prestaldizkaria

‘Izar eta Zenaida: indar magikoa’, elkartasunaren indarra

In Uncategorized on Urria 3, 2012 at 9:23 am

Eidabe Ekimen Kulturalak eta Euskadi-Cuba elkarteak ekoitzitako antzezlana da eta Pabilioi 6 aretoan estreinatu dute. Gidoia eta zuzendaritza Galder Perez deustuarrarena da. ­­

Izar eta Zenaida dira antzezlaneko protagonistak. Biak neskato gazteak dira, euskalduna bata eta kubatarra bestea. Keator maltzurrak kaosa eragin du. Mundua birrintzen ari da, dena hankaz gora dago, Iparra Hegoan eta Hegoa Iparran. Anabasaren erdian Izarrek eta Zenaidak elkar ezagutuko dute. Elkarri eskua ematen diotenean botere magikoa dutela ikusiko dute. “Lortuko dugu elkarrekin, gure eskuen boterearekin” lelo magikoa esaten dutenean, munduaren suntsitzea geratzeko gai dira, munduari kolorea itzultzeko gai, alaitasunez bizitzeko kapaz… den-dena elkartasunaren indarrari eta botereari esker.

‘Izar eta Zenaida: indar magikoa’, 5-10 urtetako haurrei zuzendutako abenturazko istorio komikoa da, eta elkartasunaren balioaz eta garrantziaz hausnartzera gonbidatzen du. Galder Perez antzezlaneko gidoilariaren eta zuzendariaren hitzetan, “hamaika ikuspuntutatik ulertutako elkartasuna da antzezlanaren ideia nagusia”. Hala, Iparraren eta Hegoaren arteko ezinbesteko laguntza eta ulermena azpimarratzen da:munduarekin asko jolasten dugu; uneoro biraka ari da eta bueltan ematen duenean, bat-batean Iparra eta Hegoa aurrez aurre daude, baina leku berean. Une horretan, aurrera egiteko irtenbide bakarra elkarri laguntzea da, bestela munduak crash  egingo du eta betiko amaituko da dena. Hor jaiotzen da elkartasuna: ni zutaz ikasi behar dut eta zuk nitaz dibertitzeko, gauzak ezagutzeko, eta boteretsuagoak sentitzeko… ze demontre!”.

Hori horrela, Izarren eta Zenaidaren errealitateak oso ezberdinak izan arren, “ahultasunak eta beldurrak” komunean dituztela argi du Galderrek: “Kokoa existitzen denaren beldurra, kokoa gauza asko dira… baina, batez ere, horri guztiari aurre egiteko indarrak batzen ditu; kokoa ez dela existitzen ‘ez iezaguzue ziririk sartu’ pentsatzeak, eta existitzen bada, aurre egin diezaioketela eta haiek kokoa jan dezaketela sinesteak. Horrez gain, hainbat neskek komunean izan ditzaketen gauzek batzen dituzte: lagunak izateko beharrak, maitatuak izateko beharrak, jolasteko beharrak, ikastekoak, dibertitzekoak, gauza berriak ezagutzeko jakingurak…”.

Antzezlan interaktiboa

Aktoreek sentsoreak jarrita daramatzate eta horrela, atzean duten pantailan euren txotxongilo interaktiboak proiektatzen dituzte. Diana Franco Social Sound Giza-Interfaze Interaktiboak enpresako KoSortzailearen esanetan, “interfaze bat eratu dugu eta bi abantaila ditu: ikus-entzunezko edukia kontrolatzen du eta txotxongilo interaktiboak integratzen ditu. Hau da, Kinect izeneko sentsoreen bidez aktoreen mugimendua irakurtzen da eta, denbora errealean, txotxongilo digitalak mugitzen dira”.

Isildutako elkartasuna kanpaina

Euskadi-Cuba elkarteak eta Eidabe Ekimen Kulturalak enpresak elkarlanean ekoitzi dute antzezlana eta Kuba, isildutako elkartasuna izeneko kanpainaren baitan kokatzen da ikuskizun hori. Kanpaina hegoaldeko herrialdeek martxan jarritako elkartasun-prozesuak ikusarazteko sortu zen. Hain zuzen, Iparra eta Hegoa ikuspegiarekin apurtzeko, eta errespetuan eta horizontaltasunean oinarritutako herrien arteko lankidetza bultzatzeko asmoz.

Hala bada, Birginia Lara Eidabe Ekimen Kulturalak enpresako koordinatzaileak azaldu digunez, Euskadi-Cubak ideia proposatu zienean, antzerkia hautatu zuten sentsibilizatzeko tresna gisa: “antzerkia herrien arteko loturak estutzeko eta umeek beste kultura batzuk era dibertigarrian ezagutarazteko bidea dela uste dugu. Munduan bakarrik ez daudela umeei ikustarazteko modua ere bada; mundua ez direla haiek bakarrik, mundua ez dela hemen bukatzen, gure muga txikiaren bestaldean mundu gehiago dagoela ikustarazteko era da, alegia”.

Testua: Amaia Ruesgas

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: