prestaldizkaria

Rosa Gil: “Emausen erlijio eta iritzi politiko ezberdinetako jendea biltzen da”

In Uncategorized on martxoa 30, 2012 at 10:21 am

Hondakinak jaso eta berrerabiltzeaz ezagutzen ditugu Emauseko Traperoak, baina beraien lana haratago doa. Besteak beste, lan merkatuan sartzeko arazoak dituzten pertsonei lanpostu bat izateko aukera ematen diete. Rosa Gil Emaus Bilbo kooperatibaren lehendakaria da eta Sabino Arana kalean duten saltokian bere eginkizunen nondik norakoak azaldu dizkigu.

Mundu guztiak ezagutzen ditu Emauseko Traperoak, baina izen horren atzean dagoenaren inguruan ezjakintasun handia dago. Zer da Emaus Bilbo kooperatiba?
Pobreziak sortzen dituen arrazoien eta pobrezia beraren aurka borrokatzen duen talde bat. Kooperatiba izaera ematea erabaki zen, filosofia horrekin bat egiten dugulako. Gizartean integratzeko arazoak dituzten pertsonekin aritzen gara lan arloan irtenbideak eskainiz. Asko dira lan merkatuan murgiltzeko eragozpen handiak dituztenak eta horrek sufrimendu handia sortarazten du. Guk horren kontra borrokatzen dugu.

Eta zertan datza borroka hori?
Kalean hondakinak bildu eta birziklatu egiten ditugulako ezagutzen gaituzte, baina egitasmo gehiago kudeatzen ditugu. Gizarteratze enpresak, formazio programak edota lan aurretiko tailerrak, esate baterako. Alde batetik, tresna eta material ugari jaso, sailkatu eta saldu egiten ditugu. Bilbon hiru saltoki ditugu. Bestetik, garbiketa eta mugikortasun jasangarrirako ekimenak –bizikleten mailegua batez ere– antolatzen ditugu hainbat udalerritan. Eta oso garrantzitsuak dira gure formazio tailerrak ere. Berauetan, jendeak lanerako konpetentzia eta abilezia hartzeko aukera izaten du.

Nolakoak dira zuekin lan egitera hurbiltzen diren pertsona horiek?
Orokorrean, aukera gutxi dituzten pertsonak dira, etorkinak batez ere. Hemen sare sozialik ez dutenak. Laguntzarik gabeko ama ezkongabeak ere badaude, harrera zentroetatik datozen gazteak, kartzelan egondakoak… Gizartean baztertuta daudenekin egiten dugu lan eta sarritan pentsatzen denaren kontra, bazterketak ez du zertan drogekin edota buruko gaixotasunekin lotuta egon behar.

Eta zuekin egon eta gero, zerekin egiten dute topo?
Errealitate gordinarekin. Gure funtzioa pertsona horiek lan bat topatzea eta autonomoak izatea da. Azken hiru edo lau urteetan, oso emaitza onak izan ditugu, baina orain zailagoa da. Hala ere %40-50ak lana topatzen du. Enpresa ezberdinekin egiten dugu lan, hitzarmenak ditugu, baina egia esateko, gero eta zailagoa da.

Sei urte daramazu Emausen, zelan sartu zinen mundu horretan?
Sei urte daramat hemen. Une honetan, 41 langile eta 35 kooperatibista gara. Gizarte hezkuntza ikasten ari nintzen eta Elkar izeneko kooperatiba batean egiten nuen lan. Elkar Emausen sartu zen eta ni berarekin. Egia esateko, hasieran sekta itxura hartu nion.

Ez nintzen ausartzen galdetzera, baina badira kutsu erlijioso batekin lotzen zaituztetenak.
Bai, hala da. Jendeak argi du zer egiten dugun, baina gure jatorria eta finantzatzeko bideen inguruan zalantzak ditu. Badira kutsu erlijiosoa duten bigarren eskuko gauzak saltzen dituzten elkarteak eta nahasten gaituzte. Emausen erlijio eta iritzi politiko ezberdinetako jendea biltzen da. Egia da, izena biblikoa dela eta sortzailea apaiza bat izan zela, baina bilakaera handia izan du.

Zure lanetik zer da gehien gustuko duzuna?
Egunero zerbait ikasteko aukera ematen didala. Gurekin lan egiten dutenek oso talde anitza osatzen dute. Jatorri, kultura eta esperientzia erabat ezberdinetako pertsonak dira eta horrek asko aberasten nau. Munduko ikuspegi errealagoa erakusten dit.

Eta gutxien?
Oso mugatuta gaudela. Ez gara gugana hurbiltzen diren guztiengana heltzen eta beti ez dira gure helburuak betetzeko egoerarik onenak suertatzen. Gaur egun lana izatea gero eta zailagoa da denontzat, lan merkatua oso konpetitiboa da eta momentuz enpresariek nahiko itxita dituzte ateak oztopoak gainditzen saiatzen direnentzat. Sarritan, kristoren ahalegina egin eta gero horma berarekin egiten dute topo. Bestaldetik, gizarte laguntzaren bat jasotzen dutenek pairatzen duten kriminalizazioa arazo larria da.

Erronka handiak dituzue. Baduzue laguntzarik?
Eusko Jaurlaritza, Europako Gizarte Fondoak eta BBK bezalako erakunde pribatuek diruz laguntzen gaituzte. Bestaldetik, Lanbidek gizarteratzeko enpresak sortu eta martxan jartzeko laguntzak eskaintzen ditu.

Emaus komunitateen nazioarteko kongresua Angelun egingo da aurten. Bertan parte hartuko duzue?
Parte hartuko dugu Nazioarteko Emauseko kideak garelako eta gure botoa eramango dugu, baina ez gara zuzenean bertan egongo. Kongresuan, gaur egungo munduan Emausek betetzen duen paperaz arituko dira. Ea egoera zail honetan alternatiba bat den galderari erantzungo diote bertaratzen direnek.

Eta zuk zer uste duzu? Zein da Emausen etorkizuna?
Hobeto edo okerrago, baliabide gehiago edo gutxiagorekin, lanean segituko dugu etorkizunean ere. Emausen izateko arrazoia hortxe dago oraindik. Ezberdintasunak gero eta handiagoak izaten segitzen dute eta badirudi jasanezina den sistema ekonomikoa mantentzearen aldeko borondatea dagoela oraindik ere.

Zertan eragiten dizue krisiak?
Gurekin lan egiten dutenen taldea handitu eta beraien erruduntasun sentimendua areagotu egin du krisiak. Eraikuntza bezalako sektoreak jaitsi egin direnez, badira pertsonak bizitza osoa horretan eman dutenak eta orain bestelako prestakuntzarik gabe kale gorrian daudenak eta gugana jo dutenak. Administrazioengandik ere murrizketak pairatu ditugu.

Bezero gehiago dituzue orain?
Egia esateko ez dugu aldaketarik nabaritu.  Saltzeko material gutxiago dugu, hori bai, jendeak gauza gutxiago botatzen du eta hori behintzat ez da txarra.

Gizarte indibidualistago edo solidarioago baterantz goaz?
Nire inguruan behintzat elkartasun handiagoa ikusten ari naiz. Kooperatiban ere hori nabaritzen da eta langileen artean zer esanik ez. Hemen ez dugu ordutegi edo egutegiarekin arazorik, benetan, harrigarria da langileen artean dagoen giroa. Pobreziak edo aukeren faltak ez zaitu zitalagoa egiten, kontrakoa baizik. Krisietatik asko ikasten dela uste dut.

 

Testua: Nerea Olaziregi

Argazki gehiago hemen

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: