prestaldizkaria

Irrati lizentziak banatzea eskatu du euskalgintzak

In Uncategorized on Martxoa 27, 2013 at 8:15 am

euskal_irratiak

Euskalgintzako hainbat erakundek eta kaltetutako irrati euskaldunek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako FM irrati lehiaketa bertan behera utzi ordez amaieraino eramatea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean goizean egindako agerraldian, Alberto Barandiaranek, Hekimen herri ekimeneko hedabide euskaldunen elkarteko zuzendariak, euskalgintzaren izenean “babes osoa” adierazi dizkie pasa den urrian behin-behinean hamaika lizentzia agindu zieten eta abenduan lehiaketa bertan behera utzita lizentziarik gabe lotu diren Antxeta, Araba eta Justuri irratiei zein Euskal Irrati Zerbitzuak (EIZ) enpresari. Ondoan, besteak beste, Maite Inda Kontseiluko kidea, Inazio Arregi (Tokikom) eta Xabat Laborde (EHE) izan dituzte. Topagunearen eta AEKren babesa ere igorri dizkiete Mikel Irizarrek eta Mertxe Mujikak, beste zereginetan izateagatik agerraldira azaldu ezin izan direnak.

Euskalgintzako kideek Cristina Uriarte Kultura, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza sailburuari eskatu diote apirilaren 4a baino lehen 34 lizentzia banatzeko lehiaketa bertan behera utzi zuen ebazpenaren aurka irratiek jarritako helegiteak aintzat hartu eta lehiaketarekin jarraitzea. Halere, hainbat komunikabidek zabaldutako irregulartasunak direla eta, lehiaketa akatsak hasi ziren azken punturaino bueltatzea ere eskatu dute. Ibon Altuna abokatua eta EIZetako administratzaileak azaldu duenez, apirilaren 4an erreposizio helegite batzuk erantzuteko azken eguna izango du Jaurlaritzak. Altunaren ustez, prozesuarekin ez jarraitzea “ez litzateke batere justua, batez ere euskal irratientzat, esleipena behin-behinean lortu dugunontzat, berriro ere lehiaketa batera aurkeztu beharra, euskararentzat erreserbak mantenduko diren jakin gabe eta zein oinarriak izango diren ezagutu gabe”.

Lehiaketa bertan behera uztea okerragoa litzateke

Gainera, Agus Hernan Antxeta irratiko kideak ohartarazi duenez, Urkulluren Jaurlaritzak sortu ez baina esku artean duen “patata beroaren” aurrean lehiaketa bertan behera uztea “hipotesirik txarrena” litzateke: “prozesu judizialak urteak eta urteak emango lituzke eta Jaurlaritzak nekez atera lezake beste deialdi berri bat 34 lizentzia horiek ebazteke dauden bitartean. Gainera, diren irregulartasunek irabazteko oso oinarri juridiko ona ematen digute, erabakaitzen badugu bide judiziala jarraitzea”. Beste deialdi bat antolatzekotan irrati euskaldunak “oso egoera arraroan” egongo liratekeelakoan dago Hernan, Euskalerria irratiarekin gogoratuz: “prozesu judizial luze-luze batean eta nahiz eta arrazoia izan eta epaitegietan irabazi”, lizentziarik gabe, tartean lizentzia beste bati egokituko baliote. Kaltetutako guztiek kalteordainak ere eskatu ahal izango luketela ere azpimarratu du Antxetako kideak. “Horregatik pentsatzen dugu zentzuzkoena dela prozesua bukatzea, irregulartasunak zuzentzen. Bukatzea da onena bai euskararentzat eta baita gauden egoerararako”.

Barandiaranen ustez, “euskarak ez du tratu onik horrelako lehiaketetan” eta Euskalerria irratiarekin parekatu du orain euskal irratiek bizi duten egoera. “Esparru komunikatiboa antolatzen saiatzen denean, askotan euskara kaltetuta ateratzen” dela gogoratu eta hau kasu horietako bat dela ziurtatu du. Gainera, irrati lizentzia deialdi hau duen garrantzia azpimarratu du, “ikus-entzunezko panoraman euskarak presentzia handirik ez” duela gogoratuz: “toki askotan ez dugu aukerarik euskal irrati edo telebista entzuteko”. Horregatik “aukera historikotzat” jo ditu behin-behinean eskuratutako dozena bat lizentzia horiek “hainbat tokitan” eskaintza gehiago jartzeko ahalbidetzen dutelako, oraingo Jaurlaritzak horiek banatzeko borondate politikoa izanez gero. Horregatik, lehiaketan energia, dirua eta giza baliabideak xahutu dituzten eta azken unean lizentziarik gabe utzi dituzten irratiak “erabat” babestu dituzte.

Hekimeneko zuzendariak “berebiziko garrantzia” eman dio irrati horiek hartutako bideari, “erabakiak zuzen hartu ziren tokira bueltatzea”, alegia. Eta hori ahalbidetzea eskatu dio Iñigo Urkulluk gidatzen duen Gobernuari.

Irregulartasunak

Bere aldetik Ibon Altunak salatu egin du “lehiaketa prozesuan zehar eman diren irregulartasunak”. Lehiaketa martxoan abiatu zen eta urtebetean gauza asko gertatu dira, tartean “irregulartasun oso larriak”. Horrela jo du balorazioan laguntzeko enpresa laguntzaileak bere txostena eman aurretik Lehiaketaren Mahaiak egindakoa ezagutu izana, teknikari baten mahaitik hainbat dokumentazio desagertu izana, Onda Vasca irratiari eremu guztietan puntuazioa jaistea horren zergatia azaldu gabe edo eskualde batzuetan lizentzia ja zuen irratiren bati aniztasunagatik puntuazio osoa eman izana. “Prozesu hau nahaste ikaragarri bat” delakoan egon da Altuna. Agus Hernan Antxeta irratiko kideak ere nabarmendu du “eskandalu” baten aurrean gaudela.

Hernanek gogoratu duenez, 2012ko udaberrian, azken 26 urtetan lehenengo aldiz EAEn lehiaketa atera zenean, “ikuspegi soziolinguistiko batetik eskas ziren 11 frekuentzia” gorde zituzten “euskarazko erreserba” zeritzotenerako. Nahikoa ez zela esan zioten Jaurlaritzari irrati komunitarioek, unibertsitateko irakasleek zein euskalgintzak eta alegazioak ere aurkeztu zituzten. Pasa den udazkenean, ordea, behin-behineko ebazpena heldu zen, hainbat elementu positibo zituena. Dozena bat frekuentzia euskarazko proiektuei agindu zizkieten eta hiriburuetan zein jokoan ziren eskualde guztietan txertatzen ziren. Gainera, hiru hiruburuetan irrati komunitarioak entzuteko moduko lizentziak banatzeak aurrepauso handia zen irratiko hirugarren sektorearen zabalpenerako, arlo horretan EAE komunitate aurrerakoiena bihurtuz.

Euskara, “bahituta”

Baina, PSE-EEko Jaurlaritzaren azken Gobernu Kontseiluan prentsari botatako lehiaketa bertan uzteko erabakiak egoera guztia aldarazi zuen. Orain, “euskarazko irratiok lehiaketaren eskandaluaren erdian bahituta sentitzen gara”, azaldu du Agus Hernanek. Izan ere, irregulartasunak “interes politikoengatik” eman direla uste du kazetariak. Emaitza, halere, ohikoa da: “berriro ere euskara zen kaltetua eta berriro ere hizkuntz urraketa baten aurrean geunden”.

Euskal irratiok “oso ondo egin dugu gure lana. Espedientea aztertu denean ikusi dugu irrati bakoitzak oso puntuazio altua izan dugula. Etxeko lanak ondo egin ditugu. Guretzat izugarrizko ahalegina izan da lehiaketa horretara aurkeztea, gure neurrira egindako konkurtsoa ere ez zela. Giza baliabide zein dirutan koste handia izan du eta itxaropena handiarekin hartu genuen behin-behineko ebazpena”, Hernanek azaldu duenez. Horregatik, “izugarrizko frustazioa izan dugu ondoren”. Antxetako kideak ere nabarmendu du “aukera historikoa” dugula dialean eragiteko eta EITBtik at diren hiru irrati euskaldun legalei beste batzuk gehitzeko.

Irrati euskaldunen kideek balorazioa amaitzeko argi utzi dutenez, “interes politiko batzuengatik euskara eta euskaraz informazioa jasotzeko eskubidea kaltetuak izango diren edo ez da jokoan dagoena”. Haien ustez, “arazo hori ez da soilik kaltetutako irratiena, dialean zein moduko irrati eskaintza izango den izugarrizko garrantzia izango baitu euskararen etorkizunerako”.

 

Antxeta, Araba eta Justuri irratiak eta Euskal Irrati Zerbitzuak

Argazkia: Jon URBE/ARGAZKI PRESS

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: