prestaldizkaria

Zuen babesa behar dugu

In Uncategorized on Urria 30, 2012 at 11:34 am

Une zaila bizi dugu. Baita komunikabideok ere. Zerenesanik ez euskaraz eta paperean tokiko informazioa lantzen dugunok. Erakundeen konpromiso eta laguntza faltari Deustualdetik erantzun nahi diogu, herritarrei babesa eskatuz, eta Tokikom saretik, auzolanean Euskal Herri mailan lan eginez.

Murrizketa handiak izan ditu PREST! aldizkariak azken urteetan eta ondorioz ahalegin handia egin behar izan du PREST!-eko lantaldeak aurrera egiteko.

Bilboko Udalak laguntza eskasa eman izan dio PREST!-i, eta laguntza hori are eskasagoa da egun. 2010eko 4.250 euroko diru-laguntza 2.800 euroraino murriztu da aurten. Eusko Jaurlaritzak ere nabarmen murriztu du tokiko euskarazko hedabideei ematen zien laguntza. 2010eko 7.660 euroko laguntza 3.430 eurokoa izan da 2012an. Ondorioz, %35 eta %55 bitartean jaitsi da erakunde publikoek PREST!-i emandako babesa azken bi urteetan. Baina murrizketak are handiagoak izan dira, ez baitziren 2010ean hasi, arinago baizik. Beraz, oreka ekonomikoari eutsi ahal izateko azken urteotan PREST!-en aldaketa handiak eta lan eskerga egin dugu. Baita lortu ere, hein handi batean, Deustualdeko herritarrei esker. Baina, oraindik, askoz gehiago dugu egiteko, aldatzeko, hobetzeko, aurreratzeko.

Elkartuz indartu, Deustualdean eta EHan

Euskararen normalizazioan eta garapenean euskarazko hedabideok dugun funtzio soziala agerikoa da. 450.000 lagunengana iristen gara euskarazko komunikabideok.  PREST! aldizkaria, zehazki, 11.000 herritarrengana heltzen da hilero-hilero bai Deustualdean eta baita bertatik kanpo ere. Baina ez dugu esperotako erantzunik jaso. Horregatik, dei egin diegu gure instituzio, eragile sozial eta politikoei, eta baita ere herritarrei, gure eginkizunari behar duen garrantzia eman diezaioten, eta indartzen laguntzeko bidean jar daitezen; batzuk hitzarmen politika egoki baten bidez, besteek publizitatea euskarazko hedabideetan kontratuaz eta besteek kontsumo, erosketa, bazkidetza gastuetan gure produktuak lehenetsiz.

Tokikom eta Euskal Hedabideen Elkartea

Sektorean egiten ari gara bidea hedabide sare indartsu hori lortzeko, urteak daramatzagu elkarlanean eta orain sektorea egituratzeko lehen harriak jarri ditugu.

Tokikom izena 2009ko azarotik ageri da PREST! aldizkariko azalean. Eta herri ekimenetik jaiotako tokiko euskarazko hedabideak bateratzeko balio izan duen elkarteari aurtengo urrian eman diogu izaera juridikoa.

Hedabideok martxoan aurkeztu genuen sektorearen diagnostikoa eta erronka komunak biltzen dituen dokumentua. Euskarazko hedabideek hausnarketa mahai bateratua sor-tzeko eskaera egiteaz gain, eskaera zehatzak ere jarri ditugu erakundeen mahai gainean: diru-laguntza politika aldatu eta hitzarmen eredua ezar dezatela, sektorean inbertsioak eta garapena susta ditzatela eta publizitate instituzionalaren banaketan hizkuntz irizpideak pisu handiagoa izan dezatela.

Erakundeei eman diegu gure eskarien berri (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia, besteak beste); sektoreak egindako bidea txalotu eta elkarlanerako prest agertu dira. Baina erabakiak bestelakoak dira. 2012ko diru-laguntzen ebazpenak horren lekuko (euskarazko hedabide askoren iraupena zalantzan jarri du diru-laguntza banaketak, komunikabide batzuk desagertzeraino).

Beraz, ezin izan dugu hor geratu eta haratago jo dugu. Euskaraz lanean diharduten beste komunikabide batzuekin -Berria taldea, Argia, Elhuyar…- elkarlanean ari gara. Horiekin batera, hitzordu garrantzitsua dugu Donostian azaroaren 14an, orduantxe egingo baitugu Euskal Hedabideen Elkartearen eratze batzar formala.

Deustualdeko erantzuna

2010. urtea aldaketa urtea izan zen PREST! aldizkariarentzat. Erakunde publikoek diru-laguntzak ikaragarri murriztu zituztenean, herriko taldeak elkarte babesle bilakatu ziren, instituzioen euskararekiko politika okerrek eragindako kinka larria ekarpenez arinduz. Egundoko erantzuna eman zioten aldizkariari. Harrezkero, dozena bat elkartek baino gehiagok babesten dute PREST! urtero-urtero, egoera ekonomiko orokorra eta erakunde publikoen jarrera zein den ere, proiektua bideragarri egiten laguntzen.

Ahalegin horretan elkarte babesleen bul-tzada sentitu nahi dugu aurten ere, guretzat oso garrantzitsua delako. Are garrantzitsuagoa, gure komunikazio proiektua denon artean egiten jarraitu nahi dugulako. Hori dela eta, Deustualdeko elkarte, talde, kolektibo zein erakundeek PREST!-i bultzada eman diezaiokete 2012ko azken bi hileetan; nork ahal duen neurrian. Gehientsuenek eskutitz bana jasoko dute Elkarte Babesleen kanpainaren berri emanez eta, jasotzen ez dutenek, PREST! aldizkariko bulegora jo dezakete informazio bila.

Outleta eta enkantea

Duragoko Azoka aurreratu eta Deustura ekarriko dugu aurten. Durangokoa baino astebete lehenago, azaroaren 28, 29 eta 30 arratsaldez, Müllerrenean kultura produktuak salgai jarriko ditugu oso prezio merkean. Hortik outlet izena. Bai PREST! aldizkariak bai Berbaizu euskara elkarteak urteetan gorde eta pilatutako materialaren artean musika, liburu, urtekari, bilduma, gida, kamiseta eta beste hamaika bitxikeri eskuratu ahalko dira.

Ez dugu salerosketa huts izatea nahi eta horregatik kultura ekitaldiz zipriztindua izango da azoka: bertsolariak, zuzeneko musika eta jan-edana ez da faltako. Kulturara Deustualdeko kulturatik hurbiltzeko aukera izango da beraz.

Hiru eguneko ekimena artelanen enkanteak borobilduko du. Azaroaren 30eko iluntzean, ez Christie’s, ez Sotheby’s, Müllerreneako enkantea bezalakorik ez da izango. Deustualdeko artistek PREST!-i eta Berbaizuri eskuzabalki emandako piezak subastatuko ditugu, giro onean.

Herria zaintzeko kanpaina

Ez dira garai gozoak inorentzat, batez ere txiki garenontzat. Horregatik erabaki du PREST! aldizkariak Deustualdeko merkatari txikiei bere babesa azaltzea; gainera, asko eta asko gure iragarle dira. Deustualdeari bizia ematen diote merkatariek eta horregatik zaindu beharrekoak direla pentsatu dugu. Iraileko aldizkarian Modelo lanean jarri ditugu zenbait merkatari, ezohiko lanean, herriko dendetan kontsumitzera dei eginez. Urriko zenbaki honetan, berriz, Deustualdeko tabernariengana jo dugu. Beraiek ere ez dabiltza fin bezero asko galdu baitituzte azkenaldian.

Babesa jaso eta babesa ematea, hori da bidea. Elkarri laguntzea eta sarean lan egitea herria zaintzeko modua da eta une zail hauetan aurrera egitekoa.

Lur Mallea, PREST! aldizkariko zuzendaria: “Herri hedabideok herria behar dugu”

Une ekonomiko latza bizi dugun garai honetan, Deustualdeko herritarren babesa oso beharrezkotzat jotzen du.

Zelan babes dezakete Deustualdeko herritarrek PREST! aldizkaria?
Modu ugari daude babesa emateko eta nork bere neurrian lagun dezake. PREST!-eko erredakzio taldeko kide, kolaboratzaile, irakurle, informazio emaile, iragarle, kamiseta erosle edota elkarte babesle izanik lagun daiteke. PREST! aldizkaria 1999tik ari da euskaraz tokiko informazioa doan lantzen, herritik herrirako. Ez dugu une gozoa bizi, are gutxiago txiki garenok. Herri hedabideok herria behar dugu une honetan.

Zer da azaroaren 28-29-30erako antolatu duzuen outlet eta artelanen enkantea?
Aldizkariari babesa emateko beste modu bat da. Material asko pilatu du gure aldizkariak hamaika urteko ibilbidean, gehienak kulturarekin lotutakoak: liburuak, gidak, bildumak, jolasak… guzti horiekin azoka edo outleta antolatuko dugu Müllerrenean. Deustualdeko Durangoko Azoka partikularra izan nahi du eta Durangokoa baino astebete lehenago egingo dugu. Prezio merke-merkean bitxikeria asko aurkitzeko parada izango da. Gabonetako opariak erosteko, adibidez. Hiru egun horietan, arratsaldez, Müllerreneako outletean bertsolariak, zuzeneko musika eta jan-edana izango da eta, horregatik nahiko genuke Deustualdeko herritarrak bertaratzea.

Eta zein helburu du azaroaren 30eko artelanen enkanteak?
Arte arloko lagun asko egin ditu PREST!-ek. Horiek opari bana eman digute, oso pieza politak, eta guk enkantera aterako ditugu.

Elkarte Babesleen kanpaina ere laster abiaraziko duzue?
Deustualdeko elkarteen bultzada sentitu nahi dugu hirugarrenez, guretzat oso garrantzitsua baita.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: