailtasunik handiena norberan ez sinistean dago, gure buruan.

Zure bertsolari sasoia ere izan zenuen. Zergatik ez jarrraitu bertsotan eta horren ordez gitarra jo?

Igual ez nintzelako oso abila. Bizitza osoan eginiko 100 bertsoren artean baten bat ona izango dut. Baina sekula ez dut aurkitu bertsotan musikak eskatzen zidan arreta  eta indar guztia, horrenbestez musikan jardutea erabaki nuen. Baliteke ere bertsolaritzak eskatzen dizun inprobisatzeko trebetasun maila hori ez izatea, kontu horrekin bertso munduan asko sufritzen da. Dena den lagun artean asko gustatzen zait bertsotan aritzea.

Gaur egungo egoera ikusirik, uste al duzu Euskal Herrian musikaz bizitzea posiblea dela?

Ni bizi naiz eta musikaren gorputz osoan askotan zailtasunak aurkitu ahal dituzu bizimodu arrunta egiterako orduan. Baina badago tarteka musikaria izateaz gain beste lanbide bat izateko aukera. Dena den nik uste musikaz bizitzea zaila dela bai Euskal Herrian zein Espainian, Londresen eta munduko edozein herrialdetan. Epe laburretan doa musikariaren bizitza, batzuetan milaka kontzertu beste batzuetan ezer ere ez. Batek daki hemendik urtebetera musikaz bizi ahal izango naizen, nik 15 urte daramatzat bai momentu on zein txarrekin eta aurrera noa.

Bide luzea daramazu musikaren munduan oihartzuna lortuz eta Euskal Herriko bazter guztietara zure musika helaraziz. Noizbait pentsatu duzu etapa honi amaiera ematea? Kontzertuak emateari uztea?

Batzuetan nire burua nekatzen da. Gure burua da motorea eta normala da momentu baxuren bat izatea. Hala ere nik momentu horiek gainditu ahal izan ditut. Ez dugu ahaztu behar oso lanbide hauskorra dela hau, uste dut psikologikoki oso inestableak garela eta asko esponitzen zarenean asko arriskatzen duzu, besteen iritzira zaude lotuta. Baina bestetik ere publikoen txaloak hor daude, jendearen berotasuna hor dago eta horrek egiten zaitu indartsu aurrera jarraitzeko.

Jakina daukagu “Azula” diskoa izan dela zure azken lana. Bertan, Unai Iturriaga bertsolariaren hitzak aurkitu ditugu. Zer dela eta bertsolari honen kolaborazioa?

Unai lagun handia da eta bere idazteko era eta bere izaera asko gustatzen zaizkit. Ez da lehenengo aldia nirekin lan egiten duena eta oraingoan disko berriaren hiru kanten letrak berak egin ditu. Bere idazteko eragatik asko maite ditut bere letrak eta horregatik erabaki nuen berarekin lan egitea.

Zure azkenengo disko honek duen berezitasuna soinuan egon den genero aldaketa izan da, folk-rock batetik rock suabeago batera pasatuz. Zergatik aldaketa hau?

Egia esan inoiz ez dut erabiltzen dudan estiloa izendatzen jakin. Azken finean kantuak besterik ez dira eta askotan ez dakit nire burua definitzen. Kasu honetan izaera sonoro handia duen diskoa da, teklatua, bateria eta ahotsa ozen entzuten dira. Bateriaren oihartzunak formatoan beste soinu bat eragiten du eta zuzenekoetan oso soinu berezia egiten dugu.

Aurreko diskoan nabaria zen biolinaren presentzia. Oraingoan zergatik ez?

Oraingoan beste soinu bat sortzea zen nire helburua. Kanpoan gelditu diren lagun batzuk, nirekin batera urte askotan jotzen ibili direla, hurrengo baten agertuko dira. Biolinaren soinua zein harizko instrumentuen melodiak asko gustoko ditut baina oraingo honetan erabili ez izanak ez du inolaz ere esan nahi ez ditudanik hurrengo batean erabiliko. Ondo jota baldin badaude, oso barruan eragin dezakete. Aurretik esan bezala, Azula disko berritzailea da, magiaz beterikoa.

Disko berriaren izenburua “Azula” da. Zer dela eta izenondo hori?

Izen bat aukeratu behar da eta hori izan zen momentuan bururatu zitzaidana. Azula ere albumeko kantu baten izena da, nahiko kantu gogokoa niretzat. Egia esan oso kolore gustokoa da, itsasoaren kolorea, zeruaren kolorea, naturaren kolorea… gure bizitzaren kolorea azken finean. Nerabezaroan asko lasaitzen ninduen kolorea eta jendearentzat esanahi ireki bat daukana.

Oraingoan zure barnetik atera nahi zenuen den-dena erakutsi duzu, biluztasun osoz erakutsi dituzu zure sentimenduak. Zure bizitzaren etapa bat dela uste duzu?

Nire kasuan albumak nire bizitzaren etapekin identifikatzen ditut. Batzuek argazkiz beteriko albumak dituzte eta nik kantuz beteriko albumak. Badago biluztasun integral bat disko honetan, dena-den barruko bazter guztiak arakatzea oso zaila da. Baina bai, esango nuke orain bizitzen ari naizen etaparekin dagoela irudikatuta disko hau.

Lehen esan duzu “Azula” zure barneko emozioak askatzeko tresna bat izan dela. Baina entzulearekiko zein lotura dute zure hitzek?

Oraingoan mundu berri bat marrazten saiatu naiz, modu nahiko unibertsal baten. Nire barrua ezagutzeko letrak egiten ditut, baita ikusle edota entzulearentzat ere. Hau da, ez dut nahi nire musika niretzako besterik izatea hori oso berekoia bailitzateke. Baliteke nire barnetik ateratzen diren hitzak izatea, baina azken finean entzuleei eskainia dago eta askotan ere beharrezkoa da haiekin kontaktatzea hitzen bidez haiengandik hurbil egoteko.

MIkel Urdangarin eta Amaia Mintegi

1997tik hona 10 disko argitaratu dituzu, baita“ Zuzenean” deituriko bilduma ere. Zein da zure asmoa etorkizunari begira?

Oraingoz ez dut etorkizunean pentsatu nahi. Hurrengo hilabeteetan Azula aurkeztea da nire asmoa eta hemendik eta udara arte ahalik eta txukunen egin kontzertuak, ahalik eta gehien heldu ikuslearengana. Oholtza gainean gozatzea eta  jendeari gozaraztea da nire helburua. Esaerak esaten duen bezala: gero gerokoak. Eta orain momentua bizi.

Disko berria alde batera utzita, eszenatoki batera igotzen zaren bakoitzean zelakoa deskribatuko zenuke sentitzen duzun sentsazioa?

Emozio handia. Ez da gauza tribiala behin eszenatokira igota nolabaiteko altuera batera ari zara igotzen, zure burua jendearen aurrean aurkezten duzu eta orduan zure presentzia arrazoitu behar duzu. Eszenatoki batera igotzen naizen bakoitzean sinesgarritasunez jokatzen dut nire buruarekin, egitera goazen horrek erreala izan behar duelako. Nahiz eta hasieran urduri sentitu gero korapilo hori askatuz doa.

Jakina dugu artista batzuek ekitaldiren bat eman baino lehen baretzeko “erritual” edota “mania”-ren bat egiteko joera dutela. Zure kasua al da?

Kontzertu bat eman aurreik bakarrik egotea gustatzen zait, pentsakor. Luzaketa bat edo beste egiten dut, asko “agarrotatzen“ zaizkidalako muskuluak. Baina arin lasaitzen naiz eta gero musikari guztiok elkartu eta irten baino lehen besarkada bat ematen dugu.

Munduko edozein bazterretan jotzeko aukera izango bazenu, zein leku aukeratuko zenuke?

Nahiko zaila egiten zait galdera honi erantzutea baina leku bat aukeratzekotan Londreseko Albert Hall antzerki aretoan kantatuko nuke. Egia esan edozein lekutan jotzearekin  konformatzen naiz, ikuslearen berotasuna baita nagusi.

Azkenik musikaren bidean sartzen ari diren gazteei gomendioren bat ematea eskatuko balizute, zer esango zenieke?

Hasiera batean esan bezala, sinestea da gomendiorik garrantzitsuena. Tematia izan behar duzu, burugogorra eta nahi duzunarengatik borrokatu behar duzu. Horregatik zugan sinestea da garrantzitsuena, ez duzu besteen besarkadarik espero behar une oro. Badaude bizitza honetan momentuak jausiko zarela, baina aurrera egin behar da beti. Altxatzeko aukera baitago, norbera izaten saiatuz.

Mikel Urdangarinek bihar, apirilak 12, kontzertua eskainiko du Arrigorriagan

INFO + MIKEL URDANGARIN

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: