prestaldizkaria

Elorrieta, Deustuko auzo langilearen sorrera

In Uncategorized on Urria 30, 2012 at 11:39 am

XIX. mendearen amaieran Ibaizabaleko bihurgune bortitza leundu eta ibaiari eremu zabala lehortu zioten Elorrieta aldean. Bertan industria handiak paratu zituzten eta, haiekin batera, auzo langilea sortu zen.

Elorrieta Deustuko leku bakartia izan zen mende askotan. Agirietan batez ere XVIII. mendean hasi zen agertzen, alderdi horretan Ibaizabal zeharkatzeko ontzia jarri zutenean. Deustutik Barakaldora igarotzeko zerbitzuarekin batera, etxe bi eraiki zituen Deustuko herriak, batelarien bizileku lehenengoa eta, inguru horretako ogen edo herri-lur joriak lantzeko baserria bestea.

Artean Elorrieta Sepurukoatxa edo Monte Cabras haitzaren azpiko lur zerrenda mehea zen, ibaiaren eta mendiaren artean estu-estu hartuta. Han ez zegoen kasik lekurik. Ibai ondoko sirga bidea ere ozta-ozta igarotzen zen bertatik.

Egoera zeharo aldatu zen itsasadarra kanalizatzeko lanen ondorioz. Nabigazioa errazte aldera, Elorrietan ibaiak egiten zuen bihurgune itxia leuntzea lan nagusietako bat bilakatu zen. Horretarako, Elorrietan ibaiari eremu zabala kendu eta lehortu zuten 1884 urte aldean. Horrek ekarri zuen Zorrotzako puntako lur sailak ibaiaz bestaldean, Elorrietan, gelditu zirela eta, ondorioz, Abandoko eta Deustuko udalerrien jurisdikzioak nahastu zirela. Ez luzerako, ibaiak jarraitu baitzuen herri bien arteko muga izaten.

Lursail berriak salgai atera zituen Portuko Lanen Batzordeak eta erosleek lantegiak ezartzeko baliatu zituzten. Burt Boulton & Hay konpainiak galdarategia paratu zuen. SA Española de Dinamitak ere lantegia eraiki zuen eta, urte batzuetan (1891 inguruan), Elorrietan eta Galdakaoko Zuatzun eduki zituen bere ekoizpen guneak. Tubos Forjadosek ere lantegi handia atondu zuen Elorrietan, mota guztietako hodiak fabrikatzeko. Geroago Aceros de Elorrieta enpresa sortu zen auzoan.

Ensanche de Elorrieta

Lantegi asko eta, jakina, beharginak ere ugari. Horregatik negozio-gizon batzuek aukera ikusi zuten eta ez zuten galdu nahi izan: langile horientzako auzoa sortu behar zuten. Alderdi horretako ugazaba batzuek -Hurtado de Saratxo, esate baterako- Ensanche de Elorrieta elkartea eratu zuten 1903an, 300.000 pezetarekin, eta izen bateko urbanizazioa sortzeari ekin zioten, horretarako Portu Obren Batzordeari finka bat erosita.

Proiektua ez zen osorik egin, baina urte askotan auzoaren ezaugarri izan zen Etxe Handia eraiki zuen. Haren alboan eliza txikia altxatu zuten. 1909an zabaldu zuten. Egin kontu, alderdi hartan fabrika berriak eta hurbil, Tellaetxeko baserri eta ortuak besterik ez zegoen (Aldai, Bengoetxe…). Bilbotik urrun zegoen Elorrieta, eta Deustuko udaletxea ere ez zeukan hurrean.

Hala ere, ehunka lagun, inguruko lantegietako beharginak gehien bat, bertara aldatu zen. Eta auzoa sortu zen, bere nortasunarekin, bere elkarteekin, bere bizitza propioarekin: berehala langile erakundeak antolatu ziren, geroago alderdi politikoak, kirol elkarteak (30ko hamarkadako estropadetan Elorrietako batelak lehiatzen ziren, gerra ostean Racing de Elorrieta futbol taldea ere egon zen…). Borja Sarrionandiaren ‘La II. República y la Guerra Civil en Deustu’ liburu berrian erraz antzematen da Elorrietak gerra aurreko Deustuan eduki zuen garrantzia eta sona.

Testua: H.O.

Argazkiak: Nuevo Mundo eta Actualidades aldizkariak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: