prestaldizkaria

FiloBlogia: euskarari buruzko berriak Interneten irakurgai

In Uncategorized on Abendua 12, 2012 at 10:36 am

Barkua 1 Blog2

Ricardo Gomez filologo saninazioarra Gasteizko Letren Fakultateko irakaslea da, eta 2004. urtetik euskararen berri ere ematen du FiloBlogia izeneko blogean.

Edukia
FiloBlogia blog berezia da. Izan ere, euskarari buruzko berriak dira nagusi, bereziki euskal filologia eta hizkun-tzalaritzari buruzkoak. “Baina sarritan hizkuntzalaritza orokorraz, testu zaharren edizioaz, unibertsitatearen munduaz, Interneteko baliabideez eta beste gai orokorrago batzuez ere idazten dut”, diosku Ricardok. Hasierako urteetan “testu mamitsuagoak eta landuagoak idazten nituela iruditzen zait, zenbait gai luzexka, bai eta nire ikuspegia ere”; azken urteetan, aldiz, “ia-ia berriak eta iragarkiak besterik ez ditut argitaratzen: euskal filologia eta hizkuntzalaritzarekin lotutako liburu, doktore-tesi, dokumental eta aldizkarien berri ematen dut; munduko hizkuntzalaritzako aldizkari zientifikoetan agertzen diren euskarari buruzko artikulu sakabanatuak biltzen; mintegi, hitzaldi, ikastaro eta biltzarrak iragartzen; unibertsitatean deitzen diren arloko irakasle plazen eta beken berri ematen…”. Gainera, blogaren eskuineko barran “Internetetik gordetzen ditudan mota askotako helbideak ageri dira (Iruña-Veleia aferaren gainekoak, berbarako), eta horiek ere jende askorentzat baliagarriak dira, jakinarazi didatenez”.

Asmoa
Bloga sortzeko hasierako asmoa “ikasleei material osagarria eskaintzea zen, haien interesekoa izan zitezkeen berriak, interneteko helbideak, liburu eta aldizkariei buruzko informazioa, etab. helaraztea”. Ricardo oso laster konturatu zen, baina, irakurlego zabalago batentzat ere jakingarriak zirela blogean idazten zituenak. Beraz, pentsatu zuen blogaren beste eginkizun bat izan zitekeela “euskararen –batez ere euskararen historia eta “jatorriaren”– inguruan zabaltzen diren mito eta uste okerrei buruz jardutea, filologia eta hizkuntzalaritzaren teoria eta metodoak kontuan hartuz, mito eta usteok zergatik diren okerrak azaldu nahian”. Hala ere, “ezinezkoa gertatu zait euskarari buruzko halako ideia xelebreak dituen jende askorekin eztabaida zentzuzkorik izatea, behin eta berriz itzultzen baitira beren etimologia eta argudio harrigarrietara, hizkuntzalaritza historikoan batere oinarririk ez dutenak”.

Harrera
Jasotzen dituen iruzkinen arabera, “badirudi nolabaiteko erreferentzia badela bloga, besterik ez bada gai hauei buruzko blog bakarra delako”. Euskal filologoen artean eta azken ikasturteetako ikasleen artean aski ezaguna da, batik bat euskararen historiaz eta euskal testu zaharrez arduratzen direnen artean. Esaterako, ikerketa-talde batean prestatzen ari diren Lazarragaren eskuizkribuaren edizioaren aurrerapenak jarraitzeko erabili dute batzuek, edo Iruña-Veleiako aferaren inguruan sortzen ziren berriak jarraitzeko. Bestalde, filologo ez den jende talde batek ere irakurtzen du bloga, gaiak interesatzen zaizkielako. “Eta, nik uste, talde horretan daude blogaren jarraitzaile amorratuenetako batzuk”.

Euskararekiko jarrerak
Euskaldun askok beren hizkuntzaz duten interes handia ikusita, esan ohi da “euren buruan filologo bat bizi dela: euskalkien arteko aldeaz arduratzen dira, euskal hitzen etimologiak asmatu, euskara zuzen eta egokiaz gogoeta egin, etab. Baina “beren baitako filologoa lotan duten beste hainbat euskaldun ere badira, noski, kasurik onenean normaltasun osoz euskaraz egiten dutenak eta, kasurik txarrenean, euskaraz jakin baina erabiltzen ez dutenak”.

Besterik da Euskal Herriko erdaldun elebakarren jarrera, Ricardoren arabera. Haietako askorentzat “euskal literatura, musika, hedabideak… euskal kultura orokorrean ez da existitzen, ez balego bezala jokatzen dute”. “Oso tamalgarria” deritzo, “ez dutelako euskal kulturara hurbiltzeko inolako ahaleginik egiten”.

Kontuan hartu beharrekoa da, baita ere, Euskal Herritik kanpoko hizkuntzalariek euskararen gainean duten interes handia; izan ere, “euskararen ezaugarriek ikaragarri erakartzen dituzte hizkuntzalari atzerritarrak”.

Egun eta etorkizunean
Hobetzeko asko dago oraindik, Ricardok dioskunez. Baina izan bada ia inoiz aipatzen ez den kontua: “Kezkagarria da batez ere gazteen artean zabaltzen ari den hizkuntza-erregistroak ezabatzeko joera, edonon eta edonorekin lagunartean bezala hitz egiteko joera, alegia. Horrek ere izugarri pobretzen du hizkuntza”.

Azken urteotan Iruña-Veleiako aurkikuntzen aferak harrapatu du Ricardo. Idazkunen faltsifikazioaz gain, bereziki harrigarria iruditu zaio sinetsi nahi dutena sinesteko zenbaitek egindako ahaleginak, “kontrako froga guztien gainetik egin ere”.

Testua: Adriano de Mata

  1. […] “FiloBlogia: euskarari buruzko berriak Interneten irakurgai” […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: