prestaldizkaria

Bekoerri elkartea: bi urteko bidea Deustuibarran

In Uncategorized on Abendua 12, 2012 at 10:42 am

BEKOERRI

“Izan zirelako gara, garelako izango dira” esaldia irakur daiteke Bekoerri elkartearen aurtengo kamisetan. Eta badira. Bi urte eta gero, Erriberaren alde lan egiten segitzen dute. Auzoan ez dago horren zalantzarik.

Auzokide ugari bildu ziren Bekoerri Kultur Gunearen II. urteurreneko jaian, izan ere, asko dute ospatzeko erriberakoek. Duela urtebete martxan jarritako Berbalagun egitasmoak arrakasta izaten jarraitzen du. Astero biltzen dira 21 lagun bi taldetan, euskaldun zaharrak, berriak eta euskalduntze prozesuan daudenak. Guztiek euskaraz hitz egitea dute helburu eta  dagoeneko  eguneroko harremanetan ere talde hauen eragina nabaritzen hasi da. Pertsona batzuen artean hizkuntza ohiturak aldatzen hasi dira eta euskaldunon komunitatea handitzen doa poliki-poliki.

Presoen aldeko dinamika gero eta handiagoa eta zabalagoa izatea lortu du Bekoerrik. Balkoi eta hormetan euskal presoak herriratzearen aldeko leloak gero eta ugariagoak dira eta etxe gutxi dago pisuren baten “Euskal Presoak Euskal Herrira” ikurrik ez duena. Erriberako plazan ‘Km 0’ izeneko erakusketa antolatu zuten eta argazkien bitartez, dispertsioaren ondorioz senide eta lagunek bisitetara joateko bizi dituzten hainbat une ikusi ahal izan zuten bertatik pasatu zirenek. Gai honekin lotutako hitzaldiak, bazkariak eta elkartasun egunak ere antolatu dituzte. Baita memoria berreskuratzeko jarduerak ere. Yolanda Gonzalez Erriberako auzokidearen omenez antolatutakoa bereziki hunkigarria izan zen. Batallón Vasco Españolek erahil zuen Yolanda 1980an eta bere senide eta lagunak gertatutakoaren inguruan mintzatu ziren.

Bekoerriko ajendan kultur jarduerek pisu handia dute eta ikasturte honetan gogor hasi dira. Irailean Pabeloi 6 bete egin zuten Eidabe elkartearen ‘Izar eta Senaida’ izeneko antzezlanarekin eta urrian antolatutako Brotes Tiernos bakarlariaren kontzertuak arrakasta handia izan zuen.

Auzo bizia da Erribera eta bertan antolatzen diren dinamiketan ere Bekoerrik era aktiboan parte hartzen du, Olentzero egunean txokolatada prestatuz, inauteri eta jaietan umeentzako tailerrak antolatuz edota auzoan arazoak daudenean gainontzeko elkarteekin batera, irtenbideak bilatuz.

Egitasmo erraldoien eta auzoan gaur egun gertatzen ari diren hainbat erasoren gainetik, Erriberak irla bat izaten jarraitzen duela erakutsi dute oraingoan Bekoerrikoek. Irla ezkertiarra, abertzalea eta gero eta euskaldunagoa

Egingo dugu….?
Hilean behin, Bekoerri elkarteak zerbait egitera gonbidatzen ditu auzokideak. Txakoli dastaketa, afari bereziak, ikastaroak, pintxo lehiaketa, mural erraldoia edota flash mob-a. Dena lagun arteko giroan eta euskaraz. Eta auzokideak egiten animatzen dira. Aurtengo jaietarako antzerki herrikoia egiten animatu ziren. Pastoral kutsua hartu zuen antzerkian hogeitik gora auzokidek parte hartu zuten eta azaroan Bekoerrin antolatutako ‘Erriberan badok hamahiru’ argazki erakusketa oso arraskastatsua izan da. Martin auzokideak auzoan ateratako 13 argazkiak ikusitakoan bertara hurbildu denak POS-IT bidez irudi bakoitzak iradokitzen ziona jartzeko aukera izan du eta ekarpen ugari jaso dituzte.

Laster, Begoña tabernan edo Angelenean euskaraz irakurtzeko aukera izango dute auzokideek, izan ere, Berriako harpidetza egiteko kanpaina bat abian jarri dute Bekoerriko lagunek.

Testua: Nerea Olaziregi

INFO + BEKOERRI

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: