prestaldizkaria

Sebastian Mitterle: “Duela bi urte lehenengo Korrika antolatu genuen Berlinen”

In Uncategorized on Apirila 4, 2013 at 8:04 am

GURERA ETORRIA_Sebastian_2

Euskara lehenengoz entzun zuenean maitemindu zen Alemaniako Sebastian gure hizkuntzarekin. Bere kabuz ikasi eta gure artean bizi da egun. Korrikaren etorrerarekin zoratzen dago.

Jatorria: Offenbach am, Alemania

Bizitokia: Deustu

Noiztik: 2012 ko maiatza

Lanbidea: informatikaria

Zer dela eta etorri zinen Bilbora?

2007an Erasmus beka batekin ikasturtea Santanderren egin nuen eta beste toki batzuen artean Euskal Herria ezagutu nuen. Berehala erakarrita sentitu nintzen hemengo jende eta hizkuntzarekin. Egunen batean hona bizitzera etorriko nintzela esan nion nire buruari. Eta horrela izan da.

Euskara jakitea ezinbestekoa iruditu zitzaizun. Zergatik?

Unibertsitatean Matematikak eta Soziolinguistika ikasketak burutu nituen eta euskara lehenengoz entzun nuenean maitemindu nintzen. Ikasketak bukatu eta Berlinera bueltatu nintzenean bertako Euskal Etxeko jendearekin harremanetan jarri nintzen eta lagun euskaldunak egin nituen, tartean bertako euskara irakasle lekeitiar bat. Gramatika liburu bat erosi nuen eta nire kabuz hasi nin-tzen ikasten.

Korrika ere bertan antolatu zenutela entzun dut.

Bai, egun hauetan guztiz emozionatuta nago Bilbora Korrika datorrelako. Duela bi urte lehenengoz Korrika Berlinen antolatu genuen. Branderburgo Atetik 40 lagun inguruk “tipi-tapa tipi-tapa korrika” oihukatu genuen. Aurten hemen biziko dut Korrika!

Iazko maiatzean Bilbora heldu zinen. Erraza egin zitzaizun?

Interneten pisua bilatzeko iragarki bat jarri nuen. Pisukide euskaldunak nahiago nituela esan eta gaur egungo nire pisukideak diren bi neskekin harremanetan jarri nintzen. Oso gustura nago etxean, auzoan… bai, erraza izan da moldatzea.

Berbalagun talde batean ere bazaude.

Argi nuen mintzapraktika ezinbestekoa dela euskara hobetu bahi badut, eta nahiz eta etxean harreman gehien euskaraz dugun, errefortzu bezala mintzapraktika talde batean apuntatu nintzen. Berbaizu euskara taldeak antolatuta Bidarteko udaltegian batzen gara astero-astero.

Zer da Bilbotik gehien gustuko duzuna?

Kultur nahasketa dagoela. Santanderren atzerritarra sentitzen nintzen, hemen ordea ez daukat sentipen hori. Horretaz gain hemengo eraikinak izugarri gustatzen zaizkit, etxe zaharrak eta modernoak nola batzuk besteen ondoan ikus ditzakezun hiriaren erdigunean, adibidez. Alondegia eraikina ere gustuko dut. Jendea oso jatorra izan da nirekin hasieratik.

Noiz arte geratuko zara?

Nigatik luzerako egongo nintzen Bilbon, baina krisiak zeresana izango du nire erabakian ziurrenik. Gaur egun alemaniar enpresa batentzat etxetik lan egiten dut. Informatikari lana egiten dut, software kalitateaz arduratzen naiz.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: