prestaldizkaria

Batirtze Maray: “Karibeko erritmoa ez da txutxu-mutxu hutsa, benetako kontua baizik”

In Uncategorized on Urria 30, 2012 at 11:26 am

23 urteko deustuarra Puerto Ricoko San Juan hirian bizi da.  Medikuntzako 6. mailan ikasle ari da UPR unibertsitatean. Bertatik eman digu Puerto Ricoko berri.

Noiztik zaude Puerto Ricon eta zer asmorekin joan zinen? Noiz arte egoteko asmoa duzu?

Urriaren 29an ailegatu nintzen, Medikuntzako 6. mailako lehen lauhilabetea egitera, klaseko beste lagun batekin. Ikasleentzako egoitzan bizi gara, elkarrekin, konpartitutako gelan, baina abenduaren 8ra arte soilik egongo gara, Euskal Herrian azterketa bi egin behar ditugulako.

Puerto Ricon non zaude, zehazki?

Puerto Ricoko hiriburua San Juan da, baina hainbat auzotan banatuta dago. Badago Viejo San Juan/Old San Juan deritzona, alde zaharra eta, beraz, politena. Gu Río Piedras auzoan gaude, bertan UPRko (Puerto Ricoko Unibertsitatea) egoitza nagusia eta ikasleen egoitza daudelako. Egia esan, auzoan ez dago ezer askorik, taberna pare batzuk baino ez, jendearen elkargune: edateko, musika zuzenean jo nahiz entzuteko, dantzatzeko, billarrean aritzeko… Neskei, dena den, beti gomendatzen digute iluntzean bakarrik ez ibiltzeko. Bestalde, bariku eta zapatu gauez San Juan zaharrean eta Condado auzoetan jai-giro bikaina dago. Condado, gainera, gune turistiko nagusia da.

Nolakoak dira puertorricarrak?

Oso jatorrak eta hiztunak dira, eta uneoro daude laguntzeko prest, hori bai, euren Karibeko erritmoan, beti ere. Ez da txutxu-mutxu soila, ez, benetan erritmo lasaia dute… beharbada lasaiegia europarrontzako. Egun batean, hondartzara  gindoazela, autobus-geltokiaren bila ari ginen, aurkitu ezinik. Emakume batek, galduta geundela ikusirik, autoa gelditu eta igotzeko esan zigun. 70 urte ingurukoa, ezkontza bat zuen handik ordu batzuetara; hala ere, hamaika kontu egin behar zituen arren, denbora hartu zuen gu hondartzara eramateko. Horrelako jendea dago hemen, bihotz onekoa.

Nolakoak dira zure ohiko egunak?

Gure egunerokoa ospitalera joatean datza, praktikak egitera. Oporrak ditugunean, ostera, uhartetik bidaiatzeko aprobetxatzen dugu, leku berriak ezagutzeko.

Zer izan da egokitzapenean gogorrena?

Zalantzarik gabe, klima, batez ere hezetasuna. Izugarria da. Kalean bustirik gaude etengabe, eta gainera bero handia egiten du. Ekaitz tropikalak oso ugariak dira eta, beraz, hezetasuna are handiagoa da. Hala ere, negua hurbildu ahala hezetasuna murriztu eta beroa mantendu egiten denez, klima zertxobait lehorragoa da. Bestalde, leku itxi guztietan aire girotua denak emanda jartzen dute, hezetasunak eta onddoak ekiditeko, eta izugarri hotz izaten naiz: orain arte, bero baino, hotz izan naiz…

Zer hizkuntza erabiltzen duzu normalean?

Kaleko hizkuntza, eta ofiziala, gaztelania da, baina espaninglish deritzona egiten dute guztiek. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako estatu libre elkartua da Puerto Rico, beraz, kultura estatubatuarra esparru gehienetan nabaritzen da. Ospitalean ere gaztelaniaz egiten duten arren, ikasleek ingelesez ikasten dute Medikutza, eta dokumentu gehienak ingelesez idazten dituzte.

Bada jatorrizko biztanlerik Puerto Ricon?

Bada, bai. Ezagunenak arawak etniako tainoak dira. Arbaso espainiar eta italiarrak dituen jende asko ere badago, eta abizen ugari espainiarrak dira (Rodríguez, Sánchez, Burgos…). Izan ere, Puerto Rico Espainiako kolonia izan zen Kristobal Kolon ailegatu ostean.

Nola bizi dute AEBekiko harreman berezi hori? Duela gitxi Obamak esan zuen nahi izanez gero independentzia emango diela…

Bi talde nagusi daude: estatubatuarrak gorroto dituztenak eta euren burua estatubatuartzat dutenak. Dena den, hemengoei galdetuz jakin dut independentzia ez dagoela Obamaren esku; nahiz eta berak independentzia eskaini, Puerto Ricoko gobernuburuek dute azken hitza, eta ematen du AEBen parte izatea komeni zaiela. Kalean ikusten dudanaren arabera, badirudi jendeak ez duela herrialdearen politika gogoko, gauza asko okertu egin direla uste baitute, eta beste asko, aldiz, konpontzeke daudela.

Testua: Adriano de Mata

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: