prestaldizkaria

Euskararen Etxe berritua, San Inazio-Tellaetxen

In Uncategorized on Apirila 2, 2013 at 10:32 am

euskararen etxea

Agoitz plazan dago Euskararen Etxea, 2004tik, sorreratik bertatik. Duela gutxi berritu dute, eta Angeriñe Elorriaga eta Amaia Ocerin teknikariekin aritu gara berbetan, berrikuntzen nondik norakoak zein aurrera begirako erronkak ezagutu nahian.

 

Aurtengo martxoan urtebete da Euskararen Etxeko berrikuntzak amaitu zirela; besteak beste, bisitaldiari ekiteko ikus-entzunezko aretoa: erakusketa laburtzen duen bideoa dago ikusgai, eta euskarak gaur arte izan duen bilakaera azaltzen du. Beste berrikuntzetako bat hamar pantaila elkarreragileak aldatzea izan da, bai diseinu, bai eduki aldetik, bisita erakargarriagoa, osatuagoa, aberatsagoa izate aldera. Angeriñeren esanetan, aldaketei esker alde handia dago orain erakargarritasun aldetik, eta bisita bi modutan egiteko aukera ere badago: gidatua, goizez; edo nor bere kabuz. Lehen, bisita gidatua egiteko aukera soilik ematen genuen, gaineratu du. Berrikuntzen beste xede bat, Amaiaren arabera, erakusketa publiko orokorrari zabaltzea zen, eskola-ikasleei soilik eskaini beharrean. Orain, bestalde, lau hizkuntzatan ere badago: Euskal Herriko hiru hizkuntzetan (euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez) eta ingelesez. Baina… zer topatuko dugu euskararen interpretazio-zentroan? Kontu akademikorik ez, baizik eta publiko orokorrak ulertzeko moduko azalpenak, datuak, bitxikeriak, bideoak euskalki guztietan… Berrikuntzen aurretik ez zegoen horretarako aukerarik, gaineratu du Amaiak.

Aurrera begirako erronken artean, besteak beste, euskararen interpretazio zentroa eta Euskararen Etxea bera ezagutaraztea dago: jendea bisitan etortzea, zer-nolako lana egiten dugun ezagutaraztea eta auzoko bizitzan parte hartzea –esaterako, aretoak doan eskaintzen dituzte, bilerak-eta egiteko–. Bestalde, bisitari-kopurua handitzea ere badute helburu. Izan ere, orain arteko bisitari gehienak ikastetxeak izan dira: urtero 5.000 inguru izaten ditugu; normalean beti datoz ikastetxe berberak, ordea, eta xedea da ikastetxe ezberdin gehiago etortzea. Zertarako, eta euskararen balioak ume eta nerabeen artean sustatzeko, geure hizkuntza dela jakin dezaten, eta erakusteko gaur egun ere tresnak badaudela euskaraz aritu eta bizitzeko. Bestela esanda, euskararen balioak nabarmentzeko eta gaztetxoenei ikustarazteko eurek bermatu behar dutela euskararen etorkizuna. Bisitak ordu bi irauten du, eta zati bi ditu: bisita gidatuaz gain, tailerra, ordenagailuekin betiere. Une honetan komiki digitalen tailerrarekin gabiltza: komikien irudiak ematen dizkiegu, bunbuiloak bete ditzaten.

Azkue fundazioak kudeatzen du Euskararen Etxea. Euskara eta teknologia (internet, sare sozialak…) lotzeko egitasmo asko ditugu, azaldu digu Angeriñek; alegia, kulturaren eta euskararen inguruko jarduerak, eta euskararen presentzia bera, interneten zabaltzeko egitasmoak. Izan ere, webgunean euskaraz sortutako tresna asko eskaintzeaz gain (hiztegiak, sakelako telefonoetarako aplikazioak…), beste proiektu asko ere sortzen eta antolatzen dituzte: sareko jokoak, lehiaketak, jarduerak… betiere nerabe eta gazteak publiko objektibotzat hartuta, eta euskara sustatzea lortzeko.

Jendea Euskararen Etxera joatea besterik ez da falta. Horretarako aukera, astelehenetik ostiralera, goizeko 9etatik arratsaldeko 5ak arte, eta hilean behin larunbat goizez, 10etatik ordu 2ak arte. Sarrera doakoa da. Informazio gehiago, www.azkuefundazioa.org webgunean.

Testua eta argazkiak: Adriano de Mata

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: