prestaldizkaria

Mikel Irizar: “Inertziari aurre egin eta hizkuntzen egoera iraultzeko indartu behar da gizarte mugimendua”

In Uncategorized on Azaroa 15, 2012 at 8:56 am

Euskara Elkarteen Topaguneko presidente Mikel Irizarri elkarrizketa egin diogu azaroaren 17ko kongresua dela eta.

Galdera: Hiru urteko gogoeta sakonari bukaera emango dio Topaguneak azaroaren 17an, tartean bi Kongresurekin. Zer balorazio egiten duzue hausnarketa prozesuaz?
Mikel Irirzar: Oso pozik gaude egindako bidearekin. Duela hiru urte ikusi genuen aro aldaketa baten atarian geundela, baita euskararen normalizazion ere, eta eraldaketa handia behar zuela euskara elkarteen antolakundeak. Orduan abiatutako hausnarketa sakona izan da, lasaia eta zabala. Eta emaitzetan adostasun oso altua lortu dugu. Oso indartuta atera gara prozesu honetatik, euskalgintzari ekarpen ahalik eta handiena egiteko gogotsu.

G: Larunbatean amaitzen den Kongresuari Federaziotik Mugimendura izena eman dio Topaguneak. Zeintzuk dira federaziotik mugimendurako saltoaren gakoak?
M.I: Elkarteen eta federazioaren indarrak metatu beharra ikusi genuen hausnarketan, elementu komunak indartu eta bat moduan agertu beharra jendartearen aurrean. Bost ardatzetan egin dugu lan: izena eta izana, jardunbidea, finantzazioa, barne komunikazio/elikadura, eta antolaketa. Eta hor adostu ditugun eraldabideak orain kudeaketa planetara eramango ditugu. Berehala antzemango da kohesioan eta batasunean egin dugun saltoa.

G: Elkartetik plazara irtetzeko apustua egingo du mugimenduak, onartutako ponentziaren arabera. Zergatik behar hori?
M.I:Orain arte lehentasuna eman zaio euskaldun aktiboak antolatzeari, elkartearen barruan. Eta lan hori egin beharra zegoen. Baina jendarte dinamikoa da gurea eta dinamika hori plazan dago, kalean. Horregatik, beharrezkoa ikusi dugu jendartearen dinamiketan murgiltzea eta horietan eragitea euskarak bere tokia irabazi dezan.

G: Aurreko Kongresuan nabarmendutako ideia izan zen gizarte mugimendu bezala indartu beharra zuela Topaguneak. Euskaldunok zergatik behar dugu gizarte mugimendu indartsuago bat gaur egun?
M.I: Urrats handiak egin badira ere, hemen euskal hiztunak minoria gara eta euskara ez dago berdintasun egoeran, ezin dugu euskaraz egin gaztelaniaz edo frantsesez egin dezakegun guztia. Eta inertziak egoera hori egonkortu besterik ez du egingo. Horretarako behar dugu indarra, inertziari aurre egin eta hizkuntzen egoera iraultzeko. Euskal hiztuna berdintasun egoeran jartzea da helburua, elkarbizitzaren mesedetan.

G: Euskalgintzan ekarpena egin nahi duzuela ere aipatu izan duzue. Zein da euskalgintzaren egitekoa gaur egungo gizartean? Zelako euskalgintza behar du gizarte honek?
M.I:Esango nuke euskalgintzaren egiteko orokorrena dela indarrak metatzea euskararen alde. Euskaldun aktiboa janztea eta antolatzea, euskaraduna bihurtzea euskaldun aktibo, herritar gehienak egitea euskaradun edo gutxienez elebidun pasibo… Eskailera baten modura ikusita, euskalgintzaren egitekoa litzateke herritarra animatzea eta baldintzak jartzea eskilaran gora egin dezan. Horretarako behar dugu euskalgintza jantzia eta ondo antolatua, ilusionagarria, erregistro ezberdinak erabiliko dituena xede taldeen arabera, aldi berean irmoa eta leuna izaten jakingo duena.

G: Eta bukatzeko, zein erronka dituzue epe laburrean?
M.I: Ba hausnarketan landu dugun hori eguneroko praktikan txertatzea. Egin dugun eraldaketa mentala jardueran islatzea. Mugimendu garela barneratzea eta batera jokatzeko joera areagotzea. Eta indar bateratu horretatik euskalgintzan eta jendartean eragitea haizea jar dadin euskararen alde. Kataluniako ‘castellers’ak jarri izan ditut adibide. Gutariko bakoitza gehienez ere bi metrotara iritsi daiteke. Baina bata bestearen gainean, ia zerura. Topagunea ‘castell’ bat izatea nahi genuke.

INFO + TOPAGUNEA

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: