prestaldizkaria

Victoria Eugenia eta baserritarra Deustuko kaian

In Uncategorized on Abendua 10, 2012 at 8:19 am

Espainiako erreginarik ikusi duzue inoiz Zorrotzaurren? Bada, erne, zeren, ibili, baten bat ibili da eta zer kontatua laga digu baserritarra eta idiarekin topo egin eta gero.

Bizkaiko Jaun-Andereak ziren heinean, Espainiako errege-erreginak Bizkaira etorri behar ziren, koroa jaso ahala, foruen zin egite ekitaldira. Hala ere, badirudi Gaztelako Isabel Iaren ondoren hori ez zela beste inoiz gauzatu. Hortaz, bizkaitarrak oso gutxitan ikusi zituzten Espainiako errege-erreginak Lege Zaharraren aroan. Baina monarkia bera kinka larrian paratu zen garaian, iraultza frantsesetik aurrera alegia, gorengo agintariei sen bidaiaria piztu zitzaien, herritarren artean haien itzala handituko zutelakoan. Fernando VII eta andre Amalia bidaia luzea egin zuten 1828an eta, besteak beste, Bizkaia eta Bilbo bisitatu zituzten. Alaba Isabel IIak ere antzeko txangoak egin zituen eta, adibidez, 1845ean, Deustuaren aurretik igaro zen, itsasadarretik gora ontzian Bilbora joiala.

Zer esanik ez, karlistadetan Euskal Herrian babestu ziren karlisten erregegaiak, Carlos V eta Carlos VII alegia. Baina eragin handiagoa eduki zuen XIX. mendearen amaieratik Espainiako errege-erreginak Donostiako udatiar bihurtu izanak. Esku-eskura gelditzen zitzaien Bizkaia eta Bilbo eta sarritan etorri ziren Alfonso XII eta Alfonso XIII bere andre eta amekin Bizkaia aldera, batez ere ekitaldi sozialetara. Saraoetarako joera odolean ongi txertaturik eduki izan dute borbondarrek.

Zorrotzaurren

Halako batean, bisitaldi horietako bat zapuztu zen. Espainiako prentsan irakurri dugun bezala kontatuko dugu. 1907ko irailaren 9an Espainiako errege Alfonso XIII Bilbora eta Portugaletera hurreratu zen Giralda ontzian. Donostiatik zetorren. Bertatik ere, baina autoz, bere andre Victoria Eugenia Battenberg. Behin bazkari ofiziala Sporting klubean eginda, errege-erreginak, nork bere aldetik, Donostiara itzuli ziren. Alfontso, itsasotik; Victoria Eugenia, Areetan laga zuen auto ofizialean. Kroniken arabera, arratsaldeko laurak laurden gutxitan Victoria Eugeniaren autoa Deustuko Zorrotzaurre (Zorrepaure, Zorrozaure eta antzerako izenekin deitu zuten) auzotik igaro zen. Aihenlekuaren eta tranbiaren bidearen artetik pasatzerakoan (alegia, ibai ondoko errepidetik doazela) Basurtuko azokatik bueltan zetorren idia galtzadara atera zen.

Beti ere bertsio ofizialaren arabera, erreginaren xoferra arriskuaz jabetu eta galga elektrikoa zapaldu zuen. Ibilgailua gelditu zen baina, zorigaitzez, animaliarekin tupust egin eta gero. Kolpea oso bortitza izan zen. Idia zelan gelditu zen inork ez zuen idatzi. Erreginak, ostera, eskoziar gogor halakoak, ez zuen kalterik batere hartu, sustoa baino ez. Berarekin Salamancako markesa zihoan, eta hark ere ez zuen kalterik jaso. Hain izan zen horrela, ezen, kronikaren arabera, “Victoria erregina autotik atera zen xoferrak (chauffeur) bere burua lurrera botatzen zuen bitartean”, beldurraren beldurraz pentsatu behar dugu. Haien atzetik, beste auto batean, gobernadore zibila eta Pacheco jenerala zetozen. Berehala azaldu ziren, asaldaturik eta artega.

Kronika bereziki koipetsu baten arabera, deustuarrek txaloka hartu zuten oraindik ere sustoak jota zegoen erregina. Baina denak ez ei ziren hain samurrak. Berehala, Deustuko txinela (udaltzaina) agertu zen. Esan zuenaren arabera, idiaren ugazabak (baserritarrak), automobilak jo eta gero motorra lehertu eta animalia hil egingo zelakoan, arrapaladan egin zuen alde. Handik gutxira, udaltzaina ikusi zuenean, “reclamó su auxilio para cobrarse de los dueños del automóvil el importe del buey”.

Ez dakigu txinelak erreginaren autoari isunarik jarri ote zion eta baserritarrak idiaren dirua kobratu ote zuen, baina postura egingo genuke eta ezin galdu. Victoria Eugeniaren automobila Bilboko Ganborena garajera eraman zuten, konponketarako. Bera bigarren autoan sartu eta Donostiara joan zen.

Erregina arriskuan

Ondorio larririk ekarri ez bazion ere, susto galanta hartuta joango zen Victoria Eugenia. Kroniketan ‘Erregina arriskuan’ izenburua idatzi zuten. Segurutik, denen gogoan urtebete lehenago, 1906ko maiatzaren 31n, gertatutakoa zegoen. Egun hartan ezkondu ziren Alfontso eta Victoria Eugenia, Madrilen eta, elizatik errege jauregira joiazanean, Mateo Morral anarkistak bonba jaurti zien. Ezkonberriak onik atera ziren, baina haien inguruan hildako eta zauritu ugari izan ziren. Kroniken arabera, Victoria Eugenia odolez zikindurik heldu zen errege jauregira.

 

Testua: Hektor Ortega

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: