prestaldizkaria

Juan Carlos Solar: “Domina olinpikoa irabaztea, edozein kirolariren ametsa da”

In Uncategorized on Urria 2, 2012 at 4:34 pm

Londreseko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi ondoren, Deustun merezitako atsedena hartzen aurkitu dugu Espainiako Emakumezkoen Eskubaloi Selekzioko bigarren entrenatzailea. Oraindik oso gogoan ditu bizi izandako egunak, kirolari batentzat une ahaztezinak.

Zer nolako bizipena da domina olinpikoa irabaztea?

Bizitza osoko ametsa betetzea da. Partidako azkeneko minutuan urrea lortzeko ezinbesteko gola sartzea amestu izan dut beti. Nik uste dut hori dela jokalari guztiek buruan dutena. Jokalari moduan ez nuen lortu, baina orain entrenatzaile gisa ametsa egi bihurtu da.

Urte askotako lanaren emaitza izan da?

Urte asko eman ditut eskoletako patioetan umeak entrenatzen, baita helduak ere. Eskubaloiari eskaini diot bizitza osoa, eta gustoko dudalako eta izugarri asetzen nauelako egin izan dut beti, bestelako asmorik gabe. Eta hauxe dena albo batera utzi eta nire denbora osoa etxekoei eskaintzeko erabakia ia hartuta nuenean, Espainiako Emakumezkoen Eskubaloi Selekzioko bigarren entrenatzailea izateko aukera sortu zitzaidan eta begira zer lortu dugun, brontzezko domina olinpiadetan! Gainera orain dudan heldutasunak gehiago gozatu eta baloratzeko parada eman dit.

Brontzea lortzeko borroka gogorra izan zen, ezta? Bereziki azkeneko partida Hego Korearen kontra.

Tentsio handiko partida izan zen. Bizitza osoan ez dut horrelakorik bizi izan. Bi luzapen jokatu behar izan genituen, berdinduta amaitu baikenuen partida eta baita lehenengo luzapena ere. Une batez penaltietan erabaki beharko zela pentsatu genuen denok. Baina bigarren luzapenaren bigarren zatian neke eta sufrimendu handiz irabaztea lortu genuen. Londresetik bueltan etxean partida berriro ikustean konturatu naiz, unean bertan ez nintzela oso konsziente. Tentsio handiz bizi izan genuen.

Londresera domina irabazteko asmoz joan zineten ala ezustekoa izan da?

Taldekide guztiok dena emateko prest joan ginen, baina ez genion geure buruari erronka handiegirik jarri nahi, horrek zorte txarra dakarrela iruditzen baitzaigu. Beste txapelketa batzuetako esperientziak halaxe erakutsi baitigu, itxaropen handiekin joan izan garenean porrota jaso dugu. Hortaz, apalago joan eta helburua partida bakoitzean jartzea izan da gure hautua, eta egia esateko primeran joan zaigu. Egia da gure barru-barruan denok egin dugula amets, baina amets hori ondo gordeta izan dugu zorte txarra uxatzeko asmoz.

Lehenengoz parte hartu duzu Olinpiar Jokoetan?

Nik bost urte daramatzat Espainiako Emakumezkoen Eskubaloi Selekzioko entrenatzaile moduan, beraz, nire lehenengo Olinpiar Jokoak izan dira Londresekoak. Jokalariei dagokienez, bi bakarrik egon ziren duela zortzi urte Atenasen, beste guztientzat ere lehenengo aldia izan da, baita talde teknikoarentzat ere.

Nola bizi izan zenuten esperientzia?

Zoragarria izan zen. Edozein kirolarirentzat gauzarik handiena da olinpiadetara joatea. Gainera hain zaila denez Joko Olinpikoetara joateko sailkapena lortzea, hamabi herrialdek soilik parte hartzen dutelako, ba saritzat hartzen duzu aukera hori. Lehiaketaz aparte hango giroaz gozatzea itzela da.

Zer nolako giroa dago Hiri Olinpikoan?

Egia esateko ez gara olinpiadetako ekitaldi askotara joan. Ni neu, Saskibaloiko finalera joan nintzen, guk bukatu eta hurrengo egunean jokatu zelako. Eta amaiera ekitaldian ere egon nintzen, baina besterik ez. Neskek zerbait gehiago ikusi dute. Lehiatzen ez genuen egunetan igeriketa sinkronizatua, gimnasia erritmikoa eta bestelako ekitaldiren batera joan ziren. Dena dela, Hiri Olinpikoan egotea itzela da. Jende asko ikusten duzu, miresten dituzun kirolariak. Eurekin gosaltzen duzu, edota paseo bat ematera joan. Pau Gasol saskibaloi jokalariarekin bizitokia konpartitu genuen. NBAkoekin askotan koinziditu genuen Mc Donaldsean. Kirol mundukoa bazara, saltsa hori zoragarria da. Primeran pasatzen duzu. 21 egun egon ginen bertan, eta ahaztezinak izan ziren benetan.

Nola suertatu zitzaizun Espainiako Emakumezkoen Eskubaloi Selekzioko entrenatzaile izateko aukera?

Selekzioko hautatzailea Jorge Dueñas da, San Inazioko auzokidea eta betiko laguna. Batera ikasi genuen eskolan, batera jokatu eta entrenatu izan dugu. Arrate eskubaloi taldea batera entrenatu genuen, baina hura bukatu eta nire asmoa zaletasun hau uztea zen. Jorgek aldiz, entrenatzen jarraitu zuen. Zuazo emakumezkoen taldea entrenatzen hasi eta jarraian Espainiar Federaziotik deitu zioten hautatzailea izateko. Orduan mesede moduan eskatu zidan Zuazoko neskak nik entrenatzea eta bide batez Espainiako Selekzioan ere berari laguntzea. Eta horrela suertatu zen. Bost urte daramatzagu horrela eta ikusiko dugu noiz arte.

Hortaz, une honetan Espainiako Emakumezkoen Eskubaloi Selekzioan hautatzailea, bigarren entrenatzailea eta lau jokalari euskaldunak zarete? Harrobi ona al dago Euskal Herrian?

Bai, Eli Pinedo, Nely Carla Alberto, Andrea Barno eta Patricia Elorza dira une honetan selekzioan dauden jokalari euskaldunak. Tradizionalki harrobi oso ona egon da hemen. Duela urte batzuk Estatuko eskubaloiaren ardatza Levantera aldatu bazen ere, Euskal Herriko emakumezkoen artean maila ona mantendu da. Une honetan talde batzuk mailarik gorenean lehiatzen ari dira: Bidebideta, Zuazo, Kukullaga Etxebarri. Castroko taldean ere hemengo jokalari asko ari da jokatzen.

Eta noizko Euskal Herriko Eskubaloi Selekzioa Olinpiar Jokoetan?

Eskubaloia kirol olinpikoa den bitartean oso zaila izango da. Olinpikoak ez diren kiroletan lortu izan da euskal selekzioa eratzea, baina olinpikoetan zailagoa da. Mailagatik noski lehiatu ahalko litzatekeela, baina egitura aldetik pentsaezina da, Espainiako Federazioak ez lukeelako onartuko.

Eskubaloiaren egoera zein da orokorrean? Bigarren mailako kirola izatera kondenatuta dago, futbola eta saskibaloiaren azpitik?

Egoera oso txarra da. Hau hiltzera kondenatuta dago eta ziztu bizian gainera. Fitxen jaitsiera izugarria da. Goi mailako taldeetan baliabideen murrizketa itzela izan da, beraz, zer esanik ez emakumezkoen taldean. Gero eta gutxiago entrenatzen da, baliabideen faltagatik. Talde kirolak desagertzeko zorian daude, futbolaren olatu erraldoiaren pean. Eskubaloiaren kasuan, entrenatzailea ibili behar da umeen bila motibatzen eta animatzen eskubaloi taldean izena eman dezaten. Futbolaren kasuan, deitu barik heltzen zaizkie umeak. Saskibaloiak ere harrera ona lortu du neska gaztetxoen artean, eskola kirol moduan feminizatu dela esan daiteke. Eta horri esker bizirautea lortu du. Gainontzeko talde kirolak, boleibola, eskubaloia, beisbola… desagertu dira ia erabat. Eta hori penagarria da, aniztasuna kirolean ere oso aberasgarria baita.

Aurtengo Londreseko Olinpiar Jokoetan emakumezkoen kirolak oihartzun handia izan du. Aditu askok XXI. mendea emakumezkoen kirolaren garaia izango dela diote. Zuk zelan ikusten duzu hori?

Estatu mailan argi dago askoz inbertsio ekonomiko txikiagoa duela emakumezkoen kirolak, eta hala ere, aukera gehiago daude emakumeen kategorian emaitza hobeak lortzeko. Emakumeen kirolean lehiaketa garatutako herrialdeen artean soilik ematen da, ondorioz, nabarmentzeko aukera handitu egiten da. Era berean, gero eta emakume gehiagok parte hartzen dute kirolean, emakume eta gizonen arteko fitxa kopurua oraindik ere berdintasunetik urrun badago ere, zenbait kiroletan gerturatzen ari da. Emakumeen kirolak oraindik handicap handia duela uste dut. Baina gauzak astiro astiro aldatzen doaz. Garai baten emakumeak oso gaztetatik urruntzen ziren kirol mundutik, gaur egun nesken kirol bizitza gehiago luzatzen da. Horiek gauza guztiek eragina dute beraz, emakumeen kirolaren gorakadan. Dena dela, ezberdintasun ekonomikoak bereziki oraindik oso nabariak eta larriak dira.

Zuek, emakumezkoen talde bateko entrenatzaile moduan zelan bizi duzue diskriminazio hori?

Oso txarto. Gure federazioan oso tratu lazgarria eman zaio emakumezkoen taldeari. Gizonezkoen taldean, krisiaren aitzakipean, murrizketa ekonomikoak egon dira bai, baina gure kasuan askoz ere gogorragoak izan dira. Londreseko olinpiadetan lehiatutako 16 nesketatik 13k beste herrialde batzuetara alde egin behar izan dute profesionalki jokatzen jarraitu ahal izateko. 3 besterik ez dira gelditu estatuko ligan. Iaz aldiz, 16 horietatik 3 besterik ez zeuden kanpoan. Aurtengo estatuko ligan, Bidebidetako neskak kenduta, beste jokalari guztiak amateurrak dira, ezin dira profesionalki horretara dedikatu. Azken 14-15 urteetan emakumezkoen eskubaloian aurreratu zena, urtebeten galdu egin da. Beraz, panorama nahiko beltza da.

Londreseko brontzezko domina eta gero, zein da hurrengo erronka?

Azken lau urteetan egin dugun ziklo olinpikoa oso ona izan da. Pekingo Olinpiar Jokoak eta gero, lehenengo urtean Europako Txapelketa izan zen eta zilarra lortu genuen. Hurrengo urtean, Txinako mundialean laugarren gelditu ginen. Horren ondoren, Dinamarka-Noruegako europarrean porrota jaso genuen, hamaikagarren postua. 2011ko abenduan Brasilgo mundialean brontzea lortu genuen, eta aurten Londresen berriro brontzea. Beraz, orain gure hurrengo erronka Abenduan Serbian ospatuko den Europako Lehiaketa da. Taldea apur bat egokitu beharko dugu, eta ea maila bera mantentzea lortzen dugun.

SAKONEAN

Nolakoak izan ziren zure hastapenak eskubaloiaren munduan?

Ni La Sallen hasi nintzen eskubaloian jolasten. Nire familia saskibaloi mundutik zetorren, baina urte baten saskibaloi talderik ez zen sortu La Sallen, eskubaloikoa aldiz bai, eta bertan eman nuen izena. Hamaika urterekin hasi, eta oraindik jarraitzen dut horretan. La Salleko taldean lehenengo mailan jokatu nuen urte batzuetan, baina La Salle lehenengo mailatik jaistean, nik 20 urte nituela, Klaretianos-Askartzara pasatu nintzen. Han urte asko ibili nintzen jokatzen. Betidanik ibili izan naiz entrenatzaile moduan. La Sallen jokalari moduan nenbilela, mutil gaztetxoagoak entrenatzen nituen, beraz, Deustuko belaunaldi asko entrenatutakoa naiz. Askartzan ere jarraitu nuen entrenatzaile moduan, ondoren Eskolapioetan hasi nintzen entrenatzaile lanetan. Eta horrela 36 urtez. Inoiz ez diot entrenatzeari utzi, eta beti zaletasun moduan Asobalen egondako hiru urteak izan ezik.

Nolakoa da entrenatzaile baten bizimodua?

Orain selekzioko entrenatzaile moduan, lan asko internet bidez egiten dut. Nesken jarraipena egin behar dut liga ezberdinak ikusiz. Serbia, Eslovenia, Alemania, Dinamarka eta Frantziako ligak bereziki jarraitu behar ditut, eta hemengoa nola ez. Ia astebururo partidak ikustera joaten naiz. Lehiaketak hurbiltzen direnean elkartu egiten gara eta entrenatzen hasi. Normalean Pinton, Madril ondoan elkartzen gara, baina adibidez urrian Serbian jokatuko dugun txapelketa prestatzeko Serbian bertan elkartuko gara lehenengoz, lehiatzen hasi baino egun gutxi batzuk arinago.

Denbora asko egiten duzu etxetik kanpo?

Urte olinpikoan ehun egun egin ditut etxetik kanpo. Eskerrak nire lanak malgutasun handia ematen didan, eta horri esker lana eta zaletasuna konpatibilizatu ditzaket.

Nolakoa da eskubaloiaren egoera Deustun?

Garai hobeak izan dira zalantza barik. Une honetan La Sallen bakarrik mantentzen da eskubaloia, hiru talde hain zuzen ere. Bi talde kadetenak, eta nesken alevin taldea. Oso ume gutxirekin osatuta daude taldeok, jokalari bat gaixotuz gero akabo. Garai baten, Deustu, Salesianos eta La Salle egon ziren. Nahiko maila oneko taldeak izan ziren, deustuar belaunaldi asko ibili ziren bertan, baina gaur egun egoera oso txarra da, eta etorkizuna zinez iluna da. Deustun hiru urte barru ez da eskubaloirik egongo.

Zein amets bete nahiko zenukeen kirolaren profesional moduan?

Espero baino amets gehiago bete izan ditut kirolari moduan, beharbada Bizkaiko goi mailako talde bat entrenatzea gustatuko litzaidake. Baina agian ametsik politena eskoletan eta kaleetan umeak eskubaloira jolasten ikustea litzateke.

Testua: Olatz Arregi

Argazkia: J. Garcia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: