prestaldizkaria

Josu Oleaga: “Eskatu dudanari baiezkoa eman diote, batez ere neskek egin duten lanagatik”

In Uncategorized on Martxoa 27, 2013 at 8:03 am

azala

Euskal pala federazioan, paleta goman aritzen diren nesken hautatzailea eta arduraduna da Josu. Pozik dago bere lanean, nesken maila oso altua izateaz gain, lanerako prestutasuna eta ilusio ikaragarria dutelako.

Zer dela-eta sartu zinen pala munduan?
Palan jokatu dut txikitatik, futbola utzi eta buru-belarri sartu nintzen, baina oso jokalari arrunta izan naiz beti. Orain dela zortzi bat urte lagun batek deitu zidan federazioan sartzeko eta ezetz esan nion astirik ez nuelako, handik urte eta pikura berriz deitu zidan eta orduan baiezkoa eman nion. paleta goma modalitateko arduradun bezala sartu nintzen neska zein mutilekin, baina handik hilabete batzutara eskatu zidaten nesken modalitateaz arduratzeko, nahiko baztertuta zegoelako. Erronka horri baietz esan nion, ez nekien hortaz gauza handirik baina probatu nuen eta oso pozik nago.

Zertan datza zure lana?
Federazioan zuzendari tekniko bat dago, modalitate guztien txapelketa guztiak antolatzen ditu. Nesken txapelketei dagokienez, berarekin harremanetan, euskal selekzioa ordezkatzera nortzuk joango diren esaten diot. Astelehenero Mallabian entrenamenduak ditugu… eta gero pilota ikustea da nire lana. Antolatu, entrenamendua, jarraipen bat egin, eta neskak jokatzen ikusi gure talderako fitxatzeko.

Palan ere, neska-mutilen arteko parekidetasuna lortzeko asko dago egiteke?
Azken urteetan urrats garrantzitsuak eman direla uste dut. Ni sartu nintzenean  nesken kasuan erabiltzen zen lehiaketa sistema mutilen eredua zen eta ez zuen balio, nesken errealitatea bestelakoa zelako. Ez zegoen hainbeste klubik, hainbeste masa kritikorik eta eredu hori ez zen oso egokia beraientzat.

Zeintzuk izan dira lorpenik handienak?
Lehiaketa sistema aldatu egin da nesken kasuan beraien errealitatera egokituz. Gehiagotan ikusten dira festibal mistoak, guk horiek bultzatzen ditugu. Ni federazioan sartu nintzenean paleta goma modalitatea guztiz baztertuta zegoen orokorrean eta nesken taldeen kasuan, gehiago oraindik. Eskatu izan ditudan gauza guztiei baiezkoa eman didate, batez ere neskek egin duten lanagatik eta eduki duten jarreragatik. Erakusten  duten maila harrigarria da.

Deustuko jaietan neskak jokatzen ikusteko aukera izan dugu frontoian, baita telebistan ere…
Bai, gauzak aldatzen doaz. Esaterako, federazioarekin hitzartu egin nuen nesken partidu kopuru bat telebistan emateko. Duela aste batzuk nesken open finala eman dute eta hori guretzat lorpen handi bat da, jokalarientzat oso motibagarria. Orain jokatzen hasi diren gazteek normaltzat jotzen dute hori baina duela zazpi urte ez zegoen aukerarik neskak telebistan ikusteko.

Harrobia izateko neskek  erreferenteak izatea garrantzitsua izango da?
Erreferenteak oso garrantzitsuak dira. Hasieran pilotarien familiarteko neskak ziren jokalari gehienak, orain hori ere aldatu egin da eta esparrua askoz ere gehiago zabaldu da.

Harmailak betetzea zailagoa da nesken partiduetan?
Ezjakintasun handia dago, jende askok pentsatzen du nesken maila mutilena baino baxuagoa dela eta horregatik ez doaz, baina ez da horrela. Indar gutxiago eduki dezakete baina teknika aldetik oso oso onak dira. Festibal batzuk mistoak izatean, soilik neskak ikustera joango ez zen jende asko harrituta geratzen da, kristoren maila dutelako. Aurrekoan Otxandion egon ginen horrelako jaialdi batean, frontoia beteta zegoen eta jendea zur eta lur geratu zen nesken maila ikustean. Aurreiritzi asko ere bada palako jokalari nesken itxurarekin.

Zer egin daiteke nesken parte hartzea bultzatzeko?
Txikitatik animatu behar ditugu. Normalean denak batera esku pilotan jokatzen hasten dira, nagusituz joan ahala beste modalitatetan hasten dira. Oso oinarri teknikoarekin heltzen dira gero pala modalitatera.

Zein adinetako neskekin egiten duzu lan?
Normalean hiru kategoria dago: gazteak, 22 urtez azpikoak eta nagusiak. Nik azken horiekin egiten dut lan, baina askotan oso ondo jokatzen duten 15-16 urteko neskek ez dute norekin jokatu, bere kategorian oso erraz irabazten dutelako eta kasu horietan gurekin eramaten ditut.

Eta 30 urtetik gorakoak zer?
Egon badaude baina betikoa, amatasunagatik edo, utzi egiten dute. Kirol honek uzten dizu nahiko nagusi izan arte jokatzen, teknika eta esperientzia izatea oso baliogarriak direlako.

Nazioarteko txapelketetan parte hartu duzue?
Bai, Nazioarteko Pilota Federazioa dago alde batetik, Espainiar Estatutik kontrolatzen da hori. 2002an Euskal Federazio gisa jokatzen saiatu arren, aukera hori ukatu ziguten. Eusko Jaurlaritzak Munduko Pilota Batzarra sortu zuen eta txapelketak antolatzen ditu. Lehengoa 2007an izan zen, AEBetan, San Frantziskon, bertako Euskal Etxean. Nesken partiduak kristoren arrakasta izan zuen eta ordutik urtero nesken txapelketak egon dira. Mutilenak ez ordea. Argentinan La Platan egon ginen, Boisen ere, neskak bakarrik. Bilbon egin genuen 2011n eta orain dela hilabete batzuk Caracasen izan gara, Venezuelan.

Palan edota esku pilotan jokatzen interesatuta dagoen norbaitek nora jo beharko luke?
Bizkaiko Federazioarekin harremanetan jartzeko aholkatuko nioke, bertatik klub batera bideratuko dute. 6-7 urtetik has daitezke jokatzen.

SAKONEAN: “Ez dut ulertzen Euskal Herria kirol hau gabe”

Zein da bizi izan duzun momenturik bereziena?
Txapelak garrantzitsuak dira baina garrantzitsuagoa da, talde lanean dagoen arlo psikologikoa. Une gogor eta txarretatik datozen elkarrizketa berezi horiekin geratzen naiz. Oso baloratua sentitzen naiz neskekin, nire lana eta ardurari garrantzia handia ematen diote.

Eta gogorrenak?
Aukeratzeko momentuak izaten dira gogorrenak. Zortzi pertsonaren aurre-hautaketa egiten dut hasieran, gero bostekin geratzen naiz eta azkeneko hirurak aukeratzen ditut. Hiru horietatik txapelketetan bat finaletik kanpo utzi behar dut, askotan jakinda, bat zein bestea jokatu irabazteko aukera dugula, ez dakizu beraiek beste aukera bat izango duten. Harremanetan inplikatzen zara, egin duten esfortzua itzela da, hainbeste kilometro egiten dituzte partidu bat jokatu ahal izateko eta hala ere, baten bat kanpoan utzi behar dut.

Dena pikutara bidaltzekotan egon zara inoiz?
Bai, baina nik ematen dudana baino gehiago jasotzen dut, zalantzarik gabe. Jende askok ez du ulertzen zergatik joaten naizen astebururo partiduak ikusten edo astean behin entrenamenduetara. Argi dut zein den erantzuna: gustatzen zaidalako. Nesken ilusioak eta lanerako prestutasunak animatzen nau segitzera.

Kirola baino gehiago da zuretzat pala?
Bai, dudarik gabe. Gure ondasun kulturalaren parte bat da. Ez dut ulertzen Euskal Herria kirol hau gabe.

Testua: Nerea Olaziregi

Argazkiak: J. Garcia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: