prestaldizkaria

“Yolanda gogoan”, gutun irekia Bilboko alkateari

In Uncategorized on Martxoa 6, 2013 at 12:17 pm

yolanda3

Yolanda Gonzalezen muralaren ezabaketaren harira, Deustuibarra-Zorrotzaurren kokatutako zazpi erakundek honako gutun irekia zuzendu diote Iñaki Azkuna Bilboko alkateari.

GUTUN IREKIA BILBOKO ALKATEARI

Alkate jauna: Harrituta eta minduta idazten dizkizugu lerro hauek. Lehenik eta behin, zehatzmehatz azalduko dugu zer gertatu den gure auzoan, Deustuko Erriberan, bertako auzokide baten oroimenez antolatutako ekitaldien harira.

Auzokide hori Yolanda Gonzalez zen, eta ez dizkizugu beraren erailketaren inguruko zehaztasun ikaragarriak gogoraraziko, horren berri baduzula uste dugulako, are gehiago egun hauetan, komunikabideetan lau haizeetara zabaldu baita zein den ekintza izugarri horren egilearen, hau da, Yolandaren hiltzailearen egoera.

Azken urteotan, gure auzoan Yolanda omendu eta oroitzen dugu hil zuten egunaren urtemugan.

Hurbiltasunetik familiari maitasuna eta elkartasuna adierazteko era bat da. Izan ere, urte asko igaro diren arren, Yolandaren familiak oraindik ezin izan du erabat gainditu galera latz hori, eta instituzioen aldetik oraindik ez du babesik jaso.

Yolandaren omenezko ekitaldian urtero parte hartzen dute haren familiak, Erriberako auzokideek,Madrilen bizi izan zen garaiko adiskideek, senideei nahiz lagunei beren elkartasuna erakutsi nahi dieten pertsonek edo besterik gabe erailketa doilor hori salatu nahi duen edonork. Ekitaldian Yolandaren izaera eta auzoan nahiz Madrilen izan zituen bizipenak gogoratzen ditugu, era xume baina sentikor batean. Urtero lore-eskaintza egiten zaio, eta aurten, gainera, mural bat margotu genuen auzoaren erdigunean dagoen horma diskretu batean. Auzoko jendeak egindako mural horren helburu bakarra Yolandaren oroitzapena bizirik iraunaraztea da.

Horraino, dena da zentzuzkoa.

Hortik aurrera, arazoak hasi ziren. Murala egin eta biharamunean, udalaren garbiketa brigadetako langileren batek pinturaz estali zuen, eta hori oso mingarria izan zen Yolandaren familiarentzat.

Zenbait egun geroago, berriro egin zen murala, eta berriro ezabatu zuten. Margotze eta ezabatze dinamika zoro bat hasi zen horrela, eta ez dakigu amaierarik izango ote duen, kontuan izanik Erriberako auzokideek Yolandaren oroitzapena betikotzeko duten asmo sendoa eta zuk gobernatzen duzun Udalaren ordenantzak bateraezinak direla, antza.

Gure ustez, gizarte zibilak egiten dituen omenaldiak ekitaldi instituzionalak bezain garrantzitsuak dira, edo garrantzitsuagoak, familiari hurbiltasuna adierazten diotelako eta aurpegi nahiz bizipen zehatzak jartzeko gai direlako, ekitaldi instituzionalen arrandia eta oihartzun mediatikoa ez badituzte ere.

Gertaera horien aurrean, eta horrelako ekitaldiak egitera bultzatzen gaituzten arrazoiak ulertzen dituzula sinetsirik, gurpil zoro hori gelditzeko beharrezkoak diren aginduak eman ditzazula eskatzen dizugu. Izan ere, Udalaren jokabide hori ez dator bat gizartearen gehiengoa aspalditik eskatzen ari den biktimen aitorpenarekin.

Gure aldetik, ez dugu inola ere onartuko Yolandaren oroitzapena ezabatua izatea. Horregatik, datorren larunbatean, martxoak 9, eguerdiko hamabietan eta leku berean, berriz egingo dugu ezabatutako murala, eta bertaratzeko deialdia egiten diegu parte hartu nahi duten pertsona guztiei.

Horma hori dagoen orubearen jabeen onespena eta baimena ditugu, eta espero dugu murala berriz ere ezabatua ez izatea, era sinboliko horretan Yolanda gure auzoan bizirik iraunarazi ahal izateko.

Gure artean beti… Yolanda

LIBE IRISARRI BIDARTE (14.574.054 – N) hurrengo elkarteen babesarekin eta haien izenean: BEKOERRI Kultur Elkartea; EUSKALDUNAKO ZUBIA Auzo Elkartea; TXITXARDIN Jai-Batzordea; HACERIA Arteak; ZAWP Bilbao; P6 (6 Pabiloia) y LA POISSON Kultur Gunea, denak Deustuibarra-Zorrotzaurren kokatuak

  1. […] zuten Erriberan. Hori dela eta, atzo, Deustuibarra-Zorrotzaurren kokatutako zazpi erakundek gutun irekia zuzendu zioten Iñaki Azkuna Bilboko […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: