prestaldizkaria

Esperanza Yunta: “Amesten dugun horren alde egin behar dugu borroka”

In Uncategorized on Urtarrila 10, 2013 at 11:20 am

espeyunta

1949an jaiotako tafallarrak Deustuko Blas de Otero kalearen atzealdean duen lantoki-eskolatik hainbat margolari-belaunaldi igaro dira dagoeneko. Beso zabalik hartu gaitu, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz berba egiteko.

Tafallarra zaitugu. Zergatik zaude Deustun?

1974an, ezkondu nintzenean, Deustura etorri nintzen bizitzera. Lantokia etxetik gertu nuelako komeni zitzaidan, garai hartan seme-alabak gazteak zirelako. Eta Deustu oso gogoko dudalako, bizipen asko eman dizkidalako. Itsasadarrak inspiratu egiten nau.

Konta iezaguzu zertan datzan zu bezalako artisten lana.

Lehenik eta behin argitu behar dut ni ez naizela artista; oso maila apalean bada ere, neure burua Clavé katalanaren ikastuntzat dut. Haren hitz berak erabiltzearren, artisau xaloa besterik ez naiz. Hiltzen naizenean beharbada esango dute artista naizela, baina oraingoz oso ur handiak dira horiek. Margogintzaren eta grabatugintzaren maitalea naiz, besterik ez. Jendeak egiten dudan hori, nire hitz egiteko modua, ezagutzea da nire lehentasuna. Hori argiturik, esango dizut batez ere grabatuak eta margoak egiten ditudala, dena nahasturik, dena batera doalako; hainbat artistentzat ere lan egiten dut: Ibarrolarentzat, Teresa Ahedorentzat, Alejandro Quincocesentzat… Horiek bai artistak! Umil-umil haiei nire lana eramaten diet. Bestalde, orain Clara Álvarezen laguntza dut lantokian, ezinezkoa dudalako egin nahi dudan guztia aldi berean egitea.

Itsasadarrak inspiratu egiten zaituela esan duzu. Nola, zehazki?

Badira 33 urte korrika egiten dudala, eta Zorrotzaurretik zein Rontegi zubitik noanean lortzen dut inspirazioa, ontziolak izan ziren haiei begira, materialak nola desegiten, zamatzen eta husten dituzten ikusiz. Herdoildutako burdinarekin lan egiten dudanez, neuk ere horrelako hondakinak gustura hartuko nituzkeela pentsatzen geratzen naiz, harribitxia baiteritzet.

Zer motatako materiala darabilzu?

Sarritan joaten naiz industrietara. Dagoeneko ezagutzen nautenez, gogoko ditudan herdoildutako materialak eta burdina-zatiak gordetzen dizkidate. Ezagutzen dudan jendeak ere, ezer aurkituz gero gorde eta ekarri egiten dit, eta nik neuk ere kalean ezer topatzean hartu egiten dut. Bestalde, paper nobleak ere erabiltzen ditut, batez ere Japoniako papera. XVIII.-XIX. mendeko papera da, antzinakoen saltzaileei erosten diet. Oso garestia da, baina hori da nire gutizia.

Denetatik egiten duzu, beraz. Zer ikasi zenuen, honaino iristeko?

Gaztetan Erizaintza ikasi nuen. Gurasoek arlote zeritzen Arte Ederrak ikasten zituztenei, beraz ez zidaten utzi; beste garai batzuk ziren. Bilbora etortzean Basurtuko ospitalean ibili nintzen lanean hainbat urtez, baina tarte libreetan beti nenbilen marrazten eta margotzen. Nire adierazpidea zen, nire hitz egiteko modua. Beraz, Bartzelonara joatea erabaki nuen, Massana eskolan Arte Ederrak ikastera.

Deskriba iezazkiguzu zure lehengaiak.

Hondakinez maiteminduta nago, burdinaz, zuraz… Gogoko dut hondakinei berezko hizkuntza ematea. Jendeak ikusten ez duen hori, formetan, koloreetan, suntsiketan ikusten dut nik. Hizkuntza hori aldatzea eta hondakinak, jendeak ikusi ohi ez duen hori, jainkotzea, gorestea dut gogoko.

Gogoan dituzu hasierako urteak?

Noski! Hasieran, ikasketak amaituta dirurik ez nuela-eta, Luzarra kaleko apartamentutxo batean jarri nuen eskola, eta hiruzpalau urtez ibili nintzen. Orain dudan lantokia duela 18 urte lortu nuen. Bestalde, Deustuko Unibertsitatean ibili nintzen bi urtez ikasten eta, Historiaurreko labar-pinturak ezagutzean, hunkitu egin nintzen oso. Orduantxe hasi nintzen grabatugintza maitatzen. Gero Apellaniz arkeologia-katedratiko ohiarekin lan egin nuen, hezurrak zizelkatzen. Oso gogoko nuen hori ere. Ezin izan nuen, eta egun oraindik ere ezin dut, margogintza eta grabatugintzaren artean aukeratu.

Zailtasunik ere izan zenuen…

Hasierako urteak oso zailak izan ziren, bai, hasiera guztiak bezala, gizarte honetan ezaguna izan arte inork ez digulako jaramonik egiten. Gainera, ni dagoeneko nahiko zaharra nintzen, eta jakina da adin jakin batera heltzean jendeak uste duela ez dugula ezer eskaintzeko, edota gazteei lanpostua kentzen gabiltzala. Esaterako, behin irakasle batek esan zidan hobe nengokeela sukaldean, klasean baino. Ez nion erantzun. Ikasten amaitzean berriz topo egin, eta esan nion: begira amaitu dut eta ez nago sukaldean, klasean baino. Orduan, berak ez zidan erantzun.

Eta zelan egin zenuen aurrera?

Enpresa zein galerietara nindoan lanak aurkeztera, baina ez zizkidaten hartzen. Bitxia zitzaidan, izan ere, hasiberria nintzen arren, banekien nire lanek balioa zutela. Ez naiz balio ekonomikoaz ari, nik ez baitut sekula balio ekonomikoaz hitz egiten, balio profesionalaz baizik. Oso zaila izan zen. Beraz, hasieran ematen nituen eskolei esker bizirauten nuen, eta poliki-poliki enkarguak egiten hasi nintzen.

Nolako egoera bizi duzu egun?

Egun, badut balio profesional aitortua, eta egunez egun hori gainditzen saiatzen naiz, gauza berrien bila. Eskolen zein enpresen enkarguei esker bizi naiz. Pozik nago, margogintzarekin eta grabatugintzarekin lotutako kontuekin bizirautea lortzen dut-eta. Lehen, beharbada, posible zen grabatuen kontura soilik bizitzea, baina orain ez, krisia dela-eta eskaria asko urritu baita.

Krisia aipatu duzu. Zelako eragina izan du zugan?

Kanpoko salmentetan igarri dut. Lehen enpresen enkargu asko nituen, orain mozketen eraginez jendeak ez du horrenbeste grabatu-argitarapen eta enpresa-opari egiten. Klaseetan ez dut krisirik igarri, ikasleek fidel izaten jarraitzen dute.

Erakusketak ere egiten dituzu, ezta?

Bai. Bilbon Aritza galerian jarri ohi ditut erakusketak, Iruñean Ormolú galerian, baita Bartzelona, Tarragona eta Malagan ere. Erakusketak bizpahiru urtean behin egin ohi ditut. Krisia dela eta, gutxiago. Galerietako arazoa, betiko moduan, dirua da. Garestiak dira oso, baina behintzat orain arte dirurik ez galtzea lortu dut. Zorteduna izan naiz, saltzea lortu dudalako. Hala ere, ez dit jende ezagunak erosten, ezezagunek baizik, nigan konfiantza izan eta neure lana gogoko dutenek, nahiz eta bezero fidelak ere izan. Galeriek prezioa izan behar dute, noski, baina gauzak dauden bezala, garestiegia da. Ez ditut kontuan hartzen lanean emandako orduak, baina markoak jartzea, katalogoak egitea, galeriari ordaintzea… ez dut inoiz diru-laguntzarik jaso, beraz diru asko eskatzen dit. Baina arriskatu beharra dago. Gainera kritikak, gehienetan, onak dira, beraz pozik nago.

Zer gomendio eman nahi diezu artean dabiltzan hasiberriei?

Barruan duten horren alde, ametsen alde egin behar dute borroka. Barruan iratxoa badute, uneren batean nahi duten hori lortuko dute. Inoiz ez diote gizarteari, inguruneari, kritikei kemena hondatzen utzi behar. Euren buruari fidel izan behar dute uneoro. Horrela, goiz edo berandu, aurrera egitea lortuko dute. Bestalde, bide horretan gizarte osoak engaiatu behar du. Hasiberri askok euren burua jainkotzat izatea, ordea, gorroto dut, eta izutu egiten nau. Oinak lurrean izan behar ditugu, eta artistek umilak, barruagokoak izan behar dute; eliza erromanikoak bezala, nor bere baitan sartuta. Gero, jendeak ikusiko du. Umilak izan ezean, ez dugun ospea ematen gabiltza geure buruari.

Zer proiektu duzu etorkizunerako?

Oinordetzan hartu dut apartamentua Tafallan, eta etxebizitza-lantoki-galeria izateko prestatzen nabil. Ez nire lanak saltzeko, ezagutarazteko baizik. Udatik prest dut, azken ukituak besterik ez dira falta. Europan garatzen ari den ideia da, galeriak oso garestiak direlako. Gainera, ez dakit zergatik, jendea galerietan sartzearen beldur da. Orain artista-liburua egiten nabil han eta astero noa, hiruzpalau egunetarako.

Urte hauetan zehar gertatu zaizu bitxikeriarik?

Hasieran E. Yunta izenez sinatzen nituen lanak. Behin galeria bateko arduradunak esan zidan jendeak gizonen lanekin identifikatzen duela nire lana, eta haren ustez hobe zela abizenaz soilik sinatzea. Abizena gogoko dudanez, orain Yunta soilik ipintzen dut. Ez berak esan zuelako, noski, baizik eta konturatu naizelako gogokoago dudala, indartsuagoa dela. E horrek garrantzia kentzen zion Yari.

SAKONEAN

Zer deritzozu Deustuko artisten harrobiari?

Ez dut uste Deustun beste grabatugintza-lantokirik dagoenik. Margogintza-lantokiak badira, baina. Dena den, jendeak gehiago engaiatu behar du artean, eta ez bakarrik sortzearren. Norberak gara dezakeen hizkuntza propioaz gain, espiritualki eta barne-hazkunde gisa, oso gorena eta espirituala da artea, eta hori da garrantzitsua. Gizakiok, betidanik, sortu egin behar izan dugu: idatzi, musika egin… margotzea, grabatuak edota eskulturak egitea, beste arte mota bat da, sentimenduak adierazteko beste modu bat. Gizakiok geure barnean daramagu, eta atera egin behar dugu.

Eta Deustuko proiektuei? (ZAWP, merkatari-elkartearen egutegia…)

Ezagutzen ditut, eta bikaina deritzet, kultura eta artearen aldeko ekimen guztiei bezalaxe. Horrelakoak egin egin behar dira, eta kitto. Gehiago sustatu behar dira, izan ere artea adierazteko modu ugari dago: erakusleihoen bidez, artea kalera ateraz, kamisetetan, fatxadetan, hondatutako lekuak merke birziklatuz… Ez dut ulertzen nola dagoen zer egin ez dakien jendea, aspertzen den jendea, aukera horiek guztiak izanda.

Eta lehiaketei?

Lehen parte hartzen nuen, orain ez. Barregarria dirudi, baina lehiaketetarako muga 40 urtetan jartzen dut: gazteek euren burua ezagutarazi egin behar dute. Egia da, hala ere, arteak ez duela adinik, denek dutela esatekorik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: