prestaldizkaria

Sebas Irazokiren hausnarketa Deiadar mobilizazioaren gainean

In Uncategorized on martxoa 30, 2012 at 10:07 am

EHEko kide Sebas Irazokik heldu den martxoaren 31ko Deiadar mobilizazioaren harira helarazi digun iritzi artikulua duzue hauxe. Euskaldunentzat hitzordua Baionan da larunbat honetan (martxoak 31), 17:00ean, Xaho kaian.

Euskararendako lege geriza

Azken aldian sarritan entzuten ari gira Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan euskararendako lege gerizaren beharra azpimarratzen duten erranak. Asko eta askotarikoak dira egun hauetan euskararendako lege babesaz ari diren ahotsak. Hala ere, berdinaz ari ote gira guztiok hitz horiek erabiltzean?

Gipuzkoa eta Nafarroaren ekialdeko mugen bertzalde honetan askotan aipatu izan zaigu, adibide gisan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eredua. Bertan euskara ofiziala da, omen. Bertan bada lege geriza. Nafarroan ere hala omen da, okerragoa bada ere. Baina, Madrilen egindako legeak euskaraz bizitzeko eskubiderik ez du bermatzen ez han eta ez hemen. Inposatzen diguten muga pasatzean ere bai, euskaldunok, bigarren mailako herritarrak gara.

Inolako lege babesik ez dagoen guneetako euskal herritarrok segidan sinatuko genuke orain gauden egoeratik horrelako batera pasatzeko. Hala ere, zatiketaren ondorioz pairatzen ditugun lege guztien oinarrian gaztelaniaren eta frantsesaren nagusitasuna mantentzea dago; euskararen eta euskaldunon menpekotasuna betikotzea; asimilazioa iraunkortzea, bi erdarak lehenetsiz. Horren aitzinean, euskaldunon bazterketarekin bukatzeko lege geriza, lege babesa, ofizialtasuna behar dugu. Hori aldarrikatzea dagokigu gutienez, eta horixe egingo du martxoaren 31an. Ez dakigu Deiadarraren manifestaziora joango diren Frantxua Maitia eta bertze estatu Frantseseko ordezkariek holakorik aldarrikatu dutenez. Ez dugu uste.

Estatu frantsesak eta bere ordezkariek euskara eta estatu frantsesean existitzen diren hizkuntzekiko duten mespretxua aski ezaguna dugu denok. Frantsesek erraten duten gisara, “eskualdeko hizkuntzendako” egin behar zuten legea eta Konstituzoaren 75-1. artikulua, mespretxu horren adibide onenak dira. Hau da euskararen onarpenari buruz lortutakoa: “Eskualdeetako hizkuntzak Frantziako ondare dira”.

Euskara, gaztelaniaren  eranskin gisa erabiltzen da, konstituzio espainolaren 3.artikuluak dion bezala: “1: Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta berau erabiltzeko eskubidea dute. 2: Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan haien Estatutuei dagozkien eran”.

Herri euskaldunaren bidean, beraz, konstituzio frantses eta espainolak dira sasi nagusiak. Eta ezinbesteko jauzia da inposizio horiekin bukatuko lukeen ofizialtasuna lortzea. Ofizialtasun horrek Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela jasoko luke. Euskara lehentasunezko hizkuntza, berezkoa eta ezagutu beharrekoa dela ezarriko luke. Egun, estatu frantses eta espainolaren menpe gareino, gure hizkuntza menpeko hizkuntza da, euskararen “aldeko” legeak menpeko legeak dira eta euskarari estatus egokirik ez diogu bermatzen ahal.

Horren aurrean, guk, euskaldunok, gure geroaz erabakitzeko eskubidea dugun heinean, gure hizkuntzaren geroaz, erabileraz eta egituraketaz bertatik bertara erabakitzeko eta  plantan emateko eskubidea dugula aldarrikatu behar dugu. Frantsesek Frantzian eta espainolek Espainian egiten duten gisa berean.

Aldaketa hauek eman bitartean, ordea, euskaldunok badakigu ezin dugula mugitu gabe gelditu. Urte luzeetan egin dugun bezala, auzolanean tinko segitu behar dugu euskararentzat leku berriak irabazten, zonalde euskaldunak sortzen eta mantentzen, euskarari esparru guztietan lehentasuna emanez, erdarekiko dugun sumisio jokabidea aldatzen, herri euskalduna gaurdanik eraikiz.

Euskarak, Euskal Herriak eta euskaldunok ofizialtasuna behar dugu. Garaiak aitzina doaz, gure aldarrikapenak ere. Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea behar dugu.

Deia luzatu nahi diegu hemendik euskaltzale guztiei heldu den larunbateko Deiadar mobilizazioan parte har dezaten.

Sebas Irazoki, EHEko kidea

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: