prestaldizkaria

Zaloa Ipiña: “Argazkietatik abiatzen naiz, serigrafiak, eskulturak eta animazioko laburrak egiteko”

In Uncategorized on Urria 29, 2012 at 7:03 pm

Argiarekin “jolasten” du Zaloa Ipiñak. Bere abiadura, mugimendua, kolorea eta espazioetara moldatzeko daukan ahalmena du ikerbide.

Gabriel Arestiri irakurritako “Argia ezta ikusten” esaldian oinarritu da bere lanean sakontzeko. Eta argia erakutsi digu hainbat euskarri eta disziplina erabiliz. Argazkietatik abiatzen da beti serigrafiak, eskulturak edota animazio film laburrak egiteko.

Artista gaztea zara eta dagoeneko gustuko duzuna egiteko bi beka eta hainbat sari eskuratzeaz gain, zure lana hainbat tokitan erakusteko aukera ere izan duzu. Pozik egoteko moduan, ezta?

Mementoz ezin nahiz kexatu! Esan duzun bezala, beka bat jaso nuen Galizian CIEC Fundazioan grabatu garaikideko master bat egiteko, eta aurten Bilbao Arteko beka daukat; artista egoilea naiz bertan. Abenduaren 5ean Bilbao Arteko ate irekiak inauguratzen da eta bertan artista bekatu guztien obrak ikusi ahal izango dira. Aurten gainera, hiru bakarkako erakusketa izan ditut: Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan, Bilboko Michel Mejuto Galerian eta orain ikus daitekeena Zarautzeko Torre Luzean. Eta taldekako erakusketa dezente izan ditut. Beraz, oraingoz ondo sentitzen naiz nire lanarekin, baina sari asko geratzen dira hor zehar gero eta hobeto sentitzeko.

Zure azken lan guztiek argia dute ardatz nagusi. Zergatik erakartzen zaitu gai horrek horrenbeste?

Alde batetik, argia, eta ez soilik artifiziala, eguzkiko argia ere beharrezkoa dugu bizi ahal izateko. Bestalde, artearen munduan, pinturan, arkitekturan… argia oinarrizko elementu bat da eta izan da urteetan zehar. Margolari inpresionistek, adibidez, argiaren momentua irudikatzen zuten; eta, tenebristen obrek itzal-argien kontraste bortitzak zituzten ezaugarri adierazgarritzat.

Zer bilatzen duzu zure lanekin?

Argiarekin jolasten hasi nintzenean, bere formak eta koloreak liluratu egin ninduten. Gogoratu nuen Gabriel Arestiren poesia batek “Argia ezta ikusten” esaten zuela. Eta hori izan zen nire lehen nahia eta ai-tzakia argiarekin lan egiteko; bere poesia kolokan jartzea. Hortik aurrera, hainbat serie egin ditut argiaren gaiari bueltak eta bueltak emanez, eta serie bakoitzan argiaren ezaugarri ezberdinak landu ditut: abiadura, mugimendua, koloreak sortzeko duen gaitasuna…  eta, esku artean dudan azkeneko seriean, espazio hutsak zein beteak okupatzeko argiak daukan gaitasuna lantzen ari naiz.

Zure helburuak betetzea lortu duzu?

Egin ditudan obrekin bai. Baina helburuak ez dira inoiz bukatzen.

Zeintzuk dira zure lanaren elementurik garrantzitsuenak?

Nire obra guztia abstraktua da, arte optikoaren edo arte zinetikoaren influentzia ikus daiteke. Orokorrean, argi ezberdinen koloreak, abstrakzioa, mugimendua… ikus daiteke, baina serien arabera elementu garrantzitsuenak hauek edo horiek izan daitezke. Azkeneko lanetan, bolumena, hiru dimentsioak, eta trasparentziak dira elementu garrantzitsuenak.

Ez zara argazkigintzara mugatu. Bideoa, grabatuak, eskulturak… zer eskaini dizute disziplina horiek?

Nire pieza guztiak teknika batekin hasten dira: argazkiarekin. Argazkietatik abiatzen naiz, serigrafiak, eskulturak edota animazioko laburrak egiteko. Teknika anitzeko artista bat naiz, unibertsitatean disziplina guzti hauekin lan egin nuen eta bertan ikasi nuen disziplina bakoitzak gauza ezberdinak eskaintzen dizkidala. Beraz, serie edo obra berri batekin hasten naizenean, disziplina bata edo bestea aukeratzen dut, eta obra asko teknika anitzekin eginda daude.

Zelako harrera izan dute zure lanek?

Orokorrean ona.

Esan dizuten gauzarik politena?

Nire obra garai honetako obra bat dela.

Eta jaso duzun kritikarik zorrotzena?

Ez dut kritika txarrik oroitzen. Seguruenik jaso ditudan kritika txarrak konstruktiboak izan dira, eta onak bilakatu ditut.

Zarautzen erakusketa bat duzu orain. Zer ikus dezake bertara hurbiltzen denak?

16 edo 17 obra ikus daitezke. Bilbao Arteko bekan egindako obrak dira ia guztiak. Lau argazki ikus daitezke, eta metakrilato eta azetatoetan egindako serigrafia eskultorikoak. Bi serie dira: argazkiena ‘Eguzki-printzak’ deitzen da, eta bestea ‘El haz de luz se expande’.

Esku artean proiektu berririk baduzu?

Esku artean ez, baina buruan bi edo hiru proiektu dauzkat.

Eta ametsik?

Amets asko ditut! Noizbait arte garaikideko feria baten, museoetan eta AEBetan nire obrak ikustea! Baina amets hauek betetzeko urte asko pasatu beharko dira eta artearen munduan jarraituko beharko dut… hori da zailena gaur egun.

Etxetik ere badatorkizu arterako interesa?

Etxean artearekiko maitasun eta sentiberatasun handia dago. Gurasoek txikitatik eraman naute galeria eta museoetara.

ARTEA ETA EMAKUMEA

Duela gutxi Alhondegian Frida Kahlo ezizena darabilen Guerrilla Girls taldeko ekintzaile batek emakumezko artistei ez dietela uzten maila batetik gora igotzen salatu zuen. Zaila da oraindik emakumeentzat artearen historian toki bat egitea?

Artearen munduan, edozein lan-munduan bezala, ez dago berdintasunik emakume eta gizonen artean. Emakume gehiagok ikasten dugu Arte Ederrak gizonezkoek baino, eta gaur egun emakume artista gehiago irtetzen gara gizonak baino, baina gizarte honetan gizonezkoen lanari, oraindik, garrantzia gehiago ematen zaio. Egia esanda, ez dut ulertzen nola artearen munduan berrikuntzen mundu bat den arren, ezberdintasun klasista hauek dauden.

Zeintzuk dira zure bidean topatu dituzun oztopoak?

Oztopo gero eta gehiago daude, baina bakarra aipatuko dut. Krisia aitzakia dela eta, Estatu Espainarrak ehuneko 70ean ebaki du kulturaren aurrekontua. Honekin dena esanda dago.

Eta laguntzarik handienak?

Nire familia eta nire mutila, dudarik gabe.

Testua: Nerea Olaziregi

Argazkiak: Humberto Bilbao

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: